Maria Chivite

"Legegintzaldiko hasierako konpromiso guztiekin urte bateko atzerapena dugu"

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko mar. 15a, 14:59

Maria Chivite Navascues lehendakaria.

Koronabirusak markatutako legegintzaldian, Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibite Navascuesek Europako funtsez, udal finantziazioaz, Haur Hezkuntzaz, pentsioez, bizikidetzaz eta azpiegiturez hitz egin du.

Next Generation Europako funtsak orain irits… 
Ikusiko dugu noiz iristen diren. Duela hilabete Europako Batzordeak araudia onartu zuen. Ondoren, Estatuko plana onartu behar da, eta gero erkidegoak sartuko gara. Oraindik gelditzen da. Europako dirulaguntza hauek ez dute zerikusirik Europa eta erkidegoen arteko beste laguntzekin. Berreskurapen Nazio Planak dira hauek. Europak funtsa jarriko du eta Estatuetako gobernuak dira berreskurapen planak aurkezten dituztenak. Espainiako Gobernuak Europarekin zirriborroa negoziatzen hilabete batzuk darama, Espainiaren plana onartua izan dadin. Estatuek jasoko dituzte sosak. Ministerio bakoitzak bere leihatila izanen du. Ministerio batzuk lurraldeen arabera banatuko dute dirua. Beraz, aukera izanen da erkidegoen eta Estatuko gobernuaren artean hitzarmena egin eta laguntzak iritsiko dira. Beste batzuetan norgehiagoka izanen da eta enpresak edo entitateak aurkezteko aukera izanen dute. 

Guk Nafarroa Suspertu Plana egin genuen, nondik jo nahi genuen zehazteko eta Europak dioenarekin oso lerrokatuta (eraldaketa digitala, hitzarmen berdea eta gizarte eta lurralde kohesioarekin zerikusia dutenak). Ministerioetara jotzen ari gara zer egin nahi dugun aurkeztera. Ez da aurkezpen ofiziala, interesa azaltzea eta kontrastatzea da, planak zehazten laguntzeko eta jakiteko nondik jo eta zein leihotan aurkeztu. Momentuz, leihatila ofizial bat bera ere ez baitago zabalik. 

Aurreratzeko bi bulego sortu ditugu. Ogasun Departamentuko Next Genaration bulegoaren egitekoa kontrola da, dirulaguntzen exekuzioan zorrotz aritu behar baita. Bestetik, Herritarreko Harremanen Departamentuak Europarekin zerikusia duen guztian gobernuaren aholkularia izanen dena, proiektuak egin edo leihatilak non dauden jakiteko. 

Sosak Nafarroan ere eskualdeen artean banatuko dira?
Jakina. Ez dakigu nola, Estatuak zehaztu behar duelako. Baina bileretan ogasun kontseilariekin batera Espainiako Udal eta Probintzia Federazioko presidentea dago. Toki erakundeendako ere egonen da. Nafarroan deialdi irekiko laguntza deialdiak ere egonen dira. 

Europako funtsak eman ondoren, murrizketak egonen dira?
Guk dakigula, ez. Izan ere, Europarekin negoziatzen ari dena da zerga arauen lasaitzea 2021eraino izan beharrean 2023ra arte izan dadila. 

Aurreko legegintzaldian Tokiko Mapa berria onartu zen. Sortuko liratekeen eskualdeetako bat litzateke Sakana. Noizko bere garapena?
Eskualde batek berak ere ez du eskatu hala eratzea. Gobernu Akordioan jasoa dago lege hori aztertu behar dugula, adostasun zabalagoa izan dezan. Kontsentsu zabalagoa, udaletan, mankomunitatetan edo gobernuan egon litezkeen gehiengo politikoei lotuta ez egoteko. Prozesu horretan gaude. Eta gauza bera udal finantziazioarekin eta Toki Azpiegitura Planarekin. Aurten negoziatu behar ditugu. Joan den urtean egin nahi genuen, baina ezin izan genuen egin. 

Udal finantziazioa, zein irizpiderekin?
Ezin da denen gogoa bete. Baina udal finantziazioa udalek ematen dituzten zerbitzuetara hurbildu nahi dugu. 

