Atletismoa / Krosa

Nagore eta Carrera Dantzalekun txapeldun

Maider Betelu Ganboa 2021ko ots. 22a, 13:20

Israel Arbizu eta Izaskun Beunza 34. Altsasuko Krosean lehen sakandarrak izan ziren. Proba herrikoian Abdelkader Louaar eta Haizea Ramirez de Alda gailendu ziren, eta Nafar Kirol Jolasetan Dantzalekuko neska-mutikoak bitan igo ziren podiumera

Eguzkia lagun, Dantzalekun eta Usolarrainen barna prestatutako zirkuitu zoragarrian jokatu zen 34. Altsasuko Krosa, aldi berean Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa izan zena. Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak eta Nafarroako Atletismo Federazioak antolatu zuten, eta osasun arau guztiak beteaz kirola egin daitekeela erakutsi zuten. 
Proba guztiak kontuan hartuta, 700 korrikalari inguruk gozatu ederra hartu zuten Dantzalekun. Lasterketak streaming bidez eskaini zituen Nafarroako Atletismo Federazioak.  

Dantzalekuri zorionak
Nafarroako Atletismo Federazioko presidente Rodrigo Gonzalez Dantzalekun izan zen. Atletismoak une gozoa bizi duela nabarmendu zuen. “Pandemia dela eta, guraso askok euren seme-alabak atletismoan izena emateko hautua egin dute” azaldu zuen. Halaber, Dantzaleku Sakana kluba zoriondu zuen Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa antolatzeko izandako prestutasunagatik. “Dantzalekukoek atletismoa eta kirola bizi egiten dute. Altsasu beti izan da erreferentzia atletismoan. Halaber, Dantzaleku Sakana tradizio handiko kluba da, lan handia egiten duen kluba. Korrikalariak oso gustura aritu dira gaur eta guztia ongi atera da” azpimarratu zuen. 

Krosa antolatzeko Dantzaleku Sakana Klubak 25 boluntario ingururen laguntza izan zuen. “Lan talde honi eskerrak eman nahi dizkiegu, bihotzez, guztia ongi ateratzeko lan itzela egin zutelako” azaldu du Dantzaleku Sakana Atletismo Klubeko kide Peio Bergarak. 

Louaar eta Ramirez de Alda azkarrenak proba herrikoian
Proba goiztiarrena Altsasuko Kroseko proba herrikoia izan zen. Goizeko 9:00etan, tarteka oraindik lainoa zegoela, Dantzaleku pistetatik atera ziren korrikalariak. Antolakuntzak prestatutako zirkuituari hiru itzuli egin zizkioten, 5.500 m osatuz. 70 korrikalari inguruk hartu zuten parte eta Abdelkader Louaar izan zen azkarrena, Mikel Astiz ihabardarraren eta Pello Lopezen aurretik; Dantzaleku Sakanako Jokin Bereziartu altsasuarra laugarren sailkatu zen. Emakumezkoetan Haizea Ramirez de Alda altsasuarra gailendu zen, Sara Modregoren eta Maialen Eliaren aurretik.

Peio Bergara: "Dantzalekuko harrobia indartsu dator, eta hori poztekoa da"

NKJ: 500 korrikalari eta Dantzalekuren bi podium
Segidan kategoria txikikoen Nafar Kirol Jolasak jokatu ziren. 500 korrikalari inguru lehiatu ziren guztira, Nafarroako hainbat txokoetatik etorrita, gogo biziz, 10 kategoriatan banatuta. Tartean Dantzaleku Sakana Atletismo Eskolako neska-mutikoek parte hartu zuten eta oso maila ona eman zuten, bi aldiz igo baitziren podiumera. 10 urtez azpiko mailan emakumezkoetan Dantzaleku taldea gailendu zen, merezimendu osoz, eta 12 urtez azpiko gizonezkoetan Dantzaleku bigarren sailkatu zen. “Dantzalekuko gaztetxoak oso ongi aritu ziren. Harrobia indartsu dator, eta hori poztekoa da oso” aipatu du Peio Bergarak. 

