Altsasuko auziaren laburbilduma ikusgai

Guaixe 2021ko urt. 19a, 09:26

Erakusketa iragartzen duen kartela.

Iortia kultur guneak gaurtik otsailaren 2ra arte 'Testigantza' erakusketa hartuko du. Altsasuko auziak orain arteko lau urteetan emandako guztia bost ataletan jaso dute. Soilik Altsasun ikusteko aukera izanen da; horregatik, Twitter bidez zabalduko dute.

Altsasu Gurasoak taldea, Altsasukoak Aske herri plataforma eta auzipetuak elkarlanean ondutako erakusketa da gaurtik aurrera ikusteko aukera izanen dena. "Altsasuko auzia ez da bukatu, fase bat itxi nahi dugu prozesuaren bilduma den erakusketa horrekin. Bestelako aldarrikapenei lekua uzteko garaia dela uste dugu. Eta gu beste nonbaiten kokatzeko ere. Herriari, eta Euskal Herriari, zerbait adierazteko beharra genuen". Hala azaldu digu plataformako kide Eneko Mendiluzek. 

Altsasuko auzia fase berrian sartuta ere, Jonan eta Julen dira auzipetuen artean aske ez dauden bakarrak. Lanera edo ikastera ateratzeko aukera dute, baina astez gauak kartzelan ematen dituzte, baita asteburuak ere. 

Erakusketaz
Iortia kultur guneko erakusketa gunera sartzen denak bost espazio opatuko ditu, bakoitza gai bati eskainitakoa. Lehenengoari Gune beltza izena eman diote.  Han jasoko dituzte hedabideen jokabideak, espetxea, epaiketa, polizia… Atxikimenduak izena du bigarren guneak. Haien aldarrikapenarekin bat egin duten guztien lekukotzak jasoko dituzte espazio horretan. 

Erakusketako bisitariak aurrera egin eta Herriaren indarra gunea opatuko du. Auziaren inguruan Altsasun egindako ekitaldien bilduma ikusteko aukera izanen da: giza katea, kultur asteburua, gastronomia elkarteetako bazkariak, hasieran hilaren 14era egiten ziren mobilizazioak eta beste. Laugarren guneak Mobilizazioa izena du eta bertan Iruñeko eta Altsasuko mobilizazio handienei tokia eginen zaie. "Inoiz ikusi ez diren irudiak egonen dira ikusgai". 

Azken guneak Elkartasuna izena du. "Herri askotako jendea gerturatu da eta elkartasun keinu ugari izan dituzte". Haien lekukotza ere jaso nahi izan dute. Bestalde, aretoaren erdialdean bi mahai izanen dira eta haietan  Altsasuko auziari buruzko prentsa hemeroteka kontsultatzeko aukera izanen da. Gainera, lau urteetan zehar plataformak sortutako hainbat euskarri ere ikusgai izanen dira. 

Twitter
Erakusketa ikusgai dagoen bitartean, manifestazioetan erabilitako Injustizia hitza osatzen duten hizki handiak kultur gunearen kanpoko aldean egonen dira. 

Pandemiak eragindako mugikortasun murrizketak kontuan izanik, erakusketa soilik Altsasun ikusteko aukera izanen da eta ez da beste inora mugituko. Horregatik, antolatzaileek haren zabalkundea Twitter bidez eginen dute. Gune bakoitzari buruzko bideo bat eginen dute eta banaka zabalduko dute Twitter bidez: ilbeltzaren 26an, 28an eta 30ean eta otsailaren 2an eta 5ean.