Martxoaren 10ean jakin zen berria: Naiara Diez Fernandez saskibaloi jokalari altsasuarrak saskibaloia utziko zuela iragarri zuen. Lointek Gernika Bizkaia taldeko kapitainak 34 urterekin utzi du saskibaloia, gorenean zegoela,16 urte profesional izan eta gero, azken 8 urteak Lointek Gernikan, bere bigarren etxean. Gutun hunkigarri batekin esan zion agur bere ibilbideari.
Duela hiru aste, bote prontoan, a ze nolako albistea eman zenuen.
Beharbada jendearendako bat-batekoa izan zen, baina asko pentsatutako erabakia izan da. Nik argi nuen, baita nire familiak ere. Bazekiten momentua iritsi zela, eta oso pozik nago sentitu dudan gertutasun, berotasun eta babesarekin; horrenbeste mezu jasotzea oso polita izan da.
Argi zenuen zure pasioa eta lanbidea izan dena gorenean zeundela utzi nahi zenuela?
Urte asko daramat maila gorenean; gorputzak eta batez ere buruak esaten dizu noiz utzi, eta nik argi neukan momentua iritsi zela. Saskibaloian imajinatzen nuen guztia eta gehiago lortu dut, eta maila gorenean eta gainera Gernikan izatea, Altsasu eta gero nire bigarren etxea denean, niretako erretiratzeko modu bikaina izan da.
Noiz erretiratu nahi duen norberak erabakitzea handia izango da.
Bai. Beti pentsatu izan dut nik saskibaloia utzi nahi nuela eta ez aldrebes, ez litzaidake gustatuko saskibaloiak ni uztea. Erabakia nik hartzea oso pozgarria izan da; zorionekoa sentitzen naiz. Badaude lesioagatik edo gorputza ongi ez zutelako utzi behar izan duten kirolariak, baina nik erabaki dut noiz, non eta zein momentutan utzi. Uste dut nire ibilbide guztian zorte handia izan dudala, baita momentu honetan ere.
“Maila gorenean eta Gernikan izatea, erretiratzeko modu bikaina izan da”
Bihotzetik idatzitako gutun batekin agurtu zinen. Oso zoriontsua izan zarela nabarmendu zenuen eta esker oneko hitzak izan dituzu.
Gutuna idazterakoan momentu asko etorri zitzaizkidan burura, pertsona asko... Izan ere, nire ibilbidea oso luzea izan da. Argi neukan bi gauza egin nahi nituela. Bata, argi utzi nahi nuen zorioneko jokalari bat izan naizela. Bestetik, nire ibilbidean pertsona asko ezagutu ditut, lagunak bilakatu direnak. Eta trofeo garrantzitsuena hori da, nire bizitza guztirako lagunak eramaten ditudala. Saskibaloiarekin bizi izan dudana imajinatzen nuena baino askoz ere hobea izan da, zoriontsu izan naiz nire alboan egon diren estamentu guztietatik errespetu osoz tratatu izan nautelako eta hori guztia eskertu nahi nuen gutunean.
Albistea eman eta berehala sare sozialetan sekulako mugimendua sortu zen. Denetariko errekonozimenduzko hitzak jaso zenituen taldekideen, arerioen, arbitroen, saskibaloi taldeen, federazioen eta zaleen eta gertukoen aldetik. Guztiak gogoratu dira zurekin. Mezu horiek guztiak irakurri dituzu?
Ni ez naiz sare sozialetan oso aktiboa, baina egun horietan berotasun mezu horiek irakurri nituen. Oso polita izan da; agian ezin diet guztiei erantzun, baina guztiei eskerrak eman nahi dizkiet. Momentu hau oso berezia izan da niretzat, eta, egia esan, ez nuen espero horrenbeste mezu jasotzea. Ohorea da horrenbeste jendek euren denboratik niri tarte bat eskaintzea. Momentua ailegatu da eta momentu hau ere gozatzen ari naiz.
EMAKUMEEN KIROLA
Jaso duzun babes horrek erakusten du estamentu guztietan Lointek Gernikako kapitaina oso estimatua dela. Emakumezkoen talde batez ari gara, eta, tamalez, halako mugimendua ez da oso ohikoa.
