Prentsaren aurrean egindako agerraldian Altsasuko Auziko hiru eragilek ziklo bat itxitzat eman zuten. Egindako ibilbidearen nork bere balorazioa egin zuen. Auziagatik zigortutako zortzi altsasuarretatik sei egon ziren prentsaurrekoan, Jonan eta Julen kartzelan preso pasa behar dituztelako asteburuan, eta astegunetan gauak. Horregatik, auzipetuen izenean, Adurrek esan zuen: “gu guztiok eskuratu ditugu erdi-askatasuneko egoerari dagozkion espetxe-erregimenak. Kalean egon arren, ez gaude libre”. Bizi izandakoa “prozesu luze eta gogortzat” jo dute.
Auzipetuen iritziz, “Euskal Herrian eta Estatu osoan izan diren hamaika politika, hedabide, epaile eta polizia muntaietako bat baino ez gara izan. Baina, arrazoiren batengatik, beste batzuek gainditu ez dituzten mugak gainditu ditu kasu honek. Muga horiek ez genituzke gaindituko hainbat leku eta esparruetatik jaso dugun babes, konpromiso eta elkartasun ikaragarririk gabe”.
Auzipetuek esker ona azaldu diete herrien eta jendearen konpromiso eta elkartasunari. Bereziki, altsasuarrek egindako lana goraipatu zuten, baita “Euskal Herri osoan eta Estatuko hainbat tokitan, bereziki Katalunian, haserrea kutsatzea lortu zuten etengabeko mobilizazio bihurtuz”. Esker oneko hitzak izan zituzten ere gurasoendako eta plataformarendako ere: “Sufrimendua borroka bihurtzen jakin zuten, amorrua konpromiso eta haserrea gizartearen zati handi baten justizia eta askatasun nahi. Lan hori izan da jaso dugun elkartasun guztiaren oinarria”.
Adurrek esan zuenez, “badakigu ez genukeela inoiz preso egon behar eta bidegabekeriak bere horretan dirauela, baina, gaur egun, prozesu guztia perspektibarekin aztertuz, lorpen gisa interpretatzen dugu hemen egotea”.
Bestalde, Altsasuko auzia “ kasutik haratagoko interesen araberako muntaia eraikitzen” lagundu zuten arduradunak aipatu zituzten: “Guardia Zibilaren eta zenbait komunikabideren arteko lan planifikatua dugu arduradun. Estolderia, Covite, fiskal eta salbuespenezko auzitegiak eta hauteskundeei begira inposaturiko bertsioa zabaldu eta txalotzen zuten politikariekin harreman estuak dituzten komunikabideak hain zuzen ere”. Azkenik, “estatuaren esku egoera bidegabeak bizi dituzten edo etorkizunean biziko dituzten pertsona guztiei gure elkartasuna adierazten eta haiekin borrokatzen jarraituko dugu”.
Gurasoak
Altsasu Gurasoak taldearen izenean Igone Goikoetxeak hartu zuen hitza haien balorazioaren berri emateko. Esan zuenez, lau urtetan “aurrera jarraitzeko aukera eman diguna atzera ez begiratzea eta konstantziaz, umiltasunez eta erabakitasunez lan egitea izan da, zeharka, eta bidegabekeria entzun nahi ziguten tokian salatuz. Baina hori guztia ez zatekeen posible izango gure eskubideak eta askatasunak, guztionak, gure konbentzimendu berarekin babesten eta defendatzen ari zinetela ziur izan gabe”.
Haiek bizi izandakoa “bidegabekeria ikaragarritzat, erabateko botere-abusutzat” jo zuen. “Egoera oso mingarria eta frustragarria izan da; emozioei dagokienean, batetik, baina baita ‘Justizia’ deiturikoa bidegabea, partziala eta neurrigabea izan dela eta egiari ohorerik egin ez diola egiaztatu delako ere”. Altsasuko auzian “hainbat eskubide urratu” direla azpimarratu zuen. Estrasburgok haien helegiteak bere eginez gero “ez du bidegabekeria konponduko, baina agian baliagarria izango da beste pertsona batzuek horrelako prozesu judizialik jasan ez dezaten”.
