Altsasuko auzia salatzeko kantu berria

Guaixe 2020ko abe. 17a, 15:10

Altsasuko auziagatik ostiralero egiten ziren kontzentrazioak bertan behera uztea erabaki zuten deitzaileek. Azken ostiralean Jesus Aiesa kantariak eta Koldo Pastor gitarra joleak kanta mustu zuten Foru plazan: 'Lizar hostoz Altsasu'. Hitzak Rafa Blanco Arberenak dira.

Urbasapean Altzaniondo
Burundan dotore zaude
tren oihartzuna urrun adarrots,
laia, txirrika, otalur-bazter
txanbolin dantzan Mainamikirri,
basoan badago, badago  siets.


Altsasu giltzapean
gazteak dituzu,
mendeku zital beltza
toga mozorrotu,
Oinaze larri hauxe
geroan akuilu
gaur jasaile zarena
bihar hatsa biztu.

Otordu eta ostatu zintzo,
egutera, hits langarra
beti ausarta sasi  gainetik
ardoz da asegarri zilarra
herri maitea, oparo luza
ezazu, ezazu zain hariztarra


Altsasu giltzapean
gazteak dituzu,
mendeku zital beltza
toga mozorrotu
Oinaze larri hauxe
geroan akuilu
gaur jasaile zarena
bihar hatsa biztu.