Zuk esan duzun bezala, “tamalez”. Ni beti izan naiz talde jokalaria. Kapitaina izatea ohore bat izan da; kapitain ona izateko zure taldea behar duzu, eta ni zorioneko kapitaina izan naiz. Jokalariek kapitain on bat izaten saiatzen lagundu naute. Arbitroek ere ondo tratatu naute, eta hedabideek beti oso ondo tratatu nauzue. Ildo honetan hedabideei eskatu nahiko nieke emakumezkoen kirola sustatzeko aurrera pauso bat ematea. Bestalde, guztiongatik jasotako babesa eskertzekoa da. Oso maitatua sentitzen naiz, ez bakarrik Gernikan eta Altsasun; jende asko dago hemendik kanpo hori ere sentiarazten nauena.
Garai batean zure erretiroak ez zuen halako oihartzunik izango. Horrek erakusten du emakumezkoen kirolak gora egin duela, nahiz eta oraindik asko dagoen egiteko. Lointek Gernika taldeak historia egin du ez bakarrik EuroCupera iritsi delako, baizik eta, esaterako, 2020ko ilbeltzaren 4an 5.562 ikusle bildu zenituztelako Bilbon Gernika eta Zaragoza Mann Filter taldearen arteko partidan. Emakumezkoen kirolean pausoak eman dira.
Pausoak ematen ari dira, argi dago. Profesional mailan hasi nintzenean, egunkaria hartu eta izkina batean zure partidako emaitza bakarrik ikusita jada pozten zinen. Emakumeen kirolak oihartzuna du eta aurrera pausoak eman dira, baina gizonezkoen kirolarekin alderatuta oraindik aldea dago. Prentsan gizonezkoen kirolak duen portzentajea eta emakumeen kirolak zenbat orrialde betetzen dituen ikustea bezalakorik ez dago. Beraz, lanean jarraitu behar dugu. Gizartea eta hezkuntza ezinbestekoak dira. Umeek telebistan emakumezkoen kirola ikusten badute, hazten diren heinean normaltasunez ikusiko dute. Beraz, normaltasun hori lortzeko pausoak eman behar dira.
“Asko exijitu izan dudan kapitaina izan naiz, nik ere horrela ematen dudalako”
ATZERA BEGIRA
Zergatik hasi zinen saskibaloian?
7 urterekin hasi nintzen nire lagunekin, beraiek ere taldean zeudelako, ongi pasatzen genuelako eta nire aita saskibaloiko arbitroa zelako. Kategoria handietako epailea zen. Aita arbitratzen ikusi izan dut beti, eta txikia nintzenetik partidak ikusten nituen. Aitak saskibaloia utzi, nik lekukoa jaso eta honaino iritsi naiz (kar, kar…). Altsasuko kiroldegian orduak eta orduak pasata oso pozik ibili nintzen, 16 urtera arte.
Orduan Zizurko Ardoi taldean hasi zinen. Aldaketa handia izan zen, Iruñera joan baitzinen bizitzera.
Kirol beka bati esker bi urte eman nituen erresidentzia batean eta Ardoin jokatzen eta bertan egin nuen Batxilergoa. Nire gurasoei eskerrak eman behar dizkiet 16 urterekin etxetik ateratzen uzteagatik. Nire esperientzia pertsonala asko hazi zen, eta ditudan balore asko han ikasi nituen.
Beraiek ere esfortzua egin zuten.
Bai. Familia beti alboan izan dut, nire gurasoak eta ahizpa. Txikia nintzenetik bidaia asko egin behar izan dituzte Nafarroako Selekzioko entrenamenduetara eramateko, partidetara joateko…Nire ibilbidea segitzeko asko bidaiatu behar izan dute eta beraiendako da nire esker ona. Beti esan didate aurrera egiteko baina nondik natorren inoiz ez ahazteko.
18 urterekin junior mailako Espainiako Txapelketan Zaragoza Mann Filter taldeko Alex Cebrian entrenatzailearen arreta bereganatu zenuen. Zaragoza taldera joateko eskaintza onartu eta han lau urte eman zenituen profesional gisa.
