Kintoak ez dira buruzagi zozketara joanen

Guaixe 2020ko abe. 28a, 10:52
62 gaztek osatzen dute heldu den urteko kinta.

Udaleko Festa Batzordeak ilbeltzaren 6rako iragarri zuen zozketa. Kintoek ohar bidez jakinarazi dutenez, “gu ez gaude festa egoeran, ezin baitira kintoak urtero bezala ospatu”. Gazteek beraien festa ospatzeko “baldintza egokiak dauden arte itxarotea” nahi dute.

Ilbeltzaren 6an urteko kintoen buruzagiak aukeratzen dira Altsasun, eta Santa Agedako ospakizunetarako hasiera puntua izaten da. Handik aurrera dantza entseguak eta bestelakoak hasten baitira.  Pandemiak ekarritako osasun baldintzetara egokitzeko Altsasuko Udalak kinto buruzagien zozketa udaletxetik Burunda frontoira aldatzea erabaki zuen. 

Kintoek, ordea, “aho batez” erabaki dute ez direla zozketara joan. Argudiatu dutenez, “erabat zentzugabea da bizi dugun egoera honetan kintoen gaia mahai gainean jartzea aurretik inori ezer komunikatu gabe”. 2003an jaiotako gazteek aldez aurretik inolako informaziorik ez zutela azaldu dute: “‘Gure festa’ denez, zuen esanetan, ez al da zilegi kintookin, edo guk hautatutako ordezkariekin bileraren bat egitea, urtero egiten den ‘prozesu ofiziala’ hasi baino lehen?” 

Kintoek ez dute beharrezko ikusten udalarekin harremana izateko kinto zozketa egin eta buruzagiak aukeratzea. Gazteek aitortu dutenez, “festak beti horrela antolatu dira, baina gu ez gaude festa egoeran, ezin baitira kintoak urtero bezala ospatu; horregatik, zentzuzkoagoa iruditzen zaigu erabakitze prozesua lehenago hasi izan balitz, eta ez arrapaladan, gainetik kentzeko presa bazenute bezala”. 

Udalak “akordiotara iristeko bilerak egiteko premiak” kezka eragin die kintoei: “badirudi horrela erabakien erantzukizuna gainetik kendu nahi duzuela. Ez ote da hau segada bat kintoek aurtengo festari uko egiteko?” Gazteek berretsi dutenez, aurten “egungo egoeran ezinezkoa da ospakizunak egitea, eta ezin badira baldintza egokiak eman, zentzurik al du planteatze hutsak? Zein baldintzatan ospatuko lirateke kintoak? Kintoen ospakizunen zati garrantzitsuenetarikoa diru bilketa da, eta zuek badakizue, ezingo genukeela dirurik bildu baldintza hauetan. Zein berme izango genituzke?”

Beraien kinto ospakizuna “baldintza egokietan” ospatu nahi dute 2003an jaiotako gazteek. Ordura arte “itxaron” nahi dute, “eta orduan festa normaltasunez ospatu”. Gaineratu dutenez, “altsasuar moduan, guztiok dakigu zein garrantzitsua den kinto izatea eta guztiok merezi dugu data seinalatu hauetan jaia behar den bezala ospatzea; iruditzen zaigu ez dela egokia presaka ibiltzea, ez baitakigu zein egoeran egongo garen otsailean”.