Zer da artea?

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko urt. 25a, 14:18

Txuspo Poyoren Zuhaitz etxearen maketa 'Uholdeak. Klaustrofilia' erakusketan.

Uholdeak programaren barruan Sakanako bederatzi artista artearen inguruan hausnartzeko elkartu dira. Besteak beste, arteak espazioan duen garrantzia edo herrietan arte garaikidea zabaltzeko proposamenei buruz eztabaidatu dute

Duela hamabi urte Txuspo Poyo artista altsasuarrak egindako zuhaitz etxea jarri zuten Dantzalekun. Hala ere, hori ez litzateke bere tokia izan beharko; egurrezko etxea Iortia kultur gunearen inguruetan egotea planteatu zuen artistak. Txuspo Poyoren artelanak oso argi azaltzen du Kanpoko bulego kolektiboak Uholdeak: Klaustrofilia programarekin planteatzen zuena. Etxola bat berez nahiko "klaustrofilikoa" delako eta arte garaikidea ongi azaltzen duelako, Marc kolektiboko kidearen esanetan: "Hasieran leku batean egon behar zuen, gero beste batera eraman zuten…". Horren atzean zegoena interesatzen zitzaien artistei, eta ideia horri buruz eztabaidatu zuten aurreko larunbatean Sakanako bederatzi artistek.

Uholdeak. Klaustrofilia programaren barruan, beraz, Anne eta Marc Kanpoko bulegoko kideek ibarreko artistak elkartu eta arte garaikideari buruz hitz egitea proposatu zuten. Bederatzi artista bildu ziren: Rosa Arnanz, Maruxa Barandiaran, Bea de la Vega, Maite de Miguel, Maru Garcia, Jule Kosta, Sagri Mauleon, Helena Santano eta Manolita Thunders. Solasaldia "oso aberasgarria" eta "interesgarria" izan zela aipatu dute Jule Kosta eta Sagri Mauleon artistek.

Arte espazioak
Dantzalekuko zuhaitzeko etxea izan zen solasaldiaren oinarria: "Artelan bat dagoen lekuaren arabera jendeak modu batera edo bestera bizitzen du", azaldu du Jule Kostak. "Etxe hori modu batera planteatu zen, herriaren erdian jartzeko, eta beste toki batean jarri zen. Beraz, artelanaren beraren bilakaeraz eta bizitzaz hitz egin dugu, zerbait finkoa den edo jendearen kontaktuarekin nola alda daitekeen…". Artistak obra horrekin zer nahi duen, eta ondoren zer gertatzen denari buruz eztabaidatu zuten ere. "Orain zuhaitz etxea modu jakin batean dago, kristalak apurtuta, hesituta…". Artelanek bizitza dute, "baina batzuetan artistei kostatzen zaigu ikustea". Arteak ingurugiroarekin jolas egiten du.

Zeri deitzen zaio artea? Nola jasotzen da jarrita dagoen tokiaren arabera? Esaterako, artelan hori Iortiako inguruetan egoteko planteatu zuen artistak. Nola aldatuko luke hemen egongo balitz?". Artelan bat bezala hartuko litzateke; arte "kontzeptuala" bihurtuko zen. Aldiz, dagoen tokian ingurugiroarekin bat egin du eta zuhaitzeko etxe bat bezala ikusten da, "pipero" baten antzekoa. "Batzuk horrela ulertzen dute. Beste batzuk, ez. Artistak ez du horrela ulertzen", azaldu du Sagri Mauleonek. Eztabaida polita izan zela esan du Mauleonek. Herrian egongo balitz, agian gehiago errespetatu eta beste modu batera ulertuko litzatekeela aipatu dute artistek.

Artelanaren ingurua oso garrantzitsua da, beraz. "Espazio publiko bat erabiltzen denean, artelan bat espazio publiko batean jartzen denean, kontsultatu behar dela iruditzen zait", aipatu du Mauleonek. Gainera, espazio batean egon beharrean eskulturak edo artelanak lekuz aldatzeko aukera aipatu du artistak: "zergatik egon behar dira beti leku batean, betirako?". Esaterako, zuhaitz etxeak dagoen tokian "bere momentua" izan duela eta orain Txuspo Poyok planteatu zuen tokian jartzea proposatu du; "artelan hori modu herrikoian berriro parte hartzeko".

Artea eta herria
Herrian edo hirian sortzearen inguruko eztabaida "interesgarria" izan zuten. "Niri herriak ematen didana askatasun gehiago da. Pentsamenduak garbitzen zaizkit. Naturatik gertuago sentitzen naiz". Modu lasaiagoan sortzeko aukera ematen dio herriak Kostari. Hala ere, "zauden tokian zaudela sortu dezakezu". Hirietan sortzen diren gauzak batzuetan herriko iruditegiekin edo naturarekin erlazionatuta daudela komentatu zuten, hirian ez dagoen natura bat sortzen dute. "Norbanakoaren araberakoa da".

Urteekin bere identitatea isladatzen saiatu dela esan du Mauleonek. "Baten edo bestearen artelanak desberdinak dira, eta badakigu norenak diren. Baina ez da herriko identitatea nahita lantzea. Ez dugu planteatzen". Herritan bizi arren, bizitza nahiko "urbanita" daramatela aipatu du. "Ez gara hain nekazal arlokoak, gaztelaniaz rural bezala ulertzen dena". Herrikoia aipatzerakoan badirudi beti lauburuak edo ekiloreak agertu behar direla. Eta ez da horrela.

Arte garaikidea zabaltzen Erakusketak egitea "beharrezkoa" da. Kosta: "Interesgarria da ere hor sortzen dena, norbait erakusketa batean sartzen denean, interpretazio librea izatea. Sortzen diren emozioak ez dira beti definitu beharrik". Jolas bat sortzen da, espazioan beste eraldaketa bat. Iortia kultur gunearen erakusketa aretoa bezalako erakusketa lekuek "jendea arte garaikidera erakartzera" lan handia egin dutela aipatu du Mauleonek. "Marcek aipatu du, desberdin ikusten dugu herri batean erakusketa bat egitea edo hiri batean egitea. Publikoa desberdina da. Hemengo publikoak artea ulertuko du edo ez, eta agian uste dugu hiriko publikoak gehiago ulertzen duela. Nik uste dut ezetz".

Iortian egiten diren erakusketa guztiekin herrian sortzen dena oso aberasgarria dela dio Mauleonek. "Batzuei interesatuko zaie, beste batzuei ez, gustatuko zaie edo ez, hausnartuko dute…". Baina erakusketara joango dira eta ikusiko dute. "Hirian interesatzen zaienak bakarrik gerturatzen dira, eta ez denak". Artea herriratzen du. "Harrituko ginateke ikustean zenbat jende etortzen den. Espero ez genuen jendea". Denborarekin zeinek daki herriko jendea "kultuagoa" ote den. "Hiriak idealizatuta dauzkagu".

Kanpoko bulegoaren proposamena "oso aberasgarria" izan dela esan dute artistek. Oso pozik atera ziren. "Horrelako gauza gehiago antolatzen badituzte gu kontuan hartzeko esan diegu". Gainera, Kostak gogoratu duen bezala, aurten Arte Azokaren hamargarren urteurrena ospatuko dute Sakanako artistek, eta solasaldiak aktibatzeko modu bat eskaini die, gauzak planteatzeko "puntx" bat izan da.

Erlazionatuak

Klaustrofilia prozesuak

Guaixe 2020 abe 23 Altsasu

Hiriaren eta herriaren arteko arte prozesuak

Erkuden Ruiz Barroso 2021 urt 05 Altsasu