Geroa Bairendako “positiboa” da Lanbide Heziketako kirol zikloak mantentzea

Guaixe 2021ko mar. 10a, 12:52
Lanbide Heziketako institutua.

Azpimarratu duenez, “egun funtzionatzen duten zikloak mantentzea beste erabakirik ez genukeen ulertuko, ibilbide luzekoak baitira, eta Altsasu erreferente bihurtu baitute”.

Sakana Lanbide Heziketa institutuan Erdi-mailako Mendi eta Eskalada zikloak mantendu eginen direla iragarri zuen Maria Txibite Navascues presidenteak atzo. Altsasuko Geroa Bairendako iragarpena positiboa da, “prestakuntza horiek Sakanako Plan Estrategikoarekin eta Lanbide Heziketako Plan Estrategikoarekin lerraturik daude, enplegagarritasun maila handia dute eta, horren bidez, populazioari eusten diote eta lurralde kohesioa sortzen dute”. 

Koalizioaren Altsasuko taldearen iritziz, “Hezkuntza Departamentuak arazo bat sortu zuen, eta horrekin beharrezkoa ez zen kaltea eragin du. Ziklo horiek deuseztapenak ez lukeela babes politiko, sozial edo hezkuntza alorrekorik edukiko, ez gobernu kideena ez eta eskualdeko eragile eta erakundeena ere”. Kirol ikasketak mantentzeaz aparte, ikastetxearen eskaintza handitzea balioetsi du Altsasuko Geroa Baik, “gainera, euskaraz, Lanbide Heziketan etorkizun gehien duen aukeretako batean alegia, Mikroinformatika Sistemen eta Sareak ziklo berriarekin adibidez”. 

Altsasuko Geroa Baitik “oso modu positiboan” baloratu dute “toki erakundeen, gizarte eragileen eta zentroaren beraren artean, eskualdeko garapenerako interes estrategikoen defentsan mantendu den batasuna”. Aldi berean, “poztu” egin dira “ziklo horiek ez kentzeko Hezkuntza Departamentuak azkenean jarrera zentzunduna hartu” duelako.