Goreti Etxepare Alberro Kattainguneko sexologoa da.
Kattalingorria intsektu bat da. Baina izen bereko elkartea ere bada, ezta?
Bai, Nafarroako LGTBI elkartea da. Hainbat LGTBI talderen baturaz sortu zen elkartea 2000. urtean. Aurretik, gizonezko gay-ak talde batean biltzen ziren, emakumezko lesbianak bestean, pertsona transexualak bestean… Guztiak elkartu ziren, LGTBI pertsonendako arreta profesionala jasotzeko beharra ikusi zutelako. Helburu horrekin sortu zen elkartea. Garai hartan beraiengana jendea iristen zen haien espazioetan onartua ez zena, askea izatea ezinezkoa zuena.
Agian komeni da LGTBI+ hori zer den argitzea.
L hizkiak lesbiana hitzari erreferentzia egiten dio, emakumezkoak desiratzen dituzten emakumezkoei. G letrak gay-ei, gizonezkoak desiratzen dituzten gizonezkoei. T hizkia transexual edo trans pertsonei dagokiena da, jaiotzean esleitu zitzaien sexua eta sentitutako sexua bat ez datozen emakumezko eta gizonezkoak dira. B letrak bisexualak diren pertsonei egiten die erreferentzia, bi sexuak desira ditzaketen pertsonei. I hizkiak, berriz, pertsona intersexualena da, hau da, genitalak ezarrita dagoen arauaren araberako bulba edota zakil eta testikuluekin kointziditzen ez duten pertsonak. Eta, bukatzeko, plus ikurrak bere baitan hartzen ditu aurreko hizkietan jasota ez dauden izateko, sentitzeko, begiratzeko edota adierazteko egon daitezkeen modu guztiak. Azkenean, LGTBI+ laburdura ari da sexu eta genero identitate, orientazio eta espresioaz.
Kattalingorri zer den badakigu, baina Kattalingune?
Zerbitzu profesionala da. Kattalingorri elkarteak Nafarroako Gobernuarendako kudeatzen duen LGTBI+ zerbitzu espezifikoa da. Elkarlan hitzarmen baten bidez Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin sortu da.
Zer egiten duzue Kattalinguneetan?
Sexu eta genero aniztasunari arreta eskaintzen dio zerbitzuak. Nafarroako biztanleria guztiari zuzenduta dago. Bertan genero, sexu eta komunitate perspektibak erabiltzen dira. Bost lan eremu ditugu. Alde batetik dago harrera, informazioa eta orientazioa. Hori zerbitzurako sarbidea litzateke. Edonor etorri daiteke zerbitzura eta bertan barne eta kanpo baliabideei buruzko informazioa jaso dezake: LGTBI+ kolektiboei buruzkoa edo intereseko bestelakoez. Horri esker lortzen dugu jendea kolektiboekin lotzea, saretzea eta elkar ezagutzea. Bigarren lan eremua LGTBI+ pertsonei edo haien gertukoei eskainitako sexu arreta da. Edo nahi eta behar duen edonorendako da. Pertsonak, taldeak eta profesionalak artatzen ditugu. Norbaitek zalantzaren bat edo zailtasunen bat badu bere orientazio, identitate edota espresioarekin gurekin hitzordua izan dezake eta zalantza horiek argitzen saiatzen gara. Uneko kontua izan daiteke, edo prozesua zabaldu daiteke. Modu ziurrean, konfidentziala. Eta profesionalek bere eremuan sexu eta genero aniztasuna nola landu zalantzak baldin baditu, gurekin harremanetan jarri daiteke eta elkarrekin zerbait sor genezake. Topaketak edo talde lanketak ere egiten ditugu.
Bestetik, lege arreta eskaintzen dugu. Gauza bera, LGTBI+ pertsonei edo haien gertukoei zuzenduta. Maila pertsonalean edo profesionalean izan daiteke. LGTBI+i buruzko legeei buruzko informazioa ematen dugu, zalantzak argitzeko. Espazio ziurra eta konfidentziala da. Laugarren lan eremua da LGTBI+ talde, proiektu eta kolektibo arreta eskaintzea da. Haiek egiten ari diren ekimen eta ekintzak laguntzen ditugu. Baita LGTBI+ ez diren baina beste motatako erakunde eta elkarteei laguntza sexu eta genero aniztasuna ikusgarri egiteko, edo halako proiektuak martxan jartzeko. Lanak egitera etortzen diren ikasleak ere hartzen ditugu.
Azkenik, zerbitzuaren aurkezpena, koordinazioak eta halako egitekoak dira. Guretako oso garrantzitsua da zerbitzua eta egiten duguna ezagutzera ematea, zer den sexu eta genero aniztasuna, eztabaida piztea, zentzu horretan sentsibilizatzea… Horretarako zerbitzua hainbat profesional sareri, ikasleei eta herriari aurkezten diegu.
Sakanako Kattalinguneetan bost lan ildo horiek eskainiko dituzue?
Bai. Sakanan estreinakoz eskainiko dugu zerbitzua. Asmoa da zerbitzua pitteka-pitteka ezartzea.
Zergatik ekarri duzue zerbitzua Sakanara?
Kattalingune 2016an sortu zen eta, betidanik, bere helburua izan da Nafarroako eskualde guztietara iristea. Gainera, LGTBI+ errealitatearekin harreman handia daukan fenomeno bat da sexilioa. Hau da, pertsona batek bere sexu identitate, orientazio edo espresioarengatik bere sorterria uzteko daukan joera. Batzuetan onartua ez izateagatik, eta baztertua izateagatik. Hori, bereziki, herrietan asko gertatu izan da. Eta, normalean, hiri handietara alde egin izan da. Horregatik erabiltzen da sexilio hitza. Hori dela eta, iritsi nahi dugu eskualde guztietara, fenomeno hori ekiditeko: pertsonak beraien herrian askeak izateko, edo nahi duten lekuan. Pertsona guztiok eskubide hori izan dezagun. Aurten zerbitzua Nafarroa ipar-mendebaldera ekarri dugu, hasieran Sakanan zentratuz, bertan interesa zegoelako.
Halako gehiago daude Nafarroan?
Sakanaz aparte, arreta eskaintzeko bulegoak, momentu honetan, Iruñean eta Tuteran daude. Hainbat eskualdeetan aurkezpenak eta harremanak egin ditugu, kolektiboekin edo profesionalekin kontaktua izan dugu.
Sakanako profesionalei zerbitzua aurkeztu diezue dagoeneko?
Baten batekin egin dugu; iritsi garela edo bagoazela kontatu zaie. Baina gehiago egiteko asmoa dugu, guztietara iristeko. Eta, pitteka, ikasleengana eta sakandarrengana iristeko asmoa dugu. Zerbitzua beharren arabera Sakanara egokituko dugu.
Sakanan
Agorrilaren 6tik Kattalinguneak sakandar guztiei ematen die zerbitzua ostegunero, 11:00etatik 19:00etara. Irurtzungo kultur etxean eta Lakuntzako udaletxean izanen du egoitza, astero txandakatuz. Joan den astean Lakuntzan egon zirenez, aste honetan Irurtzunen egonen dira. Harremanetarako: iparmendebaldea@kattalingune.org e-posta edo 678 266 865 telefonoa.