Sakana Lanbide Heziketa (LH) institutuan heldu den ikasturtean euskarazko bigarren ikasketa izanen du: mikroinformatika sistemak eta sareak, “erdi mailako ziklo hori euskaraz izanen da, eskualdean dagoen eskaerari erantzunez”. Aurretik, 2018-2019 ikasturtetik, Mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzea zikloa euskaraz ikasteko aukera zegoen ikastetxean. Maria Txibite Navascues lehendakariak Sakanako eta Larraungo alkateekin bildu aurretik egin du jakinarazpena.
Lehendakariak azaldu duenez, “ez dut ulertzen LHren inguruan sortu den polemika. Kontseilariak eta LHko zuzendari nagusiak azaldu zuten hitz egiteko prozesu ireki batean geundela, eta ez zegoela inolako erabakirik hartuta. Dagoeneko erabakia hartu da: ez da ziklorik kenduko eta, gainera, mikroinformatika eta sareak zikloa jarriko da”. Txibitek gaineratu duenez, “industria eskualdea da hau, eta eskatzen duen prestakuntza beharretara egokitutako ikasketak dira horiek”. Txibitek ere aurreratu du teknologia gela berria jarriko dela Sakana LH institutuan.