Ardoin nengoen junior mailan eta Nafarroako txapeldunak izan ginen. Espainiako Txapelketara joan ginen eta han Mann Filter maila goreneko entrenatzaileak partida ikusi zuen. Dei bat jaso nuen eta Mann Filter taldera joateko proposamena egin zidaten. Profesional mailako trena pasa zen eta etxean esan nien argi nuela tren hori hartu beharra nuela. Zaragozara joan nintzen eta saskibaloiko maila profesionala eta unibertsitateko ikasketak uztartu nituen. Asko ikasi nuen bai saskibaloiaz eta baita bizitzaz ere. Nire ibilbidean Zaragoza oso garrantzitsua izan da.
Lau urteren ostean Iruñera itzuli zinen, Union Navarra Basket Obenasa taldera. Urte gazi gozoak izan ziren. Gozoak Obenasarekin emakumezkoen saskibaloiko maila gorenera igo zinetelako, baina gaziak taldeak bukaera tristea izan zuelako, krisi ekonomikoagatik desagertu baitzen.
Hala da. Etxera bueltatu eta oso polita izan zen lehenengo urtean 2. mailatik 1. mailara igotzea. Denboraldi ikaragarriak egin genituen, bereziki azkenekoa: play-offetarako sailkatu ginen, eta kirol mailari dagokienez oso egoera onean geunden, sekulako maila genuen. Baina krisi ekonomikoa iritsi zen, ekonomikoki ezin izan zuten proiektua mantendu –betikoa, emakumeen kirola da halako egoerak lehen sufritzen dituena–, eta proiektua bertan behera geratu zen. Orduan Lointek Gernika taldearen deia jaso nuen eta nire bigarren etxera joan nintzen.
8 URTE GERNIKAN
Gernikara 26 urterekin joan zinen eta 8 urte eman dituzu bertan. Azkar esaten da, ezta?
Bai. 8 denboraldi egin ditut. Hainbeste gauza bizi izan ditut han... 8 urte azkar esaten da, baina asko bizi izan dut Gernikan. Nire bigarren etxea da, zalantzarik gabe.
Eskolta, hirukoetan espezialista eta defentsan iaioa. Eta pasioa. Horiek dira Gernikako kapitainaren ezaugarrietako batzuk. Eta beti irribarrea jantzita. Giro ona sortuko zenuen taldean.
Saiatzen nintzen. Badakit kapitain izateko ezaugarri horiek behar direla. Taldeaz harro egon behar duzu eta beraiek ere zutaz harro sentitu behar dira. Asko exijitu izan dudan kapitaina izan naiz, nik ere horrela ematen dudalako. Nik %100 ematen badut, beraiek hori ikusten dute eta hori da adibiderik onena eurek ere hala egin dezaten. Egin, eta ez esan. Zorrotza izan naiz nire buruarekin ere halakoa naizelako, baina behar nautenean hor egon naiz eta hor nago. Eta irribarrea jantzita nuen ondo pasatzen nuelako, ongi sentitzen nintzelako eta nire jokalariekin harreman oso ona izan dudalako; normalean horrelakoa naiz, bai kantxan, bai entrenamenduetan eta baita nire lagunekin Altsasuko plazan nagoenean ere.
Badakigu ez zarela estatistiken oso zalea, baina datu batzuk aipatzearren, 16 urte egin dituzu profesionaletan, 385 partida jokatu dituzu, 1.731 puntu egin dituzu eta 6.006 minutu jokatu dituzu.
Eta hor atzean kilometro pila bat daude (kar, kar…). Estatistikak ez ditut jarraitzen, talde mailakoak ez badira. Adibidez zenbat errebote atera dizkiguten, zenbat falta egin ditugun... taldeko datuak bai, baina estatistika indibidualak ez nituen jarraitzen nire sentsazioak zeintzuk diren nik baino hobe inork ez dakielako. Estatistiketan gauza garrantzitsu asko ez dira jasotzen. Kantxan zenbat egin duzun korrika, zenbat animatzen duzun, arerioek ez saskiratzeko nolako defentsa egiten duzun... hori guztia ez da jasotzen, eta niretako ezinbestekoa da. 12 jokalari gaude baina 12 jokalariok ez ditugu 20 puntu sartu behar; guztien lana partida aurrera ateratzea da, eta lan hori ez da estatistiketan islatzen, zenbatu ezina delako. Defentsa on bat egiten duzunean badakizu ongi egin duzula, zure batezbestekoa izan da arerioak 20 puntu sartu ordez 5 sartu dituela zuk egindako defentsari esker, eta etxera zoazenean pentsatzen duzu: zelako lana egin dudan! Estatistikek ez dute lan hori jasotzen. Jokalariei esaten diet estatistikak beharbada entrenatzaileendako direla garrantzitsuak; jokalariendako, niretako behintzat, ez.
