Sakana Triatloi Taldeak eta Nafarroako Triatloi Federazioak igandean Dantzalekun antolatutako Altsasuko 1. Duatloi Krosa duatloiaren festa ederra izan zen. Eguraldiak eutsi egin zuen eta Dantzaleku, Usolarrain eta San Pedroko paraje zoragarrietan jokatutako proba arrakastatsua izan zen. Aurreko astean krosean ibili ziren duatletek nabarmendu zutenez, ibilbidea lehorregia zegoen, korrika egiteko eta bizikletan egiteko gogorregia akaso. Baina guztiek gozatu ederra hartu zuten. Segurtasun neurriak beteaz kirola egin daitekeela nabarmendu zuten atzera ere antolatzaileek eta guztia behar bezala ateratzeko 25 pertsona aritu ziren lanean. Ikusle dezente hurbildu ziren Dantzalekura eta giro oso polita egon zen. Aipatzekoa da ere Nafarroako Triatloi Federazioak proba streaming bidez eskaini zuela.
Hegoi Lakuntza txapelduna NKJ-etan
Goiztiarrenak Nafar Kirol Jolasetan parte hartu zuten kadeteen eta jubenilen mailako 36 neska-mutikoak izan ziren. 1,8 km korrika, 8 km bizikletan eta 1 km korrika osatu behar izan zituzten. Hegoi Lakuntza Zelaia altsasuarrak (Saltoki Trikideak) erakustaldi polita eman zuen eta proba irabaztea lortu zuen (34:06), bere taldekide Aiert Mendiorotzen (34:41) eta Sergio Ajonaren (34:53) aurretik. Emakumezkoetan Jennifer Lopez-Roso (Ur Gazia) izan zen azkarrena (38:59).
Erreleboetan 30 bikote
Ondoren erreleboen proba jokatu zen. 30 bikotek hartu zuten parte, batak korrikako segmentua eta besteak bizikletakoa osatuz. Bikote horietatik 18 sakandarrez osatutako bikoak ziren. Herritarren parte hartzea sustatu nahi zuzen antolakuntzak, eta helburua lortu izanagatik oso pozik zeuden. Osasun neurriak jarraituz, partaideak hirunaka atera ziren Dantzalekuko pistetatik, 10 segundoko tartearekin. Korrikako segmentua osatu zutenek zirkuituari hiru buelta egin zizkioten (4,2 km), ondoren bizikleta segmentukoek 12 km osatu zituzten eta, bukatzeko, korrikalariek buelta bat eman zioten zirkuituari eta pistei itzuli bat (1,5 km). Probak irudi oso politak utzi zituen, lehia polita izan baitzen. Azkenean, gizonezkoen erreleboetan Pablo Zubillaga eta Peio Lopez izan ziren azkarrenak (50:19), nagusitasun handiz, ia 3 minutu atera baitzizkieten Ibai Goñi eta Aitor Blancori (53:09). Lehen sakandarrak Tomas Guirado eta Ivan Sobredo izan ziren, sailkapenean laugarrenak (45:39). Errelebo mistoetan Erreka Gil eta Maialen Elia gailendu ziren (56:32) eta emakumezkoetan Ines Moreno eta Leire Estarriaga etxarriarra (1:03:02).
Irteera hartu zuten 30 bikoetatik 27 sailkatu ziren. Aipatzekoa da bizikleta segmentuan Urko Berdud eta Arkaitz Munarriz erretiratu zirela, mina hartuta. Azken honek erorikoa izan zuen eta lepauztaian zuen mina artatzera anbulantzian eraman zuten.
Mikel Astizen nagusitasuna
Eguerdiko 12:30ean abiatu zen 1. Altsasuko Duatloi Krosa, aldi berean Nafarroako Duatloi Txapelketa zena. Erreleboetako probako distantzia bera zuten, 17,7 km guztira. 66 duatleta zeuden izena emanda eta horietatik 59 sailkatu ziren. Hauek ere txandaka atera ziren, baina hasieratik ikusi zen Mikel Astiz arakildarra (Donibane-Onhaus) ziztu bizian atera zela. Ihabarkoak lehia oso estua izan zuen Diego Latasarekin eta Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate sakandarrarekin. Euren artean erabaki zen proba. Mikel Astizek aurrea hartu zuen berehala, eta gutxika errenta ateratzen hasi zen, helmugara bakar bakarrik iritsi zenera arte (51:30). Bigarrena Diego Latasa izan zen (52:35) eta hirugarrena Sergio Garcia de Eulate (52:52). Beraz, podium sakandarra izan zen.
Emakumezkoetan 18 urteko Idoia Eraso iruindarra gailendu zen (1:03:40), Nafarroa Ermitagaña taldeko txirrindularia. Lasterketa polita izan zela nabarmendu zuen. Bi minutu atera zizkion Claudia Martinezi (1:05:47), baina azken honek lortu zuen Nafarroako txapeldunaren saria, Eraso soilik Altsasuko probarako federatu zelako. Sakana Triatloi taldeko Silvia Perez bosgarrena sailkatu zen (1:16:07).
Bergara, beteranoen txapelduna
Aipatu beharra dago ere Sakana Triatloi Taldeko Peio Bergara Nafarroako txapelduna izan zela beteranoen 3. mailan (1:15:52).
Sakandarrak Altsasuko 1. Duatloi Krosean
1. Altsasuko 1. Duatloi Krosa-Nafarroako Txapelketa
Gizonak
1.Mikel Astiz (Donibane) 51:30
3.Sergio Garcia de Eulate (Sakana) 52:52
8.Felix Benjumea (Sakana) 55:20
16.Iñaki Alvaro (Sakana) 57:02
23.Mikel Lakuntza (Sakana) 1:00:38
28.Juan Luis Maiza (Sakana) 1:02:55
42.Jorge Iradi (Sakana) 1:06:05
53.Raul Moro 1:11:47
55.Peio Vergara (Sakana) 1:15:52
Emakumeak
35.Idoia Eraso 1:03:40
56.Silvia Perez (Sakana) 1:16:07
2. Erreleboak
1.Pablo Zubillaga / Peio Lopez 50:19
4.Tomas Guirado / Ivan Sobredo 53:39
9.Xabier Borrega / Javier Borrega 56:06
10.Beñat Iglesias / Gorka Martinez 56:13
11.David Crespo / Isidro Asurabarrena 56:15
12.Iker Eraso / Aritz Etxeberria 56:23
18. F. Javier Gonzalez / Gregorio Rodriguez 1:00:05
19.Xabier Mazkiaran / Adrian Claver 1:00:09
24.Ines Moreno / Leire Estarriaga 1:03:02
3. Nafar Kirol Jolasak
Jubenilak mutilak:
1. Hegoi Lakuntza (Saltoki) 34:06
Jubenilak neskak:
1.Jennifer Lopez-Rosso (Ur Gazia) 38:59
Kadeteak mutilak:
1.Aiert Mendioroz (Saltoki) 34:41
3.Ekain Imaz (Sakana) 37:33
5.Alain Razkin (Sakana) 38:59
8.Hegoi Garcia (Sakana) 42:38
9.Ekaitz Perez (Sakana) 45:06
11.Oier Carabias (Sakana) 47:21
Kadeteak neskak
1.Ane Arrosagaray (Saltoki) 42:13
*Oharra: Sailkapenean ez zen kirolarien jaioterrien daturik ematen; beraz, sakandarren bat ez agertzea gerta daiteke.