Pilota

Txapela buruan, Emakume Master Cupa xede

Maider Betelu Ganboa 2021ko mar. 2a, 14:00

Nafarroako Kluben Arteko Emakumezkoen 2. Mailako Binakakoa irabazi dute Altsasuko Pilotajaukuko Udane Vergarak eta Sonia Alonsok. Nafarroako txapeldunak dira, eta Emakume Master Cup txapelketa da euren hurrengo helburua

Nafarroako txapeldunak dira Altsasuko Pilotajauku klubeko Udane Vergara eta Sonia Alonso. Larunbatean, Labriten, Nafarroako Kluben Arteko Emakumezkoen 2. Mailako Binakako finala jokatu zuten Goizuetako Umore Onako Ainhoa Zabaletaren eta Maria Eskuderoren kontra. Partida estu hasi zen, baina berehala Pilotajaukuko bikoaren aldeko kolorea hartu zuen. “Hasieran bi bikoak parean ibili ginen, baina 5. tantoaren ondotik gora egin genuen eta, egia esan, finala nahiko erraz atera genuen aurrera” azaldu du Udane Vergara aurrelariak. Hortik ia zuzenean 22ra joan ziren, 22 eta 9 irabazi baitzuten. 

Bere atzelaria, Sonia Alonso, iritzi berekoa da. “Txapelketan hiru bikote lehiatu gara, gu eta Goizuetako Umore Onako beste bi bikote, Zabaleta-Eskudero eta Arozena-Zelarain. Bi bikoteen kontra aritu ginen finalera sailkatu baino lehen, eta aurretik Zabaletari eta Eskuderori irabazi genien. Beraz, finalean atzera ere eurak irabazteko aukera genuela bagenekien. Nik uste maila gehiago genuela” azaldu du. 

Finalean ikusleen babesa izan zuten, izugarri eskertu zutena. “200 pertsonendako tokia baimendu zuen Nafarroako Pilota Federazioak, eta erdia bete zen gutxi gorabehera. Beraz, etxekoak eta lagunak han izan ziren animatzen eta oso gustura egon ginen. Izan ere, frontoian zaleen falta izugarri sumatzen da. Azkenean, jendeak bultza egiten dizu, animatzen zaitu, eta oso ezberdina da zaleekin edo zalerik gabe jokatzea” nabarmendu du Udane Vergarak. Biak oso pozik daude lortutako txapelekin. Aurten Nafarroako Emakumeen 2. mailako Binakako txapeldunak direnez, pentsatzekoa da datorren denboraldian 1. mailara egingo dutela salto. 
Altsasuko Pilotajaukuko emakumeen talde nagusian lauzpabost pilotari daude, Udane Vergara, Sonia Alonso, Naroa Agirre eta Aroia Berastegi tartean. “Astean behin entrenatzen dugu, ostiraletan, eta gero bakoitza bere kabuz aritzen da. Bi astez behin Andrea Lusarreta palistak entrenatzen gaitu. Ni Iruñean nago astean zehar, eta ostiraletan, Altsasura natorrenean, bi orduz entrenatzen dut frontoian. Gero, nire kabuz  korrika, indarreko entrenamenduak eta beste egiten ditut” dio Vergarak. Pilotajaukuk talde polita duela uste du, emakumeen taldeak bizpahiru urte dituela kontuan hartuta. Talde nagusian ez dira asko, baina gazteak gogotsu badatoz, taldea sendotuko da. “Atzetik datozen txikien taldekoak indartsu datoz” nabarmendu du Vergarak. Horrela bada, etorkizuna badago. 

