Iñaki Mugika Izagirre

“Dakarra beste mundu bat dela diote; esperientzia bizitzeko irrikan nago”

Maider Betelu Ganboa 2020ko abe. 29a, 14:00

Iñaki Mugika, Club Aventura Touareg taldeko asistentzia bat egiten.

Club Aventura Touareg taldeko pilotuen mekanikarietako bat izango da Iñaki Mugika altsasuarra ilbeltzaren 3an Saudi Arabiako Jeddahen abiatuko den Dakar 2021ean. Munduko rally garrantzitsuenean murgiltzeko ilusio handia du

 

Iñaki Mugika Izagirrek motorra darama zainetan. Osaba motorzalea du eta berarekin hasi zen mundu honetan, txikitan. “Osaba motorrarekin ateratzen zenean nik bere atzetik joan nahi nuen plastikozko nire motor txikian” gogoratzen du. Motorra da bere pasioa eta bere ogibidea, M-86 motor tailerra kudeatzen baitu Altsasun. Ilbeltzaren 3an hasiko den Dakar 2021era joango da Club Aventura Touareg taldeko mekanikari, eta esperientzia bizitzeko irrikan dago. 


ALTSASUKO M-86 MOTO TAILERRA
M-86 motor tailerra duzu Altsasun. Nondik dator izena?
Mugika dut abizena eta Mugi izenarekin ezagutzen naute, hortik M. Eta 86, jaio nintzen urtea da; motor lasterketetan aritzen naizenean beti dortsal zenbaki horrekin aritzen naiz. Horregatik jarri nion M-86 izena moto tailerrari. Mekanikaria izan naiz beti. Hasieran Altsasuko kamioi tailer batean aritu nintzen, eta ondoren Tuteran ibili nintzen motor tailer batean. Nire kabuz hastea erabaki nuen eta 2016ko abenduan zabaldu nuen motor tailerra. 

Sakanan badago motor tailer bat zabaltzeko adina merkaturik?
Hasieran ez nuen uste horrenbesteko merkatua egongo zenik, baina harrituta nago. Geroz eta bezero gehiago ditut. Bezeroak sakandarrak, arabarrak eta gipuzkoarrak dira, baita bizkaitar batzuk ere. Motorzaleak pixka bat arraroak gara, motorra gure seme-alaba bezalakoa da guretzat. Autoa toki batetik bestera joateko erreminta da, baina motorra zure motorra da. Maitasuna dago tartean, beste harreman bat. Horregatik nahiago izaten dugu motorrak soilik motorrak konpontzen dituzten tailerrera eramatea. 

Denetariko motor probetan aritu izan zara: motokrosean, enduroan, abiadura lasterketaren batean... eta horretaz gain lagun koadrilarekin errepide irteerak egiten dituzu.
Bai, nik motor guztiak ditut gustuko. Hasieran bakarrik motokrosean aritzen nintzen, baina urteekin endurora pasa nintzen. Eta, orain, denetik pixka bat. Abiaduran ere aritu izan naiz. Etorkizunean ikusiko da. Lan asko dut, eta kosta egiten zait entrenatzeko denbora ateratzea. 

Pilotu ona izan zara?
Beno, pilotillo… (kar, kar). 2012an Nafarroako Enduro Txapelketa irabazi nuen eta Nafarroako Motokros Txapelketan bigarren sailkatu nintzen. Gogoan dut ere Bartzelonako Enduro Jaialdiko “La trialera diabólica” izeneko proban 11. postuan sailkatu nintzela eta postu horri esker hurrengo egunean Palau Sant Jordin enduroko munduko txapeldunekin aritzeko aukera izan nuela. Sekulako esperientzia izan zen. Lasterketetan eta lagunekin egindako irteeretan ongi pasatzea, hori da gustuko dudana. 

Iñaki Mugika: "motorra nire pasioa eta ogibidea da; txikitan hasi  nintzen motorrean, osabarekin"


CLUB AVENTURA TUAREG
Club Aventura Tuareg taldeko mekanikaria zara. Zer nolako motor kluba da?
Club Aventura Tuareg motor klubak Logroñon du egoitza. Rally kluba da, rally irteerak antolatzen ditu eta nazioarteko probetan ere beraiekin parte har dezakezu pilotu gisa izena emanez gero. 2007an klubeko nagusia ezagutu nuen, Manuel Garcia “Murchi”, Bartzelonan. Bertan lasterketa batean parte hartu behar nuen, eta nire lagun batek ezagutzen zuenez, elkarrekin bazkaldu genuen eta oso tipo interesgarria iruditu zitzaidan. Urteetara Madrilen elkartu ginen, Erakustazokan Club Aventura Tuareg klubak jarritako standean. Orduan proposatu zidan ea prest nengoke Baja Aragon Nazioarteko Rallyan bere asistentzia egitea, bere mekanikari izatea. Animatu nintzen eta oso ongi pasa nuen. Ordutik beraiekin nabil, klubeko mekanikari izateko kontratatzen naute. 

