Altsasuko auziak aurrera jarraitzen du, kontzentrazioek ez

Guaixe 2020ko abe. 15a, 09:34

Azken kontzentrazioaren akaberan talde argazkia egin zuten.

Aske ez badaude ere, auzipetu guztiak modu batera edo bestera kalean daudenez, Altsasuko auzia salatzeko eta presoen askatasuna aldarrikatzeko ostiraletako kontzentrazioak bertan behera gelditu dira. Auzipetuek eta altsasuarrek Adur, Jokin eta Oihanen Foru plazako irudiak ostiralean ezabatu zituzten. 

Altsasukoak aske pankarta ez da udaletxe parean zabalduko ostiral honetan. 49 hilabete edo 196 ostiralen ondoren ez da auziaren salaketa publikorik eginen aste honetan. Auzipetuen gurasoek aurreko ostiralean esan zutenez, udaletxeko bilkuretan “berriak, kezkak, elkartasuna… partekatu ditugu. Eta hamaika lekutatik etorritako ehunka lagun eta kide hartu ditugu, bereziki kataluniarrak, gure salaketa haiek jasaten ari diren egoerarekin batera zabaldu dutenak”. 

Azken bilkuran Altsasu Gurasoak taldekoek esan zutenez, “murrizketekin, baina gure helburua bete dugula esan dezakegu: ez daude aske, baina kalean daude”. Eta aldarrikatu dute “injustiziak arintzeko mobilizazioa beharrezkoa” dela, “gu horren adibide garbia gara. Kolpe latza eman ziguten baina zuen laguntzarekin egoerari aurre egin diogu”. 

Altsasu Gurasoak taldekoek nabarmendu zutenez, haiek udaletxe pareko plaza utzi egiten dutela, “toki hau beste injustizia batzuen salaketen lekuko izan dadin”. Gaztigatu zutenez, “aldarrikapen kontaezinak daude. Hortaz, hemendik aurrera injustiziak salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan elkar ikustea espero dugu”. 

Auzipetuak 
Azken bilkuran ohiko pankartaz aparte, “elkartasunak balio duelako, mila esker” zioen beste bat ere egon zen. Bederatzi auzipetuek eutsi zioten pankarta harri. Akaberan aitortu zutenez, kontzentrazioetan parte hartzen zutenei bezala, haiei ere “galdera jario etengabeko hilabeteak” izan zituztela. Bata bestearen atzetik zetozen eta erantzuna bilatzea ezinezko zitzaizkigun, zitzaizkizuen”. Garai hartan “amorrua, maitasuna, tristura, ezinegona…” sentitu zituztela esan zuten auzipetuek. 

Gaineratu zutenez, “lau urteren ondoren, erantzunak iristen hasi dira, pixkanaka, baina badatoz”. Hala ere, bederatziek uste dute badaudela “inoiz argituko ez diren erantzunak, baina badatoz”. Galderekin erantzunak eta “borrokarekin emaitzak”. Haiei babesa azaldu dien mugimendu zabalaz zera esan zuten auzipetuek: “ingurura begiratzean elkartasuna, kemena, indarra, maitasuna, konpromisoa, duintasuna eta, batez ere, harrotasuna ikusten da. Horri esker gaude hemen”. Horregatik, esan zuten: “beti egonen gara zuekin zorretan, mila esker, bihotz bihotzez”.