Pandemiaren hasierako uneak ez dakiela nola kalifikatu esan du Maria Chivite Navascues Nafarroako presidenteak. Txinan gertatzen ari zela entzuten zuten, baina ez zuten pentsatzen hona iritsiko zenik. "Gertu ikusi genuen arte". Urte gogorra izan dela aitortu du presidenteak, baina baikor da. Udarako Nafarroako biztanleriaren "%40 edo 60" immunizatuta egotea aurreikusten dute. Gainera, Osasun departamentuak pandemiaren eragina buru osasunean ikertzen ari dela aurreratu du.
Duela urte bat pandemia iritsi zen. Nola gogoratzen dituzu lehenengo momentu horiek?
Italiako lehenengo kasuaz jakin genuenean konturatu ginen Italian baldin bazegoen gurera ere etorriko zela. Momentu horretan ikusi genuen ez zela Txinan bakarrik gertatzen zen zerbait; etorriko zela. Egia da Osasun Publikoko departamentuan hasieratik aritu zela informazioa jasotzen, baina hor konturatu ginen benetan gure gauza ere bazela. Urduritasun eta kezka handiarekin bizi izan nuen. Lehenengoa arazoa izan zen NBEak ez zeudela. Erostera joan ginen eta ez zeuden. Nafarroako enpresen salerosketa sareetatik tiratu behar izan genuen Txinan erosteko. Hausnartzera eraman gintuen, produktu batzuk hemen ekoizteko ahalmena izan beharko genukeela. Orain ari dira Nafarroako enpresak gauza horiek egiten. Eta, bereziki, ezjakintasun handiarekin bizi genuen: zeintzuk dira ondorioak, zein izango da tratamendua, testak falta ziren momentu horretan merkatuan ez zeudelako… Oso gogorra izan zen.
Eta nola kudeatu zetorrena?
Egunero zerbait ikasten genuen. Asko irakurtzen genuen; zientzia aldizkariak eta paperak bilatzen genituen gauzak nola zihoazen irakurtzeko. Nafarroako Osasun Sistemari buruz ere izugarri ikasi dut. Osasun laguntza sistema osoa berrantolatu genuen. Ospitaletan bi zirkuitu egin behar izan ziren. Osasun etxeetara koronabirusarekin gaixo zegoen jendea joaten zen eta bestelako gaixotasuna zutenekin elkartzen ziren. Berrantolaketa oso bat egin behar izan zen. Osasun departamentuak materiala ekartzeko hegazkinak alokatzen ere ikasi zuen. Trebakuntza oso handia izan zen. Sintomak zeintzuk ziren ere pixkanaka jakin genuen; izan ere, usaimena galtzea sintoma bat zela jakin arte denbora pasatu zen. Beraz, trebakuntza ere oso azkarra izan zen. Informazioa elkarbanatzea ezinbestekoa izan da, beste erkidegoekin, Espainiako gobernuarekin baita nazioartean ere.
Aurretik ez zegoen plangintzarik. Ezinezkoa zen horrelako zerbait gertatzea?
Dirudienez orain epidemiologoek esaten dute izan zitekeela gertatu ahal zela horrelako zerbait. Baina momentura arte, ez. Oso urte zaila izan da, min handikoa. Erresidentzietan lan egiten duten pertsonek esaten dutenean ezin zenez inor sartu, adinduen agurra haiei eskutik helduta izan dela… Drama handia izan da. Ni ikasi dugun guztiarekin gelditzen naiz; osasun sistema osoa eta erresidentzia sistema indartzeko balio izan digu.
Erabaki gogorrak hartu behar izan dituzue, besteak beste, neurri murriztaileak ezartzea. Zer sentitu zenuen momentu horretan?
Hasieran, lehenengo olatuan, goitik etorri zen erabakia. Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuen eta denak etxera bidali gintuen. Baina bigarren olatuan alarma egoera batean erkidegoek erabakiak hartzen genituen. Momenturik zailenetarikoa orduan izan zen, nire ustez. Urrian datu oso kezkagarriak genituen eta mahaian osasun arloko agente guztiak, bi presidente ordeak eta ni geunden. Nazioarteko txostenak begiratzen genituen eta arrisku handiko eta kutsatze maila altueneko lekuak aipatzen zituzten: etxebizitzetan, arlo pribatuan, eta ostalaritzaren barrualdean. Erabaki genuen etxean bakarrik familiak egotea eta ostalaritza ixtea. Erabaki hori hartu genuenean pentsatu nuen: kontziente gara milaka familiei soldata kentzen ari garela? Hartu dugun erabakirik zailenetarikoa izan da. Argi geneukan ixten genituenez, laguntza pakete bat jarri behar genuela mahai gainean, ixtera derrigortzen genituelako. Arazoa ez da ostalaritza delako, ostalaritzagatik, arazoa da ostalaritzaren barruan egiten dugunagatik: maskarak kendu behar ditugu kontsumitu ahal izateko, toki itxiak dira, aireztapen gutxi dute…
Nafarroa osoan neurri berdinak ezarri dira, herrietako intzidentzia tasa kontuan izan gabe.
