Mikel Astiz

“Dantzalekukoa niretzako moduko zirkuitua zen, esplosiboa eta gogorra”

Maider Betelu Ganboa 2021ko mar. 3a, 13:30

Otsailaren 21ean bere lehendabiziko duatloi proba irabazi zuen Ihabarko triatletak, Altsasuko 1. Duatloi Krosa, eta oso pozik dago. Nagusitasun handiz gailendu zen, eta Nafarroako Duatloi Kros txapelduna da

 

Altsasuko 1. Duatloi Krosan ziztu bizian atera zinen...
Pandemiagatik formatua aldatu da eta ez ginen guztiak batera atera, txandaka baizik. Gainontzekoen erreferentziarikk ez zeudenez, hasieratik ahal den azkarren atera nintzen. Bestalde, ia urte osoa neraman dortsala jarri gabe eta egia esan, lehiatzeko gogotsu nengoen. Eta gainera proba hemen izanda, Altsasun, ezagunen aurrean… pasada bat izan zen. 

Zale oso animatuak zenituen, behin eta berriz zu animatzen.
Bai (kar, kar…) Ezin naiz kexatu. Etxekoek ezin izan zuten Dantzalekun egon, baina etxetik jarraitu zuten lasterketa, streaming bidez. Lasterketa Youtuben dago ikusgai, “Deportenavarro” kanalean. Irudiak oso politak dira. 

Gainontzekoen denboraren erreferentzia faltak urduri jarri al zintuen?
Ni normalean ez naiz urduri jartzen, baina aitortu beharra dut igandean pittin bat banegoela. Bihurguneetan gertukoak kontrolatzen nituen, baina atzekoak nola dauden ez dakizu. Banekien ongi nenbilela eta errenta polita nuela, baina helmugara iritsi eta sailkapena ikusi arte ez zaude lasai. Guztiak batera ateratzen garen irteera bat akaso politagoa da, ikusgarriagoa, eta taktikak bestelakoak dira, baina erlojupekoan ateratzeak proba jokatzeko modua aldatzera behartzen gaitu. Bakoitzak ahal duen indarrarekin aurrera egiten du, eta ongi ibiltzeko zure gorputza gehiago ezagutu beharra duzu. Alde horretatik, akaso hobe datorkit; nire gorputza ongi ezagutzen dut, eta badakit nire mugak non ditudan. 

Zirkuitua ederra zen, baina lurra oso gogorra zegoela entzuten zen.
Duela bi aste Altsasuko krosean parte hartu nuen, maila herrikoian. Aurretik zirkuitua probatzen ibili ginen eta orduan lokatz asko zegoen. Igandeko duatloian oso lehorra zegoen, baina niretzat eroso. Niretzako moduko zirkuitua zen, esplosiboa eta gogorra. 

Nagusitasunez irabazi zenuen eta Nafarroako Duatloi Kros txapelduna zaitugu. Maila hori izatea espero zenuen? 
Oso pozik nago. Neguan dezente entrenatu dut, igeriketa bereziki, nire alderik ahulena delako. Banekien aurrean egongo nintzela, baina ez nuen uste horrenbesteko aldea aterako nuenik. Oso ongi sentitu nintzen, eta, orduan, sinistu nuen. Altsasukoa izan da irabazi dudan lehen duatloi lasterketa, etxean, eta oso pozik nago. Duela bizpahiru urte Nafarroako Duatloi Luzeko Nafarroako txapelduna izan nintzen. Ez nuen proba irabazi, baina lehen nafarra nintzenez, txapela jantzi nuen. Baina lasterketa absolutu bat irabaztea beste gauza bat da. Aurretik ere konfiantza nuen, baina garaipen batek konfiantza gehiago ematen du. 

Nola ospatu zenuen?
Bosgarren sailkatu zen Xabier Ordunarekin batera. Biok Altsasun bazkaldu genuen, bokata pare bat, oso gustura. Kirol honetan lagun asko ditut, eta oso harreman ona. 

Bizikletan aritzen omen zara hobe korrikan baino, baina igandean bietan eroso ikusi zintugun. 
Urte pare bat daramatzat korrikan asko hobetu dudala. Pare bat kilo jaitsi ditut, finago nago eta errazago egiten dut korrika. Eta hori lasterketetan nabaritzen da. Nahiz eta igandean hala ez izan, normalean podiuma segundo gutxiren aldearekin erabakitzen da, eta abiadura pixka bat gehiago badaramazu, nabaritzen da. 