Sonia Alonso: "Azkenean kirol baten alde egin beharko dut; plota oso gustuko dut"

Sonia Alonsoren Nafarroako bigarren txapela
Sonia Alonsoren denboraldi honetako bigarren txapela da larunbatean Labriten jantzi zuena. Abenduan Nafarroako Kluben Arteko Emakumezkoen 2. Mailako Buruz Buruko txapela irabazi zuen Oberenako Garazi Lasari 18 eta 9 irabazita. Harritzekoa da, pilotaren munduan “nahiko berria” dela esaten baitu Soniak. “Betidanik gustatu izan zait pilota. Aurreko urtean Pilotajaukurekin pilotan federatu nintzen, baina ezin dut Pilotajaukuko entrenamenduetara joan. Nire kabuz entrenatzen dut, lagunekin eta anaiarekin” aitortu digu. 
Izan ere, emakume lanpetua da Sonia. Olaztiko lantegi batean lan egiten du, lanaldi zatituan, eta pilotaria izateaz gain, futbolaria eta korrikalaria era bada. Altsasuko emakumezkoen futbol taldeko jokalaria da eta ostiralean ditu entrenamenduak, hain justu Pilotajaukuko entrenamenduak direnean. Eta Dantzaleku Sakanarekin atletismo entrenamenduak izaten ditu asteazkenetan eta larunbatetan. Hori gutxi ez balitz, Pilotajaukuko gaztetxoen taldeko entrenatzailea da. 

“Duela 6 urte goi mailako kirolari buruzko ikasketak egin nituen Gasteizen, Aktibitate Fisikoen eta Kirol Irakaskuntzako eta Animazioko Goi Mailako Teknikari ikasketak. Futbol entrenamenduak gidatzen egon nintzen 2 urtez, eta joan den urtean Pilotajaukutik entrenamenduak egiteko deitu ninduten. Animatu nintzen, eta horretan nago. Astelehenetik ostegunera egunero ordu eta erdi nabil entrenatzaile, pilotako taldean 8 neska ditut eta palakoan 10. Gustura gabiltza, pixkanaka hobetzen” aipatu du Soniak. 

Nola edo ahala, pilotan entrenatzeko tartea ateratzen du Soniak. Egoera kontuan hartuta, dohainak dituela agerikoa da. Bi txapel lortzea ez da nolanahikoa. Gainera, edozein postutan joka dezake, jokatzen duen bikotearen arabera. “Udanerekin atzelari ibiltzen naiz, baina aurrelari ere moldatzen naiz. Aurrelari postua gehiago gustatzen zait” azaldu du. Altsasuarra kontziente da azkenean zerbaiten alde egin beharko duela. “Esan didate ea Latasan pilota entrenatu nahi dudan. Beste ordutegi bat dute, hobeto datorkidana. Kirol askotan nago sartuta, eta azkenean aukeratu beharko dut. Datorren urtean agian futbola utziko dut eta pilotan zentratuko naiz, baina oraindik ez dut argi. Guztia aztertu beharra dut” aitortu du. 

Udane Vergara: "Oso gustura nabil pilotan, eta gauzak ongi ateratzen ari dira. Eta aurrera"


Emakume Master Cup erronka
Udane Vergararen eta Sonia Alonsoren hurrengo erronka Emakume Master Cup Binakako Pilota Txapelketa da. Izena eman dute, baina txapelketa atzeratu egin da. Astelehenean aurkeztu zuten, Bilbon. Udane Vergarak bi urte daramatza Masterrean jokatzen, baina Alonso aurten estreinatuko da. “Gogotsu nago; ea nola ateratzen den. Ilusioa dut, Euskal Herriko klub guztietako pilotariak daudelako. Beste pauso bat litzateke” dio Alonsok. 
Vergarak pilotaren aldeko apustua egina du, aurretik futbolean aritzen baitzen, eta ez da damutu. Oberenan aritu izan da, orain Pilotajaukun, eta baita Nafarroako selekzioan ere. “Oso gustura nabil pilotan, eta gauzak ongi ateratzen ari dira. Beraz, aurrera” dio. Nafarroako Binakakoa ez da Vergarak duen pilota txapela bakarra. “Espainiako Txapelketako urrezko domina dut, Nafarroako selekzioarekin GRAVNI txapelketakoa, gero klubeko beste bi, Gabonetako Txapelketa eta beste bat, eta orain hau, Nafarroako txapela. Oso pozik nago” azaldu du. Master Cupean gain, Nafarroako selekzioan du burua. “Aurrekoan aipatu ziguten prest egoteko. Ea Nafarroako selekzioarekin entrenatzen hasteko deitzen gaituzten. Aurki GRAVNI eta halako txapelketak hasiko dira, eta badaezpada prest egon beharko dugu” dio Vergarak.