Otsailaren 14an jokatu zenuen zure azken partida Estudiantesen kontra. Zein oroitzapenekin geratu zara?
Une horretan ez nekien nire azkeneko partida izango zela. Hortaz, modu normal batean bizi nuen. Magariñosen jokatu genuen, eta atzera begira, orain pentsatzen dut: Magariños mitikoan jokatu nuen profesionaletako nire azken partida, kantxa mitiko batean.
“Trofeorik garrantzitsuena ibilbide honetan egin ditudan lagunak dira”
BIZITZA BERRIA
Zer egin zenuen entrenatzera joan ez zinen lehendabiziko egunean?
Estudianteseko partida eta gero gure taldean COVID kasu positiboak agertu ziren. Horietako bat ni izan nintzen. Taldearen erdia baino gehiago izan ginen positibo, eta une zailak izan ziren. Hortik ateratzean erabaki nuen saskibaloia uztea. Eta zer egin nuen? Sare sozialetako mezuak irakurri eta erantzun, hedabideekin elkarrizketak izan… Asteburu horretan Altsasura joan nintzen eta bost lagun bazkaltzera joan ginen. Niretako zoragarria izan zen, ez nuen gehiago behar. Nire bizitza oso normala izan da nire kirol ibilbide guztian eta hala izaten jarraituko du.
Hemendik aurrera zer egingo duzun erabaki duzu edo oraindik aukerak aztertzen ari zara, normaltasun berri hori zehazten?
Normaltasun hori ez dakit zein izanen den, baina orain dela oso gutxi utzi dut saskibaloi profesionala, eta gutxika asteburuak libre izatera ohitzen ari naiz, urte dezente eman baitut asteburu librerik gabe, eta nire burua kokatzen ari naiz. Lointek Gernikak orain play-offak jokatuko ditu eta taldekideekin egon nahi dut, kantxatik kanpo babesa ematen. Lasaitasunez hartuko dut eta gero gerokoak.
Zein izan da zure kirol ibilbideko unerik okerrena?
Saskibaloian eta goi mailako kirolean dena ez da dirudien bezain polita. Goi mailan egotea eta mantentzea ez da batere erraza. Egun zailak izaten ditugu, baina etxean pasatzen ditugu, ez da inor konturatzen. Momentu txarrak egon dira, baina momentu onak askoz ere gehiago izan dira eta une onak gogoratzea niretzat askoz ere politagoa da.
Zein izan dira une onenak?
Asko daude. Momentu oso ona nire debuta izan zen, 18 urte nituela, Mann Filterrekin, Zaragozan. Beste une oso ona izan zen duela bi urte EuroCupean Galatasaray talde turkiarra Malosten irabazi genuenean, gure etxean. Maloste jendez gainezka, Marea Granatea txaloka, aldagelara joan ginen eta berriro atera behar izan genuen zaleak oraindik ere txaloka zeudelako eta emozioz gainezka geundelako… Eta beharbada azkeneko unea izan da Superkopako finala jokatu genuenean kapitain gisa trofeoa hartu nuenean; banekien gutxi geratzen zitzaidala eta trofeoa hartzea oso pozgarria izan zen niretzat. Hiru aipatu ditut, baina momentu askoz ere gehiago daude.
“Zoragarria zen nire izena Guaixen ikustea. Gordeta ditut ni agertzen nintzen ale guztiak”
Oso gernikartuta zaude. Bertan bizitzen jarraitzeko asmoa duzu?