Gurasoen nabarmendu duenez, “kanalak ireki genituen, eta gero eta eremu gehiagotara iritsi zen gure mezua. Helburua bera zen, bidegabekeria salatzea eta independentzia judizialik eza agerian uzten zuen muntaia batean arreta jartzea”. Erakundeetako pasilloak kaleko presentziarekin uztartu dituzte gurasoek, Altsasun ostiralero kontzentratuz eta “egoerak hala eskatzen zuenean, Nafarroako historiara pasako diren manifestazio izugarriak eginez”. Jendea haien “motor eta bozgorailua” izan dela nabarmendu zuen Goikoetxeak eta “eskerrik zintzoena eta amaigabeena” eman zituzten. Esker oneko hitzak izan zituzten plataformarendako eta Altsasuko herriarendako. Jakinarazi dutenez, orain atseden hartuko dute.
Plataformak, kitto
Altsasukoak Aske herri plataformaren izenean Idoia Goikoetxeak hartu zuen hitza. “4 urte gogor eta bukaezinak, gureak eta gure herriaren bizitza aldatu dituztenak. Bidegabekeriak ez du etenik izan, baina egungo unea inflexio-puntu argia da.
lataforma gisa gure ohiko dinamika eta lana bukatzeko momentua iritsi dela uste dugu”. Bizitakoaren balorazioa egiterakoan Goikoetxeak nabarmendu duenez, “hain larria izan zen gure herriaren eta bere gazteriaren aurkako erasoa, ezen erasoaren dimentsioak berak ibilbide honen eta lortu denaren balioa nabarmentzen duela”.
Lau urteetan zehar bizi izandakoa laburbildu ondoren, Altsasukoak Aske herri plataformako kideen iritziz haien jarduna ez da “alferrikakoa” izan, “giza faktura izugarria ordaindu” bada ere. Goikoetxeak lorpenak nabarmendu zituen: “ez dute beren kontakizun faltsua inposatu, eszena-toki eta errealitate berri bat ukatu nahi zuena, beraiek sortu nahi duten salbuespen eta konfrontazio egoerari lotzeko”. Plataformako kideak gaineratu zuenez, “ez dutelako Nafarroako gizartea pozoitzea eta zatitzea lortu, bere bilakaera politiko eta sozialean eragiteko”. Eta gaineratu zuenez, “ez dute bidezko aldarrikapenak legez kanpo uztea lortu, kriminalizazio dinamikei eusteko ahaleginak eginez”. Azken lorpen bat ere nabarmendu zuen: “polizia, hedabide, politika eta epaileen muntaiaren tresnak ere ez dute legitimatzea lortu, agerian geratu baitira”.
Plataformako kideen ustez, “mobilizatzeak merezi du, eta bidegabekeriari aurre egin eta mugak jarri ahal zaizkiola erakutsi dugu. Gure helburuak lortzeko egindako lanek eta jasotako elkartasunek duten balioa argi erakutsi dugu, bai eta aurrera egiteko eta lorpenak erdiesteko motorra den mobilizatutako gizartearen balioa ere”. Altsasukoak Aske herri plataformaren lan moldearen balioa ere aitortu zuten: “modu asanbleario eta autogestionatuan, betiere aniztasuna errespetatuz eta ahalik eta adostasun handiena lortzen saiatuz. Eta hori guztia, jakina, apaltasun, sakrifizio eta konpromiso handiarekin”.
Halako “operazio bidegabe eta zikinen” aurrean ekarpen gisa “borroka-esperientzia bat utzi” izanarekin pozik, lau urteko ibilbidean ondoan izandakoei eskerrak emanez agurtu zen plataforma.
2025
Urte horretako lastaileraino egonen da Altsasuko udaletxe parean auzipetuek zigorpean daramatzaten egunak zenbatzen dituen kontagailuak.