Javier Ollo Martinez alkateak eta Jose Maria Aierdi Fernandez de Barrena Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak lankidetza hitzarmena sinatu zuten asteartean. Horren ondorioz, Altsasuko Udala Nasuvinsako alokairu-poltsaren programan sartu da, hutsik dauden etxebizitzen lagapena sustatzeko eta herriko alokairu-etxebizitzen eskaerari erantzuteko.
Hitzarmenean jaso denez, Altsasuko Udalak lankidetza eskainiko du altsasuarren artean erabiltzen ez diren etxebizitzen errentamendua zabaltzeko eta sustatzeko, horiek mobilizatzea lagungarri izan dadin alokairuko etxebizitzen eskaerari erantzuteko. Bestalde, Nafarroako Gobernuak aholkularitza eta prestakuntza emanen die udal langileei, erabilerarik gabeko higiezinak atzeman eta zerbitzu hori eman dezaten.
Bermeak eta abantailak
Nasuvinsak kudeatzen duen alokairu-poltsak (gaur egun 781 etxebizitza ditu, %18 Iruñerritik kanpo) bermeak eskaintzen dizkie etxebizitza hutsa alokairu-poltsa horretara sartzen duten herritarrei. Besteak beste, honakoak nabarmentzen dira: lehenengo maizterra bizitzera sartzen denetik alokairuko errenta unean-unean eta aseguratuta kobratzea, etxebizitza egoera onean bueltatzea (etxebizitzaren erabilera normalak eragindako ohiko higadura izan ezik) eta etxean sor daitezkeen ezbeharrak estaltzen dituen arrisku anitzeko asegurua (edukitzailearena) kontratatzea.
Gainera, azken hiru urteotan programa hori suspertzeko sartu diren eta gaur egun indarrean dauden berrikuntza nagusien artean, nabarmendu behar dira: 1.500 euroko diru-laguntza aurreratua eta itzuli beharrik gabekoa edo hiru hilekoren baliokidea, lortutako etekinen zerga-desgrabazioak, etxebizitzen jabeek jasotako errentaren gehikuntza (baita komunitate-gastuak 50 eurora arte ere, etxeko hobekuntzen kudeaketa sinpleak eta energia-hobekuntzaren kudeaketa sinpleak ordainduta),
Gainera, Nafarroako Gobernuak, beren diru-sarreren eta familia-unitatearen arabera, ordaindu beharreko errentaren %20, 50, 75 edo 90eko diru-laguntza ematen die familia maizterrei, familia horiek errentamendu eskuragarriak eskuratu ahal izan ditzaten beren ahalmen ekonomikoaren arabera.
Etxebizitza hutsak erakartzeko asmoz, Altsasuko Udalak dagoen alokairuko etxebizitzen eskaria kuantifikatuko du, eta etxebizitza horiek etxebizitza babestuen eskatzaileen erroldan inskribatzera bideratuko ditu, udalerriko premiei buruzko ahalik eta informazio zehatzena izateko.
22 udal
Horiek dira orain arte Nasuvinsarekin hitzarmena sinatu duten udalak. Sakanako lehena da Altsasuko Udala.