Krosa

Korrikalariak Dantzalekura begira

Maider Betelu Ganboa 2021ko ots. 12a, 14:30

Igandean 34. Altsasuko Krosa hartuko du Dantzalekuk, goiz guztiko atletismo festa izanen dena. Lasterketa herrikoia 9:00etan hasiko da, Nafar Kirol Jolasak 10:30ean eta federatuen lasterketa, Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa izanen dena, 12:40ean (emakumeak) eta 13:20an (gizonak)

Igandean 2021eko Nafarroako lehen lasterketetako bat hartuko du Dantzalekuk: 34. Altsasuko Krosa. Goizeko 9:00etatik hasita arratsaldeko ordu biak pasa arte, hainbat lasterketaz gozatzeko aukera izango da. Izan ere, hiru proba nagusi izango dira jokatuko direnak: goizeko 9:00etan Altsasuko kros herrikoia edo opena (8.900 m) abiatuko da, goizeko 10:30etik aurrera Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria den Altsasuko Krosa, kategoria txikienetarako, eta eguerditik aurrera federatuen mailako 34. Altsasuko Krosari ekingo zaio, aldi berean Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa izanen dena. 12:40ean emakumeen lasterketa abiatuko da, eta 13:20ean gizonezkoena. Euririk iragartzen ez dutenez, krosaren maitaleek goiz ederra pasatzeko aukera izango dute Dantzalekun, osasun neurri guztiak beteaz.

Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak eta Nafarroako Atletismo Federazioak antolatu dute 34. Altsasuko Federazioa, elkarlanean. “Federaziotik hots egin ziguten, Altsasuko Krosa antolatzeko asmorik ote genuen galdetzeko eta euren interesa azalduz. Altsasukoa Nafarroako kros beteranoena da, izena eta historia du. Guk beti ezagutu izan dugu, izen handiko korrikalariak aritu dira bertan, Mariano Haro, Fernando Cerrada eta garaiko onenak, esaterako, eta, jakina, guk Altsasuko Krosa mantendu nahi dugu. Nafarroako Federazioak Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa hemen egitea proposatu zuen eta aurrera egitea erabaki genuen” aipatu digu Dantzaleku Sakanako Peio Bergarak. 

Peio Bergara: "Osasuna guztiaren aurretik jarrita, kirola egin nahi dugu, beharrezkoa delako. Eta gauden egoeran, are gehiago"

Ahaleginak erantzun bikaina izan du
COVID-19 pandemiak probaren antolakuntza zaildu duela aitortu du Bergarak, baina hala ere, lasterketa aurrera ateratzera animatu direla. “Oso argi dugu osasuna eta segurtasuna guztiaren aurretik daudela, baita kirolaren aurretik ere; baina hori kontuan hartuta eta eskatutako protokolo guztiak beteta, kirola egin nahi dugu, beharrezkoa delako. Eta gauden egoeran, are gehiago. Jendeak halako proben beharra du. Horregatik lasterketa ateratzeko ahalegina egin dugu, eta federatuen mailako lasterketaz gain, proba herrikoia egingo dugu, bertako korrikalariei ere aukera emateko” nabarmendu du Bergarak. 

Ahalegin horrek fruituak izan ditu, Altsasuko Krosak harrera ezin hobea izan duelako. Korrikalari askok eman dute izena jokatu diren lasterketetan aritzeko, baina pandemiagatik mugak daude, bai parte hartzaileen kopuruaren aldetik eta baita jatorriaren aldetik. Esaterako, lasterketa herrikoian gehienez 125 korrikalari aritu ahalko dira –120 daude izena emanda dagoeneko eta tokiren bat egonez gero www.dantzalekusakana.com webgunean eman daiteke izena–, eta federatuen mailako lasterketetan gizonezkoen proban gehienez 125 korrikalarik parte hartu ahalko dute eta emakumezkoetan beste horrenbestek. NKJ-ean ere mugak daude. Jatorriaren aldetik, Nafarroako Gobernuak zehaztutako erabakiak jarraituz, soilik korrikalari nafarrek hartu ahalko dute parte. “Dei ugari izan ditugu Errioxatik, Valladolidetik, Arabatik, Gipuzkoatik, Bizkaitik... Altsasuko Krosean parte hartu nahi dutela galdeginez. Klubetik erantzuten diegu ezinezkoa dela eta Nafarroako Atletismo Federaziora bideratzen ditugu, federazioak Nafarroako Kirol Institutuak eskatutako COVID-19 arauak betetzen direla ziurtatu behar baitu” gaineratu du Bergarak. 

Dantzalekuko pistak, burbuila
Pandemia dela eta, protokoloak zorrotzak dira. “Hasteko, probak arduradun nagusi bat izan behar duela eskatzen du protokoloak, edozer gertatuz gero pertsona horrengana jotzeko. Federaziotik klub bakoitzak COVID-19 arduradun bat izatea eskatzen du, eta kasu honetan, Dantzaleku Sakana Atletismo Klubeko ordezkaria ni izango naizenez, ni ere lasterketako arduradun nagusi izendatu naute” azaldu digu Peio Bergarak. Jakina, korrikalariek beharrezko osasun neurri guztiak hartuko dituzte. Euren arteko distantzia mantentzeko, irteeran, Dantzaleku pistetan, 2 metroko banaketa izanen dute korrikalariek. Maskara jantzita eraman beharko dute lasterketa hasierara arte, eta gero kendu dezakete, baina helmugara iritsi bezain pronto maskara berriro jantzi beharko dute. Ez da dutxarik egongo, eta saridunek euren sariak hartu beharko dituzte. Bestalde, Dantzaleku pistetan burbuila antzekoa egingo dute. Soilik korrikalariak eta antolatzaileak sartu ahalko dira, ikuslerik ez da onartuko. 