Normala da biztanleria handiagoa dagoen nukleoetan intzidentzia handiagoa izatea. Kutsatzea handiagoa da mugimendu soziala handiagoa denean. Orduan, helburua da mugimendua ekiditea. Altsasuko tabernak ixten baditut, baina Olaztikoak ez, jendea hara joango da. Nik uste erabakitakoak ongi funtzionatu duela. Guk ez genituen herriak ere itxi nahi, intzidentzia altua zuten herriak salbuespen izanda. Jendea ezin da tabernetara joan, baina lagundu digu txirrindularekin ibiltzera, korrika egitera, mendira joatera… Kultur ondarea ikusteko ere aukera dago. Modu orokorrean hartu behar genuen erabakia. Buru osasunaren aldetik, aisialdiarendako mugimendua kontuan hartuta, gauzak egiteko aukera zegoen.
Eta, orduan, masifikazioaren arazoa dator.
Hainbat lekutan, bai. Aurreko egunean Erronkarin arazoa aipatu ziguten, esaterako. Bai, baina gurea balorean jarri dugu. Pirinioetako jendea Bardeak ezagutzera joan da, eta Erriberakoak mendia ezagutzera joan dira. Instagrameko argazkiak ikusten dituzu eta… Horregatik uste dut funtzionatu duela. Ezin ditut datu objektiboak esan, baina herrietako itxiera ez egitea neurri ona izan da. Beste balore batzuk atera ditugu.
Buru osasuna aipatu duzu, nola ikusten dituzu herritarrak?
Osasun saila pandemiaren eragina buru osasunean ikerketa egiten ari dagoeneko, nabaritzen ari garelako. Antsietate eta horrelako kasuak nabaritzen ari dira osasun etxeetan. Txosten askok pandemikoari buruz hitz egiten dute jada, eta egoera hau izaten ari den eragina aztertzen ari dira. Gehiegi irauten ari da. Txertoaren itxaropena dugu. Haurretan ere nabaritzen ari da. Badira zenbait haur beldurra hartu dutenak, baita adineko jendeak ere. Orain txertoa jasotzen ari direla arnas pixka bat hartzen ari dira. Baina badago jendea ez dena ausartzen kalera ateratzera, eta hori ere kontuan izan behar dugu. Gaia landu beharko dugu.
Zer moduz doa txertaketa?
Datu guztiek baikorrak izatera eramaten gaituzte. Martxoaren 5ean izan zen lehenengo eguna erresidentzietan zero kasu egon zirena. Txertatu genuen lehenengo arloa sozio sanitarioa izan zen heriotza tasa handiena arlo horretan izan delako. Orduan, nahiko lasai gaude kutsatu daitezkeelako, baina ez du osasunean inpakturik izango. Bretainia Handitik eta txertaketa nahiko aurreratuta doazen herrialdetan, egia esan, Espainiaren aurretik daudenak ez dira asko, kutsatze kasuen inpaktua izugarria izaten ari da. %95 jaitsi dira adinduen kasuak. Ostiralean Sakanan 80 urtetik gorakoen txertaketarekin hasiko gara. Zer daukagu mahai gainean? Agian txerto kopurua ez dela gustatuko litzaigukeena. Txerto kopurua handitzen denean, gu prest gaude txertaketa erritmoa bizkortzeko. Pasatu gara egunean 500 txerto jartzetik, 3.000 jartzera. Orduan, egiteko baliabideak ditugu. Txertoen horniketa falta da. Dirudienez apirilean eta maiatzean erritmoa azkartuko da.
Talde immunitatea noizko?
Gaur egun ditugun datuekin, eta betiere farmazeutikoek ez badute huts egiten, udarako immunitatearen %40 edo 60an egon ahalko gara. Kutsatuen kasuetan oinarritzen gara, baina aurrerago ez gara datu horietan oinarritu beharko. Kutsatutako kasuek osasun zerbitzuan inpakturik ez badute, ingresurik eragiten ez badute, kasu positiboen datua ez da hain garrantzitsua. Beraz, garrantzitsuak izango dira ospitalera iristen diren kasuak, osasunean kalte handia eragiten dutelako. Beraz, behin 60 urtetik gorakoak txertatuak daudenean nik uste egoera guztiz desberdin batean egongo garela. Momentuz, iraun behar dugu.
Neurri murriztaileek jarraituko dute, gutxienez Aste Santuko oporren ondoren arte.