Inbertsioak egiteko udalak Nafarroako Gobernuaren menpeko dira. 
Orain udalek beraien diruzaintzako gerakina erabiltzeko aukera izanen dute eta udalek badute dirua egiteko. 

Zer egitea aholkatuko zenieke?
Tokiko administrazioaren modernizazioa oso garrantzitsua da. Batetik, digitalizazioarekin eta zerbitzuak ematearekin zerikusia duen guztia: erregistroak, herritarrekiko harremana… Bestetik. Europak eraikuntza jasangarriekin lotutakoari erreparatu dio, zaharberritzeak, 0 inpaktukoak… Oraindik ez dago zehaztuta, baina pentsatzen dut dirua izanen dela hornidura sareekin lotura duen guztiarendako, ura aurrezteko. 

Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautuko duen Foru Dekretu berria esku artean duzue.
Foru Dekretua baino epaitegiak indarrik gabe utzi dituen artikulu horiek ea nola konpontzen ditugun, dekretuaren gainontzeko parteak segitzen baitu. Ez dut ukatuko gobernu bazkideen artean konpondu beharreko desadostasunak daudela. Lantalde batean adostasuna lantzen ari gara. Honekin eta legegintzaldiko hasierako konpromiso guztiekin urte bateko atzerapena dugu. 

Haur Heziketaz (HH) aritzeko lantaldea sortu da. Nafarroa 0-3 Plataforma kexu da lantaldea ez dela bildu?
Udal batzuek aurrera egin dute. 0-3 zikloaren doakotasunerantz pausoak eman nahi dituzten udalak badaude, egin dezakete, eskumenak dituztelako. Eman behar ditugun pausoak teknikoki ez dira errazak. Lehenik, Hezkuntza Departamentuan HH publikoen egitura organikoa eratzea da eta hara pasatzea gaur egun Gizarte Eskubideen Departamentuaren menpe dauden HH publikoak, zortzi direla uste dut. 0-3 hezkuntza gaia izatea nahi dugu. Ez da erraza, orain Gizarte Zerbitzuen Departamentuan dauden lan profilak ez direlako Hezkuntzakoan daudenak. Agian ikastetxe batzuek 0-3 baldintzak ez dituzte betetzen. Hezkuntzara pasa ondoren, antolatu, haiek arautzen dituen dekretua egin eta, hori eginda, 0-3ren doakotasunerantz jotzea da, hasteko, zaurgarrienak diren familietatik hasiz. Gobernuan ados gaude. 

Toledoko Itunaren aurreakordioak ez ditu pentsiodunen mugimenduaren eskaerak asetzen.
Aurreakordio bat ez da akordio bat. Beraz, nire konpromisoa hartuko den akordioarekin da. 

Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izateko Nafarroako Gobernuak pentsio txikienak osatzea eskatzen du pentsiodunen mugimenduak.
Gaur egun gaztediarekin adinekoekin baino arazo handiagoak ditugu. Gazteen langabezia, lan prekarietatean buklean sartuta daudenak, aurreko krisialdian lan merkatutik atera zirenak, behin behinean lanera bueltatu zirenak eta orain, berriro, lan merkatutik atera direnak. Etorkizuna mozten ari gara haiei. Uste dut horiek izan behar dutela lehentasuna. Ikusten dugulako zein familia berri sartzen diren Bermatutako Errentan, zein pertsona gelditzen diren langabezian… gazteak. Denetarako baliabiderik ez dugu eta lehentasuna orain beraiek dira. 

Gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea eskatzen dute, etorkizunean pentsio duinak izateko. 
Eztabaidatzen ari den gaietako bat da: gutxieneko soldata igotzeak, pentsioen kotizazioan eta jubilazioan eragina duela. Hori Estatuaren eremua da. 

Azpiegiturak
Nafarroa eta EAE Abiadura Handiko Trenaren bidez lotzeko proiektua zehazteko dago. Madril, Gasteiz eta Iruñea arteko bilerak zertan dira?
Prestazio Handiko Trena ez da Nafarroaren eskumena. Loturarena ez dakit zertan den. Uste dut hiruko bilerarik ez dela izan une honetan. Estatuko aurrekontuetan Nafarroan trena garatzeko 62 milioi euro jasoak daude, Nafarroa Erdialderako dira.  Prestazio Handiko Trenaren aldeko apustua oso argia da bai Espainiako Gobernuan bai Europan. Gainera, Next Generation laguntzen finantziazio lerroetako bat da. Nafarroan tren garraio gutxien egiten duen erkidegoetako bat da. Gu % 2 edo 3an gaude, Europako bataz bestekoa %18koa denean. Garraio jasangarriago baten alde egiten badugu, konbustio ibilgailuetatik trenera aldatu behar dugu. 2030 agendako konpromisoa da 2050erako garraioaren erdia trenez egitea. Trenbide berriendako eta garapen berrietarako dirua egonen da. Mugikortasun jasangarriago baten aldeko apustua da. 

