Eider Gabilondo

"Gehiena Altsasun grabatzen ari gara"

Guaixe 2020ko urr. 21a, 10:05

Altsasu telesaila grabatzen. BALEUKO

Baleuko ekoiztetxeko lantaldeak lau aste egin ditu Altsasun. ETBren eta TV3 kateen enkarguz Altsasuko auziari buruzko lau ataleko telesaila grabatzen ari dira. Eider Gabilondo telesaileko ekoizpen zuzendaria da. Orain arteko lanarekin "pozik" daude. 

Fikziozko lana 2016ko lastailaren 15ean hasi eta zigorra ekarri zuen epaiarekin bukatzen da. Egituran auzibidea pertsonen sentimendu eta erlazioak gurutzatzen dira. Gidoia Harkaitz Canok, Mikel Alvarezek, Andoni de Carlosek eta Asier Urbietak (zuzendaria) idatzi dute. 

Aktore taldea 30 antzezlek baino gehiagok osatzen dute. Auzipetuen papera jokatuko dute Erik Probanzak, Nikola Zalduegik, Aia Krusek, Asier Oruesagastik, Julen Jimenezek, Xabier Elizaldek, Ander Azurmendik eta Jon Olivaresek. Itziar Atienzak, bestalde, gazteen abokatua izanen da pantailan. Jose Ramon Soroiz, Miren Gojenola eta Jose Ramon Argoitia aktoreak ere ikusiko ditugu telesailean. Guardia civilen pertsonaiak Cristian Merchanek eta Jorge Monjek jokatuko dituzte, eta haietako baten bikotekidearena eginen du Yasima Drisik.

Zer moduz joan da orain arte grabazioa?
Oso ongi doa. Orain arte grabatu dugunarekin oso pozik gaude eta itxura ederra dauka telesailak. Egia da euriarekin zailtasunak izan ditugula. Ez baita erraza bost asteko grabaketa zeruari begira antolatzea. Baina ohituta gaude. Badakigu hemen hori gertatu daitekeela. Mila aldaketa egin ditugu dena ateratzeko, baina aurrera goaz. 

Zenbat egun daramazue Altsasun? 
Hau laugarren astea da. Egun batzuetan Oiartzunen eta Iruñean egon gara. Hurrengo astean Bergaran grabatuko dugu hirugarren atala. Baina gehiena Altsasun grabatzen ari gara. 

Lau atal dira, zenbat grabatu dituzue?
Momentuz ez dugu atal oso bat bera bukatu. Guk ez dugu kronologikoki grabatzen. Sekuentziak nahasten dira. Zeren faktore asko kontuan hartu behar dira: lokalizazioak, aktoreak… Beraz, egun berean lau ataletako sekuentziak graba ditzakegu. 

Altsasuarren harrera nolakoa izan da? 
Altsasun, hasieratik, ate guztiak ireki dizkigute. Asko-asko lagundu digu herriak. Gogoratzen naiz, hasieran, gure asmoa zela Donostian eta inguruan grabatzea gehiena. Baina ikusita zer nolako erantzuna izan genuen herriaren aldetik, planteamendua aldatu eta kasik guztia Altsasun grabatzen ari gara. Talde osoa Altsasun bizitzen dago. Hau da, 50 pertsona daude hor bost astez. Talde teknikoa eta aktore asko aterpean daude. 


Inauteriak grabatzen. EITB

Telesailagatik PPk ETBri “zigortutako kriminalak txuritzea” leporatu dio.
Politikoki ez dut ezer esatekorik. Nire ardura telesailaren produkzioan dago. Eta esparru honetan ez dut informaziorik. Gure lana telesail hau ateratzea da. Eta, egia esan, inguruan gertatzen denari ezin diogu denborarik eman. 

Herrian non grabatu duzue? 
Herri osoan: aterpean, Lezea eta Haritza tabernetan, kale askotan, hainbat plazatan, Dantzalekun, hilerrian… Bai, Altsasu oso ondo ezagutzen ari gara. Gainera, Oiartzunen, Iruñean eta Segoviako kartzela zaharrean grabatu dugu ere. 


Kartzelaren eszena. BALEUKO

ETBk noiz emanen du?
Azken astea falta da. Paraleloan muntatzea egiten ari da. Grabaketa bukatu eta gero muntaia despeditu behar dugu, audio nahasketak, irudiaren kolorea egin, musika… Oraindik lan handia falta da. Lan asko dago atean eta jende asko. Korrika ibili behar gara zeren abenduaren 7an mustuko da ETB1n.