Ideia horrekin gaude. Osasun publikoko arloa astero elkartzen da. Nafarroa ideia horrekin zihoan, eta mugakide diren herrialdeekin bilera informalak egin genituen. Guk argi geneukan egin behar genuela, baina ezin ginen bakarrik gelditu. Bestela, borrok oso gogorra izango zen. Besteak ere alde zeudela zirudien. Nafarroako erabakia zen itxiera perimetrala eta, bereziki, etxeratze agindua mantentzea. Lerro hori jarraituko da. Judizialki dudak dauden arren, Lurralde Batzordean gehiengoarekin onartzen diren erabakiak derrigorrez betebeharrekoak dira. Madrilek ez badu itxi nahi, eta beste guztiak itxita badaude, zu atera zaitezke Madriletik, baina ezin izango zara inon sartu. Orduan…
Amaiera ikusten duzu?
Bai.
Noiz?
Tunelaren amaieran argia ikusten ari garela uste dut. Lehen aipatu dudana, erresidentzietan zero kasu lortu ditugu orain %100ean txertatuak daudela. Gustatuko litzaidake ahalik eta lehen izatea, baina txertaketaren erritmoaren araberakoa izango da. Momentu honetan oraindik iraun behar dugu, behintzat ahulenak txertatu arte. Orain, 80 urtetik gorakoekin hasi gara eta martxoan adin tarte horrekin amaitzea espero dugu, beste adin tarteekin hasteko. Uda partean, ez dut esango ahalko dugunik normaltasun oso bat izan festei begiratuta, gehien bat, baina bai neurri asko altxatzeko aukera izango dugula uste dut. Behintzat, haietako asko.
Pandemiak administrazioarekiko komunikazio telematikoa ekarri du. Baina herritar guztiek ez dute aukera hori egiteko.
Gobernuaren aldetik, banda zabala zabaltzeko plangintza dugu eta bi milioi euro inbertitu ditugu han. Europatik datorren guztiaren ardatz nagusienetako bat da eraldatze teknologikoa. Aurreko astean Hezkuntza departamentuak 5.000 ordenagailu erosi zituen baliabide gutxiko familietan banatzeko. Horregatik, Hezkuntzaren presentzialtasuna sustatu du. Izan ere, ez presentzialtasun horretan marraztu dira arrakalak, ikusi dira desberdintasunak. Presentzialtasuna berdintasun aukera printzipioan oinarrizkoa da. Informatika materiala erosten ari gara ahal den neurrian inor atzean ez gelditzeko. Zuntz optikoa ere herri guztietara iritsi behar da, behintzat, industria guneetara iristen ari da.
Eta adineko jendea?
Udan konpetentzia digitaletan trebatzeko hainbat ikastaro egin ziren eta mila pertsona baino gehiago trebatu dira. Nafarroako Lansaretik udalekin hitz egiten ari dira oso ongi funtzionatu duelako eta helburua da jende guztiak egin ahal izatea ikastaroa. Horretarako dirua egongo da. Erresidentzietan kontatzen digutenean bideo deien kontuarekin nola aritu diren… harrigarria da. Egia da trebakuntza falta dela, baina egongo da.
Altsasuko Oinarrizko Osasun Zonaldean hiru mediku daude, eta herritarrak kexu dira.
Ziordian baja bat da eta laster mediku bat etorriko da eta Olatzagutian larrialdi zerbitzuarekin aurrera eramaten ari da zerbitzua. Osasun arloan langile faltarekin arazo bat dugu, eta atzetik dator. Ez da Nafarroako arazo bat bakarrik. Lan publikoko eskaintzarekin konpontzen saiatzen gara. Udan 114 mediku plaza aterako dira. Plantillen egonkortasuna behar dugu. Osasun zerbitzuan behin behinekotasun tasa handia dugu eta ezin dugu onartu. Lurralde politikako ministroarekin bilera bat egin behar dugu gai hau landu behar dugulako. Birjartze tasak mugatuak ditugu eta horrek lan publikoko eskaintzak ateratzeko ere mugatzen gaitu. Gainera, COVID egoerari aurre egiteko profesional gehiago kontratu behar izan ditugu, eta horrek behin-behinekotasun tasan ere nabaritu da. Hezkuntza kontratazio handia egin dugu, eta tasa igo da. Konpondu behar dugu arazo hau. Lan publikoko eskaintzan atera behar ditugu. Gai honekin jarri behar gara. Ez dugu bi egunetan konponduko, baina jarri behar gara.
Altsasuko parkean suhiltzaileak falta dira. Deialdia aurreikusten duzue?
Departamentuaren konpromiso bat dago 127 plaza berri ateratzeko. Deialdia egun hauetan aterako da eta 37 plaza aterako dira. Konpromisoekin atzerapena dugu pandemiarekin dena atzeratu zaigulako. Suhiltzaileena laster aterako da.
Sakanan dagoen beste arazo bat, pandemiarekin areagotu dena, autobusen ordutegiena da. Garraio publikoa sustatzeko plangintzarik aurreikusi duzue?
Nafarroako garraio plangintza birdimentsionatzen ari gara eta 3,5 milioi euro eskaini diogu horri. Horretan ari gara. Zonalde guztiak begiratzen ari gara.