Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta Guardia Civilak Altsasuko auziko atxiloketak 2016ko azaroaren 14an egin zituen, duela 1.500 egun. Hasierako terrorismo salaketa bertan behera gelditu zen 2018ko garagarrilaren 7ko epaian, baina hainbat delitu egotzita kartzela zigorra jaso zuten zortzi auzipetuek. Ordurako kartzela egun ugari zituzten pilatuta. Gaur egun bigarren graduan preso segitzen dute Jonanek eta Julenek. Espetxe araudiaren 100.2 artikuluko malgutasun printzipioagatik hilaren 2tik kartzelatik ikastera eta lanera atera daitezke biak, baina egunero Zaballako kartzelara bueltatu behar dute lotara, eta asteburua preso ematen dute. Biek gaur 966 egun egin dituzte zigorpean.
Egun kopuru bera egin dute zigorpean Aratzek eta Iñakik, baina beraiek hirugarren graduan daude abenduaren 20tik, kontrol telematikoarekin. Biek kartzelan 588 egun ziren preso eta, hurrenez hurren, zigorra 2022ko garilean eta 2021eko lastailean beteko dituzte. Aratz, Iñaki, Jonan eta Julen Altsasuko auziagatik bitan atxilotu zituzten: aurreneko sarekadan lehenik (32 egun egin zituzten preso) eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren lehen epaia eman ondoren, 2018ko garagarrilaren 5ko sarekadan.
Kartzelan preso egin duten auzipetuak dira Adur, Jokin eta Oihan, 1.326. Garilaren 3an eman zieten hirugarren gradua eta kontrol telematikoarekin daude kalean. Zigorra betetzeaz 2024ko maiatzean bukatuko dute. Kartzelan sartu beharrik ez zuen izan Ainarari, berriz, ilbeltza akaberan kendu zioten epaitegira sinatzera joateko beharra eta atzerrira bidaiatu dezake ordutik. Azkenik, Espainiako Auzitegi Nazionalean Altsasuko auziagatik adin txikiko bat epaitu zuten ilbeltzaren 13an. Epaia 15 bat egun ondoren eman zuten eta urte bateko zigorra jarri zioten. Adin txikikoa kalean dago eta ilbeltzaren 26an beteko du zigorra.