Nafarroako Kros Luzea
Azkenik, federatuen mailako 34. Altsasuko Krosa jokatu zen, aldi berean Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa izan zena. 8.900 metroko lasterketa izan zen, eta korrikalariek zirkuituari 5 buelta eman behar izan zizkioten. Ez zen sorpresarik egon eta emakumezkoetan Alicia Carrera (34:17) eta gizonezkoetan Javier Nagore (29:36) gailendu ziren. Biek aurreko urteko titulua berritu zuten. Nafarroako Atletismo Federazioak atleta nafarrek Altsasun egindako lana aintzat hartuko du Espainiako Kros Txapelketa Luzeko Nafarroako ordezkaritza hautatzeko. 

Dantzaleku, mitikoa
Alicia Carrerak Nafarroako Kros Luzeko bere hirugarren txapelketa lortu zuen Dantzalekun, sailkatu ziren 20 emakumezkoen artean gailendu eta gero. “Dantzaleku mitikoa da. Gozatu dut, baina kosta egin zait, bi 3.000 metroko jarraian daramatzadala nabaritu baitut” aitortu zuen. Maite Gonzalez oso gertu sartu zen (34:51), bera izan zen lehen 23 urtez azpiko korrikalaria, eta Ana Llorensek podiuma osatu zuen (35:54). Izaskun Beunza olaztiarra izan zen lehen sakandarra, helmugan 8. postuan sartu eta gero (37:15). 

Gizonezkoetan Javier Nagore proba osatu zuten 82 korrikalarien artean azkarrena izan zen (29:36). Dantzaleku gustuko duela aitortu zuen Nafarroako txapeldunak, bere ezaugarriei ongi egokitzen zaiola. Helmugarako buelta eta erdi falta zenean erritmoa bizkortu, tartea atera eta bakarrik iritsi zen helmugara. 13 segundo atera zizkion Marcos Yanizi, eta Ayrton Azkuek osatu zuen podiuma (30:05). Israel Arbizu etxarriarra izan zen lehen sakandarra, helmugan 8. postuan sartu eta gero (31:03). 

Bestalde, aipatzekoa da 20 urtez azpiko Nafarroako txapelketan aritu ziren korrikalariek, 5 emakumezkok eta 14 gizonezkok, 5.500 metro osatu behar izan zituztela eta Sara Prados (21:27) eta Hamza Bouazzaoui (18:37) gailendu zirela. 

 

Sakandarrak federatuen 34. Altsasuko Krosean (Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa)

-Emakumezkoen absolutua (8.900 m)
1.Alicia Carrera 34:17
8.Izaskun Beunza 37:15
19.Leire Estarriaga 39:39

-Gizonezkoen absolutua (8.900 m)
1.Javier Nagore 29:36
8.Israel Arbizu 31:03
23.Sergio G. Eulate 32:54
27.Ivan Sobredo 32:59
29.Iraitz Senar  33:06
34.Adur Senar  33:27
35.Asier Estarriaga 33:42
36.Mikel Berdud 33:47
41.Aritz Etxeberria 34:17
54.Emilio Guirado 36:20
60.Isidro Asurabarrena 36:40


Nafar Kirol Jolasak. Nafarroako Taldekako Kros Luzeko Txapelketa
-10 urtez azpiko emakumeak: 1.Dantzaleku.
-10 urtez azpiko gizonak: 1. Cantera. 4. Dantzaleku.
-12 urtez azpiko emakumeak: 1. Ribera Atletico. 6. Dantzaleku.
-12 urtez azpiko gizonak: 1. Hiru Herri. 2. Dantzaleku.
-14 urtez azpiko emakumeak: 1. Gana.
-14 urtez azpiko gizonak: 1.Pamplona Atletico.
-16 urtez azpiko emakumeak: 1. Ribera Atletico. 
-16 urtez azpiko gizonak: 1. Hiru Herri.
-18 urtez azpiko emakumeak: 1. Hiru Herri. 
-18 urtez azpiko gizonak: 1. Hiru Herri.