Aitortu beharra dut oso gernikartua nagoela; nire euskaran bertan nabaritzen da. Etorri nintzenean euskara batua hitz egiten nuen eta gutxika aldatzen joan da. Orain biak nahasten ditut, ez dakit ona edo txarra den (kar, kar...). Gernikarrek eman didaten bizitzeko modua, beraien jarrera, Gernikan sentitzen den euskara.... hori guztia jaso dut, pertsona gisa hazi egin naiz eta Gernikako euskalkian hitz egitea niretzat eurei eskertzeko modu bat da. Oraindik ez dakit zer egingo dudan eta non egongo naizen baina badakit Gernikara askotan bueltatuko naizela. Hori ziur.
Atentzioa deitu zidan zure agurreko gutunean aurkariei eskerrak eman zenizkienean “zuei esker eman dudalako nire mailarik onena eta aldi berean pozik jaso ditut kiroltasunak trukean emandako pozak”.
Kantxatik kanpo aurkariak batzuetan lagunak dira, eta lagun dezente ditut saskibaloian nire aurkariak direnak. Ildo honetan, zure aurkaria errespetuz tratatzen baduzu berak ere errespetuz tratatuko zaitu. Eta hori da niretako garrantzitsuena. Kantxan gertatzen dena kantxan geratzen da, eta hortik kanpo dago garrantzitsuena, bizitzaren kontuak.
“Zoriontsu izan naiz eta pozik noa, nire kirol ibilbidean zehar lortutako garaikur garrantzitsuena eskuratu baitut: bizitza osorako lagunak” diozu zure agurreko gutunean.
Beti esaten dut zorionekoa naizela. Nire ibilbidean momentu ikaragarri politak bizi izan ditut eta oso ondo bizi ditut partekatu ditudalako. Une horiek oso bereziak dira eta ondoan dauden jokalariek bakarrik ulertzen dute sentimendu hori. Niretako nire ibilbidean lortutako saria hori da, pertsonak ezagutzea, azkenean bizi osorako lagunak bilakatu direnak. Nik lortu dudan trofeorik politena lagunak dira.
Ez dakit kirol profesionalak berak, edo inguratzen duen espektakuluak edo kirol prentsak sustatzen duen, baina akaso zaleok kirola ikusteko modu bat dugu eta zuek beste bat bizi duzue.
Beharbada. Jendeak uste baino askoz ere normalagoak gara. Agian kanpotik beste ideia bat ematen da edo beste gauza bat ikusten da. Jokalariak izan baino lehen, pertsonak gara. Eta pertsona triste dagoenean agian jokalaria triste dago, eta egun txarra badu beharbada egun txarra izango du ere jokalari gisa.
Jokalari profesionalen artean denetarik dago, baina gehienak uste baino gertuagoak dira, pertsona normalak.
Bai. Hor ikusten da zer nolako normaltasuna dugun eta erakutsi nahi dugun. Denetarik dago, baina zuk esatea eskertzekoa da. Kirolari guztiak horrela beharko lukete izan.
Zein beste kirol dituzu gustuko?
Kirolaria naiz, kirol guztiak maite ditut eta ikusten ditut. Txikitan denetan aritzen ginen kiroldegian. Maria nire lagunarekin, Zelandiko esku pilota txapelketa irabazi genuen, Zelandiko areto futbol txapelketan aritzen ginen… Saskibaloiaz gain futbola, tenisa, eskubaloia… gustuko ditut. Egia esan, kirol guztia ikustea gustuko dut eta orain, geroz eta gehiago praktikatzea, ondo pasatzeko.
Plazer bat izan da urte hauetan guztietan zure ibilbidea jarraitzea. Ea bidean berriro elkartzen garen beste gauza batzuetaz aritzeko. Etorkizunak zer ekarriko duen nork daki…
Eskerrik asko zuei ere. Hasi nintzenetik gogoratzen naiz zoragarria zela Guaixen nire izena ikustea. Gordeta ditut nire izena agertzen zen Guaixeko ale guztiak. Niretako zoragarria zen: “Guaixen atera naiz ama, a ze sorpresa!”. Zuekin nire ibilbidea bukatzea berezia izan da. Eskerrik asko beti hain ondo tratatu izanagatik eta Sakanako kirola sustatzeko egiten duzuen lanarengatik. Orain askotan ikusiko dugu elkar Altsasun. Zer etorriko den nork daki?