Nola ikusi zenituen gainontzeko duatletak? Sorpresaren bat hartu zenuen?
Azkenean denok ezagutzen dugu elkar. Zalantza bakarra Nafarroan federatuta dagoen Hendrik Becker alemaniarrarekin nuen. Nirekin batera atera zen, eta ez nintzen oso fio. Horregatik ere erabaki nuen hasieratik indartsu ateratzea, berak nola erantzuten zuen ikusteko. Atzean nuen, nahikoa sufritzen, eta pentsatu nuen: “hau da nire aukera”. Sergio Garcia de Eulaterekin tarteka elkarrekin entrenatzen dugu; zirkuitua batera ikusi genuen. Banekien Sergio bera eta nor gehiago egongo ginen aurrean. Gutxi gorabehera aurreikusitakoa bete zen, baina ezagutzen ez dudan bateon bat sartu zen aurrean, beti sorpresaren bat egoten baita. 
Emakumezkoetan Idoia Eraso izan zen txapelduna, 18 urterekin. Jose Javier Zabaleta pilotaria han zegoen lehengusina animatzen...

Bai, Josek askotan hitz egiten dit bere lehengusinaz, bizikletan bereziki ongi ibiltzen dela. Nik igandera arte ez nuen ezagutzen, eta oso ongi ikusi nuen. Oso gaztea da eta progresio handia du. 
Hemendik aurrera zein izango dira erronkak? 
Datorren duatloia martxoaren 6an jokatuko da, Basaburuako Duatloia. Martxoaren 20an Altsasuko Duatloia izanen da, Ibarrean, eta badirudi Arbizukoa ere aterako dela… Baliteke proba batzuk atzeratzea, baina entzuten denez, ia proba guztiak eginen dira. Niri duatloia asko gustatzen zait, triatloia baino gehiago. Duatloi denboraldirako sasoian egoten naiz, eta gero, triatloian, half distantziako zenbait proba aukeratzen ditut eta horietan dena ematen saiatzen naiz, IruÒekoan, esaterako. Aurten ere Tarragonan Delta del Ebro triatloia egiteko asmoa dut.

Behintzat martxan zaudete, eta hori ez da gutxi. 
Gu ezin gara kexatu. Badaude beste kirol batzuk egoera okerragoan daudenak. Federaziotik aipatzen digute probak antolatzeko gogotsu daudela, ea horrela den. 

30 urte dituzu. Kirol honetan aritzeko akaso unerik onenean zaude, ez?
Nire momenturik onenean nago. Esaten da gure kirolean 30 eta 32 urte tarte horretan izaten direla urterik onenak eta nik, behintzat, horrela ikusten dut. Sei urte daramatzat mundu honetan eta orain arte hobetzen joan naiz. Ez dakit zenbateko progresiorako tartea izango dudan, gutxi izanen da, ziur. Bitartean aprobetxatzera. 

Krosean baino hobe ibiltzen al zara asfaltoan? 
Aurten hiru kros egin ditut, urrian bi, Beasainen eta Ibarran, gero Altsasuko krosa eta igandean duatloi krosa. Gustura ibiltzen naiz mountain bikearekin, baina nahiago dut asfaltoa. Mendi lasterketetan ere aritu izan naiz, baina ez ditut behar bezala prestatzen eta ahal dudana egiten dut.  Etxarriko Mendira Joan Etorria, Olatzagutia-Urbasa, eta Triku Trail, azken hau bitan, egin izan ditut. Aurten ere nahiko nuke mendi lasterketaren bat egin. 

Lana, entrenamenduak… lehertuta bukatuko duzu. Merezi al du? 
Bai. Sakana Kooperatiban lan egiten dut, hiru txandatan. Baina kirola ikabe eta lehiatu gabe ezin dut bizi, eta niretzat ez da inolako sakrifizioa. Oso lehiakorra naiz, betidanik entrenatu eta lehiatu izan naiz, eta gorputza ohitu egiten da. Orain lehen baino ordu gutxiago sartzen ditut entrenatzen. Ez ditut horrenbeste ordu behar, gorputza egina dudalako. 

 

Erlazionatuak