Dantzaleku Kirol Guneari bultzada eman zitzaionetik 50 urte bete dira

Maider Betelu Ganboa 2021ko ots. 16a, 12:00
NKJ-en Nafarroako Atletismo Txapelketako jardunaldia 2018an, Dantzalekun.

Duela 50 urte, 1971. urtean, egungo Dantzaleku Kirol Gunea dena egiteko aurrerapauso handia eman zen, eta igandean jokatu zen Altsasuko Kroseko antolakuntzak gertakari horiek gogora ekarri nahi izan zituen eta merezitako aitortza egin

1971 urteko ilbeltzaren 25ean, duela 50 urte, Nafarroako Diputazioko delegazio bat, orduko Nafarroako Foru Diputatu Miguel Javier Urmeneta eta Jose Maria Salinas kirol delegatu probintziala buru zirela, Altsasun izan ziren. Orduko Altsasuko alkateak, Andres Fernandez de Garaialde y Lazkanok, egin zien harrera Altsasuko udaletxean, idazkaria eta Sociedad Deportiva Alsasua taldeko ordezkaritza bat alboan zuela. Besteak beste, Dantzalekuko parajeak eta inguruneak ikusten ibili ziren, Altsasun kirol gune bat jaso ahal izateko. Izan ere, Altsasuk soilik kirol instalazio bakarra zuen, Burunda pilotalekua, eta Altsasuren populazioa kontuan izanda, Altsasuko Udalak aurretik Nafarroako Diputazioari herrian kirol instalazioren bat eraikitzeko egindako diru laguntza eskaria, logikoa eta justua zen. 

Nonbait, aurreko alkatearekin, Jesus Etxarrirekin, hasi ziren herrian kirol instalazioak egiteko lehen pausoak. Hori azaldu du Peio Bergarak. 1970. urtean, Altsasuko Udalak sortutako batzorde bat herriko igerilekuak izango zirenak non jaso erabakitzeko herriko txokoak aztertzen hasi zen. Basomutur eta Dantzaleku izan ziren proposamenetako batzuk. Orduko Diario de Navarran Belarrak jaso zuenez, “Gortaril Beiner jaunak proiektuaren zirriborro bat egiteko ardura hartu du, ondoren batzordean aurkeztu beharko duena, Altsasuko Udalari aurkeztu baino lehen, honek onartu edo atzera bota dezan”. Bestalde, 1970ko abuztuaren 7ko Diario de Navarran jasotzen denez,  Sociedad Deportiva Alsasuak Dantzalekun futbol zelai bat egiteko asmoa zuen, modu probisionalean. Ordura arte fabrika batek utzitako lursailean jokatzen zuen Altsasuk, Ibarrean, baina Sunsundeguik bere instalazioak zabaltzeko lursaila behar zuen eta garaiko prentsan jasotzen denez, “honen aurrean, Sociedad Deportiva Alsasuak, irailaren hasieran 2. erregional mailan hasiko duen denboraldiari begira, Dantzalekun behin behinean futbol zelaia prestatzea, ez du besterik. Bertan, Jaungoikoak lehenbailehen nahi dezala, Altsasuk Kirol Gunea jasoko da”. Abenduan oraindik ez zen lekualdatzea egin, baina aurki egingo zela pentsatzekoa da. 

Aipatu bezala, 1971. urtean Dantzaleku Kirol Gunea jasotzeko egitasmoari behin betiko bultzada eman zitzaion, Nafarroako Foru Diputatu Miguel Javier Urmenetaren eta Diputazioko delegazioaren bisitarekin. Nonbait, Dantzalekuko parajeko edertasunarekin harrituta geratu ziren Urmeneta eta Salinas. Eta orduan hasi ziren Dantzaleku Kirol Gunea izango zena jasotzeko pauso garrantzitsuak. 

Miguel de la Quadra-Salcedo kazetari, abenturazale eta atleta handia zenaren anaia batek, Ernesto de la Quadra-Salcedo arkitektoak egin zuen Dantzaleku Kirol Gunearen diseinua eta aurre proiektua. 1971 urtean Nafarroako Diputazioko delegazioak egindako bisitan ere izan zen de la Quadra-Salcedo. Hainbat fasetako plana idatzi zuen, lehentasunetatik hasita: futbol zelaiak (1971. urtean) eta igerilekuak eta harmailak (1972). Geroago egin ziren atletismo pistak. 

Garai haietan Sociedad Deportiva Alsasuak kirol guztiak batzen zituen, eta atletismo atala ere bazuen, baina urteekin Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak atletismoaren sustapena hartu zuen bere gain eta gaur egun ere lan horrekin jarraitzen du. Egun, 180 bazkide inguru ditu klubak. 

Aurrekariak

Aipatzekoa da Altsasun korrikalari bikainak egon izan direla. Esaterako, Jesus Aldasoro, Julian Martinez “Ubilla” edo Candi Arnanz izan ziren 50-60. hamarkadako korrikalari altsasuarrak, lasterketa oso garrantzitsuetan aritu zirenak. Esaterako, Jesus Aldasorok, Felipe Villarrealek, Jose Luis Unzuk eta Miguel de la Quadra-Salcedok ordezkatu zuten Nafarroa Espainiako Atletismo Txapelketa batzuetako 4x400 erreleboko proban. 

Mariano Harok Altsasun Espainiako Kros Txapelketa irabazi zuenekoa
Altsasuko Krosa Nafarroako kros beteranoena da. 1973. urtean antolatu zen lehen edizioa. Aurten 34. edizioa jokatuko da, baina ez da urtero antolatu izan, zenbait urtetan ezinezkoa izan da da.   Orduko korrikalari ezagunenak, Santiago de la Parte, Fernando Cerrada eta Mariano Haro bera, Altsasuko Krosean aritu izan dira. Aipatzekoa da 1978an Espainiako Kros Txapelketa hartu zuela Altsasuk, eta Mariano Haro izan zela txapeldun handia, Fernando Cerradaren eta Jose Luis Gonzalezen aurretik.

Erlazionatuak

Korrikalariak Dantzalekura begira

Maider Betelu Ganboa 2021 ots 12 Altsasu