Zein rallytan aritu zara Club Aventura Tuareg taldearekin?
2017an eta 2018an Baja Aragon Rallya egin nuen eurekin. Ondoren Marokon hilabete bateko irteerako asistentzia egitea proposatu zidaten. Hilabete bateko egonaldia egiten dute basamortuan; rally bat bezala da, baina klasifikaziorik gabe. 2019an egin nuen eta oso gustura egon nintzen. Antza, nire lanarekin kontentu geratu ziren, aurten, 2020an, Intercontinental Rally Nazioarteko Lasterketan eurekin mekanikari joatea proposatu baitzidaten. Cadizetik atera ginen, Dakarreraino. Berez lasterketa Parisetik ateratzen da, baina aurten pandemiagatik ezinezkoa zen. Cadizen itsasontziz ibilgailuak gurutzatu eta lasterketa Marokon hasi zen, Dakarreraino. Esperientzia itzela izan zen. Ikusgarria. 

Zure ibilbidean beste salto bat egin duzu eta aurki Dakar 2021ean parte hartuko duzu, Club Aventura Tuareg taldeko mekanikari gisa. Rallya ilbeltzaren 3an hasi eta 15ean despedituko da eta Saudi Arabian jokatuko da. 
Dakarra nabigazio lasterketa bat da. Roadbookean jasotako ibilbidea eta argibideak jarraitu behar dira, eta bidean dauden trabak unean bertan ikusi eta gainditu behar dituzu. Goizean goiz abiatzen dira pilotuak, eta iluntzeraino ibiltzen dira. Erresistentzia proba da, ez da abiadura proba. Aurreko urtean ibilbidea nahiko erraza omen zen, pilotuak oso azkar joan ziren eta sekulako istripuak izan ziren. Kexu asko egon ziren, eta badirudi aurten proba gogortu dutela. Gure klubarekin 5 motorzalek hartuko dute parte. Motorren kategorian bi maila daude, pilotu arruntak, mekanikarien asistentzia dutenak, eta Original by Motul mailakoak, asistentzia mekanikoa eurak egiten dutenak. Tuaregeko 5 pilotuetatik 2 Motul mailan ariko dira eta 3 ohiko mailan. Hortaz, hiru piloturen asistentzia egin beharko dugu. 

Iñaki Mugika: "Egun osoko lana izanen da; Dakarra biziraute proba da, egunsentitik gauera"


HELBURUA: MOTORRAK LASTERKETAN JARRAITZEA
Asistentzia prestatzeko material asko eramaten duzue?
Kamioi bat eramaten dugu beharrezko erreminta, pieza eta motorrekin, baina gure pilotuek KTM etxeko motorrak erabiltzen dituzte eta KTMk Dakarrera bere kamioi propioa eramaten duenez, pieza asko bertan erosten dira. 

Dakar rallya basamortuan gauzatzen da nagusiki. Basamortuko areak kalte handiak egingo dizkie motorrei, ez?
Areak eta tenperatura aldaketak sekulako kalteak egiten dizkiete motorrei. Basamortuan egunez sekulako beroa egiten du, eta gauez kristoren hotza, eta hori motorrendako oso kaltegarria da. Egun guztia hotzarekin edo beroarekin ibiliz gero, motorra horretara prestatzen duzu, baina orain hotza, gero beroa… 

Rally batean mekanikarien asistentzia nolakoa izaten da?
Goizean goiz, eguneko etapa hasi baino lehenago, mekanikariak kamioian abiatzen gara helmugaraino. Iritsi, kamioia hustu eta asistentzia gunea prestatzen dugu, pilotuak iristerako guztia prest egon dadin. Bestalde, pilotuen atzetik gure klubeko beste bi laguntzaile doaz, pick up-etan, lasterketan momenturen batean pilotuengana bertaratu behar badute. 

Mekanikarien lana motorrak puntuan jartzea da.
Gure lana motorrak lasterketan jarraitzea da. Gauean helmugara edo bivouacera iristen direnean, hurrengo egunerako martxan jartzea. Eta bidean edozer gauza gertatzen bada, telefono bidez konpontzen saiatzea. Beste konponbiderik ez badago, pilotuarengana joan beharko dira laguntzaileak, baina lasterketa martxan dagoenean mekanikariek ezin dute motorra konpondu, hori da araua. Pilotuek motorra konpon dezakete, baina mekanikariak ezin gara sartu motorrak konpontzera. Hori bai, argibideak eman ahal dizkiegu. Halako probetan oso azkarra izan behar duzu. Ez da gauza bera motor bat tailerrean konpontzea, baliabide guztiak eskura dituzula, edo basamortu erdian ibili behar izatea. Hor ez dago elektrizitaterik ez argirik, eta guztia arez beteta dago. Biziraute hutsa da. 

Iñaki Mugika: "Tenperatura aldaketak eta areak sekulako kalteak egiten dizkie motorrei"

Nola iristen dira motorrak helmugara? 
Pentsa! Okerrena istripuak izaten dira. Motorrek pieza pila eramaten dituzte, Roadbooka eta lokalizatzaile eta pieza asko. Horiek guztiak martxan egon behar dute, bestela pilotuak ezin dira hurrengo eguneko etapan atera. Eta lan gehiena hori izaten da. Bestalde, ez da egoten arazo mekaniko gehiegirik, motor gehienak berriak izaten direlako. Halako lasterketa batera ezin duzu motor zahar batekin joan. Motor gehienak hemen mustutzen dira. 