Eta horretarako ez da nahikoa trenbidea bikoiztea eta Europako trenbide zabalera ezartzea? 
Ez. Ez duelako bermatzen korridoreetan egotea. Kantauri eta Mediterraneo tren korridoreen lotura baita Nafarroa. Gainera, logistika guneak lotuz, Valentzia edo Bartzelonakoa Bilbokoarekin lotuz. Eta Nafarroa hor dago. Gainera, posiblea da finantziazioa, neurri handi batean, Europatik etor daiteke. Trenaren aldeko apustu horregatik. 

Gaur egungo tren zerbitzuak ez du ibarra egituratzen: Irurtzun-Izurdiagan ez du gelditzen, bakarrik Uharte Arakilen, Etxarri Aranatzen eta Altsasun. Aldiriko trenen aldeko apusturik eginen da? 
Trena ez da gure eskumena. Baina Next Generation-en oinarrizko sarez (aldiriak) eta Europako sare orokorraz (lehen aipatutakoa) hitz egiten du. Ez dakit Sustapen Ministerioak aldirikoekin zerbait eginen duen. Lurralde kohesioa mugikortasunarekin eta nola konektatzeko moduarekin zerikusia du. Bata eta bestea ez dira bateraezinak. 

Red Electrica Españolak Castejon-Muru Artederreta-Itsaso linea egin nahi du Gipuzkoa eta Nafarroa lotzeko. Ibarreko udal gehienak kontra daude. “Garraio elektrikoaren azpiegiturak optimizatzearen alde” apustu egiten dute eta “hornikuntzaren hobekuntza planak betetzea” eskatu dute.
Ingurumen balorazioa egitea falta da eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Baina industria garapenerako ezinbesteko azpiegitura da. Energia nahikotasuna ez izatean gertatzen dena da… Industrialdeei argindarra ematen diezu edo ez dira garatuko. Zer nahi dugun planteatu behar dugu. 

Bidesariak
Bost autobiatan bidesariak jartzeko asmoa duzue. Auzitegi Gorenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehen araudiaren kontrako epaia eman zuen joan den astean. Beste bat dute indarrean. 
Epaia eman zuen garraiolari batzuen eta besteen artean diskriminatzen zelako. Ezin ditugu garraiolari nafarrak, edo kasu horretan, euskaldunak, beste garraiolarietatik bereizi. EAEko gainontzeko lurraldeetan denei berdin pagatzea ezarri zen. Nafarroan hori egin nahi dugu. Europak bide hori hartu du: kutsatzen duenak ordaindu behar du. Parlamentuan gehiengoak onartu du errepideen kudeaketarako enpresa publiko bat sortzea eta bidesarietatik lortutako guztia errepideetan inbertitzera bideratzeko. Zeren errepideetan inbertitu gabe urteak daramatzagu eta inbertsio defizit izugarria dugu. Orain lehendik datozen gauza batzuk egin behar dira: NA-121 errepidea, Belateko tunelak… 

Sakanako 3 autobideetan jarriko dira bide sariak. Ibarreko kamioilariak neurria ez dute batere gogoko. 
Europako zuzentarauari segitzen diogu. Hasieran moduren batez haien aldeko diskriminazioa egitea pentsatu zen, baina epaiaren ondoren, ezinezkoa da. 

Kutsatzen duenak ordaindu behar du. Irizpide hori jarraituz, zergatik ez ibilgailu guztiek ordaintzea?
Zure ibilgailuak kutsatzen duenaren arabera pagatzen ari zara dagoeneko. Zeren zure zirkulazio zerga duzun ibilgailuaren araberakoa da. Gutxien kutsatzen dutenekiko diskriminazio positiboa dago dagoeneko. 

