Kattalingune Nafarroako Gobernuaren LGTBI+ informazio eta arretarako zerbitzu publikoa da, sexologian eta generoan espezializatutako langileek artatua. Iruñean eta Tuteran egoitzak zabaldu ondoren, ikasturte honetan Sakanan ere presente dago. Kattalingunera jotzen duenak honako zerbitzuak jasoko ditu: LGTBI+ eremuko informazioa, arreta eta orientazioa; sexu aholkularitza; lege aholkularitza eta LGTBI+ kolektibo eta proiektuei laguntzea.
Altsasuko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak Kattalingune altsasuarrei aurkezteko hitzordua prestatu du astearterako. Hitzordu berean Naizen, adingabe transexualen familien elkarteak, eta Hormak, Mendialdeko LGTBI+elkarteak, beraien berri emanen dute . Homoamak film laburra ikusteko aukera izanen da ere. Bukatzeko sexu eta genero aniztasunaren inguruko informazioari buruzko hizketaldia izanen da. Aurkezpenean interesa dutenek gonbidapena Iortia kultur guneko txarteldegian edo webgunearen bidez eskuratu dezakete.
Altsasuko Berdintasun Zerbitzuak, bestalde, herriko profesionalei zuzendutako Kattalinguneren aurkezpena antolatu du ostegunerako, 11:00etan, Iortia kultur gunean. COVID-19 gaitza dela eta, edukiera mugatua da eta saioan parte hartzen interesa duten profesionalek udal Berdintasun Zerbitzuan eman beharko dute izena: berdintasuna@altsasu.net e-postara idatziz edo 948 564 823 ala 628 328 593 telefonoetara hots eginez.
Kattalingune Sakanan
Ostegunero, 11:00etatik 19:00etara, Irurtzungo kultur etxean eta Lakuntzako udaletxean, astero txandakatuz. Harremanetarako: iparmendebaldea@kattalingune.org e-posta edo 678 266 865 telefonoa.