Motor asko hausten dira?
Uste dena baino gehiago. Motorra aldatzen badute, pilotuek penalizazioa jasotzen dute. Gure klubean moto bakoitzeko beste motor mekaniko bat eramaten dugu. Rally luze hauetan atsedenaldi egun bat egoten da, eta normalean egun hori aprobetxatzen dugu motoei motor guztiak berriak jartzeko. 

Halako proba batean zenbat ordu egiten duzue lan mekanikariek?
Egun osoa. Etapak egunsentian abiatzen dira, goizeko 5etan edo 6etan, eta pilotuak ilunpean iristen dira helmuga; 12 ordu baino gehiagoko etapak dira. Biziraute proba da, hori da lasterketaren izpiritua, abentura bat da. Eta gu lehenago jarri behar gara martxan. Pilotuen aurretik egunsentian kamioiarekin atera, helmugara iritsi, asistentzia gunea prestatu, pilotuak iristen direnean motorrak puntuan jarri eta guztia bildu. Beti dago lana, beti dago zerbait egiteko.

Hortaz, Dakarrean 13 lan egun luze dituzue aurretik.
Bai. Orain arte Dakarreko ibilgailuen egiaztapenak Marsellan egiten ziren, baina COVIDa dela eta egiaztapenak Jeddah hirian egingo dira, bertatik abiatuko baita Dakarra. Abenduaren hasieran Marsellako portuan egon ginen, Dakarreko motor eta ibilgailu guztiak itsasontzira igotzen. Proban parte hartuko duten 75 auto, 42 kamoi eta 110 motor eta quad igo ziren itsasontzira, antolakuntza guztia kontuan hartuta, 679 ibilgailu, 8 helikoptero eta 15 edukiontzi ziren. Pentsa nolako proba den, munduko garrantzitsuena. 

Iñaki Mugika: "Dakarraz esaten den guztia motz gelditzen da; egunero basamortuan herri bat jasotzen dute"


BIVOUACAK, BASAMORTUAREN ERDIAN JASOTAKO HERRIAK
Dakarraz zer espero duzu? 
Taldekide bat egona da, eta esan dit Dakarra nolakoa den ezin dela azaldu ere egin, han ikusten duzuna beste mundu bat dela. Gogotsu nago joateko, hura ikusteko ilusioa dut. Antolakuntzak 7 helikoptero daramatza, kamioiak, bi hegazkin, komunikaziorako dorreak, sekulako azpiegiturak, cateringak... Kontatzen duen guztia motz geratzen dela esaten du taldekideak. Basamortuaren erdian herri bat egiten dute. Bivouac deitzen zaio helmugako guneari, eta hiruzpalau kilometroko luzera du. Egun baterako muntaia da bivouaca, egun batetik bestera hurrengo helmugara eramaten baitute. 

Pilotu eta mekanikari onenak bilduko dira Dakarren. Ba al dago miresten duzun eta Dakarren egongo den mekanikaririk?
Niretzat mekanikari guztiek dute meritu berbera. Han egoteak kristoren meritua du. Pilotuei dagokienez, urte hau oso arraroa da. Orain arte pilotuen jarraipena egiten zenuen, bataren sailkapena, bestearena… baina aurten ez dakit zer gertatuko den lasterketan. Sorpresa izango da.

Club Aventura Touareg taldeko pilotuen helburua zein da?
Gurea jende beteranoa da, bost pilotuetatik hiruk aurretik parte hartu izan dute Dakarren. Euren helburua proba bukatzea da, Dakarraz gozatzea. Gustura bukatzea eta lasterketan ongi ibiltzea. Hau euren zaletasuna da, ez dira pilotu profesionalak. 


DAKARREKO BURBUILA
COVIDak guztia baldintzatuko du. Dakarrek ehunka pertsona biltzen ditu. Pilotuak, mekanikariak, laguntzaile eta langileak, kazetariak… pandemia dela eta osasun neurri gogorrak izango dituzue, ezta?
Bai. Abenduaren 15ean lehenengo PCR proba egin nuen, eta negatibo atera zen. 24an beste PCR bat egingo dut, 26an hegazkina hartzen dugulako. Jeddahera iristerakoan bi egun eman beharko ditugu hotelean konfinatuta, eta ondoren beste proba bat egingo digute. Burbuila antzekoa sortuko omen dute. Babesteko asko zaintzen ari naiz. Orain dela hilabete pasa motor irteerak utzi nituen eta ez naiz lagunekin egoten. Mundu mailako ekitaldia denez, gaitzaz babesteko burbuila bat sortuko dutela esan digute. 

Zer esaten dizute lagunek?
Nire lagun gehienak motorraren mundukoak dira, eta pozik daude. Saudi Arabiara joateko gogoz nago, halako probetan asko ikasten delako.