EH Bildu ez dago ados udal tabernen esleipen pleguekin

Guaixe 2021ko mai. 3a, 11:01
Frontoiko taberna.

Frontoian egoki lan egiteko lanak egin behar direla uste du eta Dantzalekun baldintzak aldatzea ez du egoki ikusi.

Atabo Altsasu SMk frontoiko eta dantzalekuko tabernak kudeatzeko deialdia egin zuen joan den astean. Altsasuko EH Bilduk jakinarazi duenez, udal enpresaren Administrazio Kontseiluan kontrako botoa eman zuen, koalizioko kideen iritziz, “baldintza berriek ezinezko egiten baitute lokal horiek kudeatzen dituztenek duintasunez lan egitea eta soldata duin bat irabaztea”.

Altsasuko EH Bilduko kideek jakinarazi dutenez, “askotan proposatu du Fronton taberna eraberritzea eta lan egiteko instalazio egokiz hornitzea. Pilotalekuko obra egin zenean planteatu genuen une egokia zela tabernan ere obra egiteko, baina Geroa Baik errefusatu egin zuen”. Koaliziotik gaineratu dutenez, “Dantzaleku gunea garbitzeagatik esleipendunari ordaintzetik alokairua kobratzera pasatzea eta kirol-jarduerak daudenean aldagelak garbitzera behartzea, ia bermatzen du Dantzalekuko taberna itxita egonen dela udan”. Horiek horrela, Altsasuko EH Bilduko kideek uste dute “ez dagoela plangintzarik eta ez direla balioesten ondorioak. Ez bada, ideia dela inor ez aurkeztea, udarako interesa duen bakarren bati zuzenean esleitzea. Denborak esango du”.