Lau urte luzeren ondoren Altsasuko auzia salatzeko eta presoen askatasuna aldarrikatzeko kontzentrazioak egiteari utziko diote Altsasu Gurasoak taldeak eta Altsasukoak Aske herri plataformak. 2016ko azaroaren 14an atxilotu zituztenetik abenduaren 20ra arte egunero egin ziren kontzentrazioak udaletxe parean, 37 egun segidan. Eta 2016ko abenduaren 23tik ostiralero egin dira kontzentrazioak, hasieran 19:00etan eta ondoren 20:00etan. Pandemiagatik aurtengo martxoaren 13tik maiatzaren 29ra arte ez zen bilkurarik egin. Beraz, abenduaren 11ko kontzentrazioarekin ostiraletako 196 elkarretaratze izanen dira, guztiak ere auzia salatzeko eta presoen askatasuna aldarrikatzeko.
Eta bukaera emateko ohiko ordu erdiko kontzentrazioa eginen da. Udaletxe parean bideo proiekzioa eginen dute gurasoek eta plataformak. Eta ostiraletako kontzentrazioei akabera emateko talde argazkia eginen dute. Hangoak despedituta, ekitaldiak Foru plazan izanen dute segida. Gauari Flores ahizpek doinua jarriko diote. Eta beraiek kantuan dauden bitartean kioskoaren ondoko etxean dauden Adur, Jokin eta Oihanen irudiak pinturaz estaliko dira. Margolari lan horretan altsasuarrak aritzea nahi dute bai gurasoek bai plataformako kideek.
Auzipetuen egoera
Ostiraleko kontzentrazioak egiteari utziko zaio Jonan eta Julen kartzelatik lanera eta ikastera atera eta kartzelara lotara bueltatzen hasi zirelako herenegun. Biek, Aratzek eta Iñakik zigorpean 954 egun egin dituzte. Biak abenduaren 20tik 3. graduan daude, Altsasun, kontrol telematikoarekin. Aratzek 2022ko garagarrilean bukatuko du zigorra betetzeaz eta Iñakik 2021eko lastailean.
Adurrek, Jokinek eta Oihanek, berriz, 1.488 egun egin dituzte zigorpean. Hiruak garilaren 4tik 3. graduan daude. Pandemiagatik irailaren 8an pultsera telematikoa jarri zieten eta ordutik herrian daude. Zigorra betetzeaz 2024 urtearen erdialdean bukatuko dute.
Auzipetuen artean ere Ainara zegoen, urte eta erdiko espetxe zigorra jaso zuen baina ez zuen kartzelara sartu behar izan. Hala ere, hainbat kontrol neurri bete behar izan ditu. Zigorra etenda du eta 2024an baliorik gabe geldituko da. Bestalde, auzipetutako adingabekoari urte bateko tutoretzapeko askatasun zigorra ezarri zioten. Herrian dago eta ezarritako zigorra betetzez ilbeltzean bukatuko du.