Ikusleak ibilbidean eta euren arteko distantzia mantenduz
Altsasuko Krosa ikustera hurbilduko diren ikusleak pistetatik kanpo prestatutako zirkuituan barna egon ahalko dira, baina euren artean distantziak mantentzeko eskaria egin du antolakuntzak. Halaber, Dantzaleku aurreko San Pedroko Bidea errepidea moztuko da, zirkuitua bertatik pasatzen delako. Eta oinezkoek Dantzalekutik eta inguruetatik paseatzeko aukera izango dute, baina zirkuituan eta inguruetan egongo diren antolakuntzako kideek zehaztutako argibideak segi beharko dituzte. 

Peio Bergara: Altsasuko Krosak erantzun bikaina izan du. Korrikalariak gogotsu daude"

Ibilbide zoragarria
Dantzaleku Sakana Atletismo Klubekoek ibilbide zoragarria prestatu dute Altsasuko Kroserako.  “Proba guztiak Dantzaleku pistetatik abiatuko dira. Pistetatik aterata Usolarraingo merenderora sartzen da ibilbidea. Han bueltatxo bat egin eta gero, San Pedroko Bidea errepidea gurutzatu eta goiko futbol zelaitik Basoitxira sartuko dira korrikalariak, U antzeko ibilbide bat eginez. Buelta hartuta, Dameroaren eta futbol zelaiaren artean xenda bar prestatu dugu, San Pedroko Bidea errepidera aterako dena. Guztira 1.700 metroko zirkuitua da. Aurreko edizioekin alderatuta, aldaketa batzuk egin ditugu. Izan ere, korrikalariak kexatzen ziren zenbait guneetan, Dameroan esaterako, lurrean zuhaitz sustrai asko zeudela eta iltzedun zapatillekin korrika egiteko eremu txarrak zirela. Eta tarte horiek kendu ditugu. Belar, lohi eta buztin eremuak izango dira korrikalariek zapatuko dituztenak. Zirkuitu oso polita da, baina gogorra egingo zaie korrikalariei, distantziagatik eta ezaugarriengatik. Euri asko egin du azken egunetan eta lohi asko egongo da. Baina kroseko korrikalariek lohia gustuko dute, eta, hortaz, alde horretatik ez dago arazorik” dio Bergarak, irribarrez. 

Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa denez, 8.900 metroko distantzia izango du Altsasuko Krosak, distantzia majoa. 20 urtez azpiko federatuek 5.500 metro osatu beharko dituzte -Dantzalekuko pistei buelta bat (400 m) eta zirkuituari 3 itzuli– eta 23 urtez azpikoek eta kategoria absolutukoek 8.900 metro –Dantzalekuko pistei buelta bat (400 m) eta zirkuituari 5 itzuli–. Izan ere, Altsasun egiten dituzten denborak kontuan hartuko dira Espainiako Kros Txapelketa Luzean ariko diren korrikalari nafarrak hautatzeko. Horregatik du distantzia hori. Proba herrikoiak ere 8.900 metroko distantzia izanen du eta proba goiztiarrena izanen da, goizeko 9:00etan abiatuko baita. 

Nafar Kirol Jolasetan ariko diren kategoria txikiko korrikalariendako zirkuitu txikiago bat prestatu dute 500 metrokoa, Usolarrainen. Nafar Kirol Jolasak goizeko 10:30ean abiatuko dira: 10 urtez azpikoak (500 m), 12 urtez azpikoak (1.000 m), 14 urtez azpikoak (1.700 m), 16 urtez azpikoak (3.400 m) eta 18 urtez azpikoak (3.900 m) lehiatuko dira, hurrenez hurren. 

Dantzaleku Sakana Atletismo Klubeko kideak igandeko krosa prestatzen daude buru belarri. “Larunbatean ibilbidea markatuko dugu, eta 30 pertsona baino gehiago ariko gara guztia prestatzen. Eta igandean ere nahikoa lan egongo da, ibilbide guztian barna antolakuntzako kideak egon beharra dugulako, baita pistetan eta gainontzeko lanetan ere. Halako proba bat antolatzeak lana du, baina gustura egiten dugu. Altsasuko Krosa erreferentea izan da ez soilik Nafarroan, espainiar estatuan ere bai, eta probari eusteak bizipoza ematen du” aipatu du Bergarak. 

Altsasuko Krosa streaming bidez jarraitu ahal izango da
Altsasuko Krosa ikustera hurbildu ezin direnek euren etxetik jarraitu ahalko dute, Nafarroako Atletismo Federazioak streaming bidez bere webgunean eskainiko baitu lasterketa (www.fnaf.es). Zenbait korrikalarik Go Pro kamarak dituztela egingo dute korrika eta ziur irudi bikainak ikusiko direla.