Bizikidetza
Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak lantzen dituen hainbat gairen inguruan iritzia eman zuen Txibitek. Hasteko, 1936ko estatu kolpearen ondoren hildakoak lurpetik ateratzeko elkarteekin elkarlanean segituko dutela ziurtatu zuen. “Lurpetik atera, identifikatu eta aitortzarako apustua argia da. Lan oso ona egiten ari da. Kezkatzen nauena da gorpuzkia identifikatzeko DNA laginak norekin kontrastatzeko aukerarik ez izatea, senideak adinean oso aurrera baitoaz”. 

Duela bi aste AVTren ordezkaritzarekin elkartu zen lehendakaria. Biktimen elkarteek eskatzen duten gaietako bat da ETAren argitu gabeko atentatuak argitzea. ETAk Altsasun Sebastian Arroyo Gonzalez hil zuen. Bi sarekada egin ziren, bi epai egon ziren eta auzia preskribitua dago. “Atentatu horiek argitzea Espainiako Gobernuaren esku dago. Dena den, gai horietan Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak dira gai horietan aritu direnak eta ikerketak beste eremu batetik egiten dira. Baina, dudarik gabe, Nafarroako Gobernuaren erabateko elkarlana”. Biktimen beste kexuetako bat presoei aske gelditu ondoren egiten zaizkien harrerak dira. “Ministroak aurrekoan iragarri zuen araudiaren aldaketa bat egitea pentsatzen ari zela halakorik ez gertatzeko. Min gehiago gehitzea baita. Biktimekiko errespetu falta ere bada. Hiltzaileei ezin zaie heroi gisako harrerak egin. Indarkeria kasu batean ere ezin da txalotua izan”. 

Eskuin muturraren edo funtzionario publikoen motibazio politikoko indarkeriak eragindako biktimen aitortzarako legea onartuta. Mikel Arregi Marinen kasuan epaia dago. Baina argitu gabeko bi heriotza daude: Josu Zabala Salegi ETAko kidearena, suizidio hipotesia familiak ez du onartzen, eta GALek hildako Anjel Gurbindorena, Baltasar Garzonek GAL berearekin lotu zuena. Nafarroako Gobernuak onartutako legeari helegitea aurkeztu zioten eta Espainiako Konstituzio auzitegia ebazteko zain dago. “Uste dugu aurki emanen duela ebazpena. Biktimak aitortzeko batzordeari buruzkoari jarri zioten helegitea. Batzorde horren eskumenei buruzko lege arloko zalantzak daude. Epaia etortzen denean aktibatuko genuke batzorde hori, pertsona horiek biktimak izan ziren edo ez aitortzeko. Gauza bat epaitegiek esan beharko dute, eta besteak batzorde horrek”. 

Berriki publiko egindako audioek torturaren praktika lehen planora ekarri dute. Martxoaren 6an egindako manifestazioan Nafarroan 1.000 torturatu izan zirela esan zuten. Erakundeei ikerketa ofiziala egiteko eskatu zieten. “Nafarroako Gobernuak halako ikerketa egiteko eskumenik ez du. Gu aurreko astean Nafarroako Parlamentuan gertaerak argitzeko eskaerarekin bat egiten dugu. Argi esan ere tortura edo indarkeriaren edozein erabilerarekin ez gaudela ados”. Tortura jasan dutenek aitortza, erreparazioa eta berriro ez errepikatzeko bermeak eskatu dituzte. Lehendakariak halako eskaerarik zuzenean ez du jaso, eta ez daki Herritarreko Harremanetarako Departamenduan jaso duten. 

Azkenik, ETAko presoen hurbilketaz galdetu genion, biktima elkarte batzuen kritika sorrarazi duena. “Legea betetzen ari da. Ez dira zigor osoa betetzeaz salbuetsi. Horren erabilera politikoa egiten ari da. Jose Maria Aznar gobernuan zela ere egin zuen. Presoen dispertsioa babestu zen salbuespen egoeran ez gaude. Egoki markatutako baldintzak betez egiten ari dira lekualdaketak, familia girotik gertuago egoteko. Azken finean, sufritzen dutenak haien familiak dira, ez haiek”.  

Erlazionatuak

"Argia ikusten ari gara"

Erkuden Ruiz Barroso 2021 mar 16 Altsasu