Saskibaloia

CBASK Jatormanek Zelandi gotorleku bilakatu nahi du

Maider Betelu Ganboa 2021ko eka. 4a, 15:00
CBASK Jatorman taldea, asteazkeneko entrenamenduari ekin baino lehen. Argazkia: CBASK.

Zelandi kiroldegiak hartuko du Autonomia Arteko Bigarren Mailako Lauko Finala. Larunbateko finalerdietan CBASK Jatormanek Berriozarko Humiclima izango du arerio eta gogotsu eta konfiantzarekin dago Iosu Mendiolaren taldea

Jatorman taldeak Autonomia Arteko Bigarren Mailako Lauko Finala edo Final Fourra jokatuko du. Balentria larunbatean lortu zuen, Avia Zizur Ardoiren kontrako itzulerako partidan 43 eta 73 gailendu eta gero. Joaneko partidan, Zelandin, 66 eta 70 galdu zuen CBASK Jatormanek, eta Lauko Finalerako sailkatzeko bost punturen aldeaz irabazi beharra zuen itzulerakoa. Baina sekulako erakustaldia eman eta gero, 40 punturen aldearekin gailendu ziren Iosu Mendiola Marañon arbizuarrak zuzentzen dituen gazteak. 

Harritzekoa da CBASK Jatormanek Avia Zizur Ardoiren kontra lortutako aldea. "Joaneko partidan, Zelandin, beraiek nahiko ongi egon ziren, baina gu nahiko gaizki. Eta hala ere gutxigatik galdu genuen. Guk hobetuz gero irabazteko aukera izango genuela uste genuen, eta horrela izan zen. Gure aukerak zeintzuk ziren oso argi genuen, nola aritu behar genuen eta zer egin genezakeen. Gero beti behar duzu zorte puntu hori, eta hori ere alde izan genuen. Uste dut beraiek hasieratik ikusi zutela gu oso ongi jokatzen ari ginela, beraiek ere ez zuten euren egun hoberena izan, moralki behera egin zuten, eta euren gainetik pasa ginen. Nahiko erraz irabazi genuen bukaeran, egia esan. Harritu ninduena izan zen 30 puntuko aldearekin gailentzea, baina irabazteak ez ninduen harritu” aitortu du entrenatzaileak. 

Unerik "aproposenean"
Autonomia Arteko Bigarren Mailan hirugarren denboraldia du CBASK Jatorman taldeak, eta denboraldi bikaina egin dute. Taldea konfiantzarekin dago, gogotsu. "Uste dut urte osoan ez garela horren ongi egon; beraz, une aproposean heldu zaigu Lauko Finala” nabarmendu du Iosu Mendiolak. CBASK Jatormanekin batera, San Ignacio eta San Cernin, Iruñeko bi ikastetxe, eta Berriozarko Humiclima sailkatu dira Lauko Finalerako. Lauko Finala asteburu honetan jokatuko da, Altsasuko Zelandin, eta saskibaloi festa handia izanen dena antolatzen ari da CBASK Altsasuko Saskibaloi Kluba. "Zizurren kontra irabazi eta gero, animatu ginen eta Nafarroako Saskibaloi Federazioan Final Laukoa Altsasun antolatzeko proposamena egin genuen. Beste proposamenik egon ez zenez, Zelandin jokatuko da, asteburu honetan. 

Iosu Mendiola: "Lauko Finala une aproposean heldu zaigu; uste dut urte osoan ez garela horren ongi egon”

Humiclimako beteranoak
Larunbatean Lauko Finaleko finalerdiak jokatuko dira. CBASK Jatorman taldeak Humiclima izango du arerio. Ligan elkarren kontra aritu zirenean, CBASK etxeko partidan gailendu zen eta Humiclima Berriozarko lehian. "Beteranoak dira, gu baino askoz ere helduagoak esperientzia aldetik. Kalitate handiko partidak jokatu dituen jendea da, halako finalak jokatzen esperientzia duena. Agian fisikoki ez daude lehen bezala, baina oso ongi jokatzen dakien jendea da. Gu, aldiz, gazteak gara, fisikoki hobe gaude, askoz ere ilusio handiagoa dugu, edo hori espero dut behintzat (kar, kar…) eta etxean jokatzen dugu. Talde polita dugu aurten, eta zerbait polita egin dezakegun. Ilusioz eta konfiantzarekin gaude, guztiz” azpimarratu du entrenatzaileak. 

Lauko Finalerako sailkatu diren lau taldeak nahiko orekatuak ikusten ditu Iosu Mendiolak, egoera berean. "Aurten, denboraldia ere halakoa izan denez, ia ez dugu partidarik jokatu talde osoa ongi geundela. Beti egon da konfinaturen bat edo lesionaturen bat. Prestakuntza ez da berdina izan, itxiera perimetralak eta konfinamenduak zirela eta ligan ez da jarraikortasunik egon –aste batzuk geldirik egon behar izan dugu, gero bat-batean berriro martxan hasi…– entrenamendu gutxiago izan dira, eta horrek eragin zuzena izan du lesioetan. Aurten plantilla guztia ongi egotea ia ezinekoa izan da” dio Mendiolak. 

Finalera, zergatik ez?
Igandeko finalean egon nahiko luke CBASK-Jatormanek. "Zergatik ez? Gauzak ongi egiten baditugu eta erritmo altuan jokatzen badugu, Humiclimakoak partida bukaerara ez dira fisikoki oso ongi iritsiko eta irabazteko aukera izan dezakegu. Ea horrela den” espero du arbizuarrak. 

Iosu Mendiola: "Finalera? Erritmo altuan jokatzen badugu aukera izan dezakegu”

200 zaleren gotorleku
Pandemia dela eta, 200 pertsonendako aforoa du Zelandik. "Zelandin 200 zale biltzen baditugu, hori izango da lortuko dugun hoberena. Eta irabazten badugu, hobeto. Gainera, ez dute eguraldi oso ona iragartzen, eta Lauko Finalaz gozatzea baino plan hobeagorik ez dut ikusten” dio Mendiolak irribarrez. Sakandarrak CBASK Jatorman animatzera eta Zelandi CBASK Jatormanen gotorleku eta bolborategi bihurtzera gonbidatu ditu. "Hau berezia da; Lauko Finala da, emozio handikoa, eta animoak eskertuko ditugu” berretsi du. 

Festa handia
Lauko Finala ez da soilik saskibaloi final bat. Festa handia da. Atsedenaldietan Dantzarimak dantza emanaldiak eskainiko ditu, DJ-ak giroa berotuko du, musika entzungo da eta zozketa izanen da, besteak beste. Igandean final handia irabazten duen taldeak, sari bikoitza izango du: Autonomia Arteko 2. Mailako txapeldun handia izango da, eta Autonomia Arteko 1. Mailara igoko da. Maila horretan, Nafarroako eta Errioxako taldeez gain, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaikoak daude. "Baina hori beste kontu bat da. Printzipioz, dugun guztia ematera aterako gara, ongi pasatzera, Zelandiko ikusleak ongi pasaraztera, festa polita antolatzera, eta, ahal bada, irabaztera. Gero, gerokoak” dio entrenatzaileak. 

"Zelandin 200 zale biltzea, hori litzateke pozgarriena. Eta irabazten badugu, hobeto”

Lauko Finala

  • Finalerdiak , larunbatean
    • 16:00
      San Cernin / San Ignacio
    • 18:00
      Humiclima / CBASK Jatorman
  • Finala, igandean
    • 16:00
      Hirugarren postua / Laugarren postua
    • 18:00
      Finala