Altsasuko Kroseko proba herrikoian aritu zinen. Urteko lehendabiziko proba izan zen zuretzat?
Ia urte oso bat neraman lehiatu gabe, oso proba gutxi antolatu dira orain arte. Kros hau antolatuko zela ikusi nuenean, eta gainera Altsasun, ez nuen zalantzarik izan bertan izena emateko. Gogotsu nengoen, ilusionatuta. Halakoak antolatzen hasteko gogotsu gaude.
Nahiz eta zuek korrika egitera atera, lasterketarik ez badago ez duzue berdin entrenatuko.
Ez. Azkenean ni nire kabuz korrika egitera ateratzen naiz, mendira ateratzen naiz, baina proba batean edo lehiaketa batean pentsatu gabe. Nire buruari esfortzu gutxiago eskatzen diot. Txapelketak izaten dira nire benetako entrenamendua, hor estutzen dudalako benetan nire burua.
Altsasuko kros herrikoirako zein aurreikuspen zenituen?
Besterik gabe, lasterketan parte hartzea. Ez nuen beste aurreikuspenik. Ez nuen irabaztea espero, normalean halako kros laburretan edo distantzia motzetan ez naizelako ibiltzen. Distantzia luzeak, mendikoak, gehiago gustatzen zaizkit. Ez nuen irabaztea inola ere espero.
Eta aurrean zeundela konturatu zinenean zer?
Halako distantzia motzetan hasieratik azkar ateratzen gara, neurrian baina azkar. Hasieratik sufritzen hasi nintzen, egia esan. Bigarren emakumea nintzen, eta aurre aurrean nuen lehenengoa. Lasterketa osoa bion arteko lehia izan zen. Bigarren bueltan aurreratu nuen eta bera nire atzean geratu zen, gertu. Hor ibili ginen, lehia estua izan zen eta ni sartu nintzen lehena, segituan bera nuela.
Irabazterakoan zer sentitu zenuen? Poztasuna?
Bai. Nahiz eta helburua irabaztea ez izan, irabazteak beti poza ematen du, eta gainera herrian bada, gehiago. Katealde etxeko produktuen lote bat jaso nuen eta oso pozik geratu nintzen.
Goizeko 9:00etan atera zen kros herrikoia. Tarteka laino pixka bat zegoen zenbait tokitan.
Hasiera batean aurreikusia zegoen kros herrikoia eguerdi aldera izango zela; izena ematerakoan hori esan zidaten. Baina egun batzuk lehenago goizeko 9:00etara aurreratu zuten eta, egia esan, hasieran nolabaiteko pereza pixka bat eman zidan ordu erdiko proba batetarako horren goiz joan behar izatea. Baina ondoren eskertu nuen, lehenak izan ginenez, gu izan ginelako bertatik pasatzen lehenengoak, eta orduan ez zegoen lokatz gehiegi. Ondoren ibilbidea okerrago zegoen.
Ibilbidea oso polita zen. Gogorra egin zitzaizun?
Gogorra egin zitzaidan baina erritmoarengatik, distantzia motza zenez erritmoa azkarragoa zelako, bestela, ibilbidearengatik ez. Ohituta nago bertatik ibiltzen, eguneroko ibilbidea da niretzat. Lokatza zegoen, baina uste baino gutxiago. Korrika egiteko ez zen deserosoa. Beraz, ongi.
Mendi lasterketetan aritzen zara. Lasterketak antolatuko direla entzuten da. Hala izango dela uste duzu?
Pasa den astean aurtengo Nafarroako Mendi Lasterketen egutegia atera zen eta lehenengo lasterketak maiatzean hasiko omen dira. Ikusiko dugu. Igandean ikusi genuen neurriak mantenduta gauzak antolatu ahal direla, baina ikusiko dugu ea jendea probak antolatzera animatzen den. Izan ere, hori oso garrantzitsua da, eta eskertzekoa da Dantzalekukoek egin zuten lana, hori baita behar dena: jendea probak antolatzera animatzea. Egun, ohikoa baino lan gehiago eskatzen du edozer antolatzeak. Espero dugu hemendik aurrera gero eta lasterketa gehiago antolatzea.
Altsasuko krosak hemendik aurrera beste txip horrekin entrenatzeko pizgarria eman dizue?
Nik, egia esan, ez dut txapelketetan pentsatzen. Hemendik aurrera eguraldia hobetzea eta eguna luzatzea, horrek ematen dit ilusioa, eguna luzatzearekin batera naturalki gero eta gehiago entrenatzen dugulako. Lasterketak antolatzen badira, jakina, horrek ere lagunduko du gehiago entrenatzen. Baina nire helburua ez da hori. Helburua kirola egitea da, eta batez ere mendian gozatzea.
Emakumeen Sakanako Atletismo Taldean aritzen zara oraindik?
Bai, urte askotxo daramatzat. Altsasun emakumezkoen atletismo klaseak hasi ziren eskaintzen ostiraletan, emakumezkoetan artean kirola sustatzeko. Bertan hasi nintzen eta ostiralero emakume talde bat elkartzen gara, oso gustura.
Hor eman zenituen atletismoko zure lehendabiziko pausuak?
Ez. Aurretik nire kabuz ibiltzen nintzen, baina Sakanako Emakumeen Atletismo taldeak atletismoan jarraitzen lagundu zidan. Halakoak garrantzitsuak dira. Iruditzen zait gero eta emakume gehiago ikusten direla kirola egiten, baina batzuei zaila egiten zaie bakarrik hastea, talde bat behar izaten dute, eta horrek laguntzen du.
Dantzalekuko klubeko kidea zara?
Bai, aurten egin naiz taldekoa, kasualitatea (kar kar).
Eta nola ikusi zenuen zure kluba? Kategoria txikietan, kros herrikoian eta federatuen Nafarroako Kros Luzeko Txapelketan talde polita atera zuen Dantzalekuk.
Bai, ikusten da jendea badagoela, gaztetxo nahiko daudela. Dantzalekun aurten gazteen talde berri bat sortu da, mendirako eta pistarako entrenatzen duena, eta gogotsu daudela ikusten da. Kirola egiteari beti ematen diot garrantzia, baina uste dut une honetan kirola egitea are garrantzitsuagoa dela osasun aldetik, bai osasun fisikoaren eta baita mentalaren aldetik. Oso garrantzitsua iruditzen zait.