Ekainaren 5ean eta 6an saskibaloiaren festa bilakatu zen Zelandi. Altsasuko CBASK Saskibaloi Taldeak gogotik egin zuen lan bertan jokatutako Autonomien Arteko 2. mailako Lauko Finala behar bezala prestatzeko. Giro bikaina izan zen, igandeko final handian bereziki. Pandemiagatik, baimenduak zeuden 200 tokiak txiki geratu ziren CBASK Jatormanek eta San Cerninek eskainitako final estu eta ikusgarria ikusteko, eta jendea sartu gabe geratu zen. 7 puntuko alde eskasarengatik galdu zuen CBASK Jatormanek (81 eta 74), baina horrek ez zuen taldeak egindako denboraldia itzali.
Larunbatean jokatutako finalerdian CBASK Jatormanek 70 eta 81 hartu zuen mendean Berriozarko Humiclima. "Oso ondo hasi ginen, aurreratzen eta gustura jokatzen, baina beraiek esperientzia handia dute eta ez zuten partida galdutzat eman. Beraien trukoak erabiltzen hasi ziren, gu partidatik atera nahian, eta 3 puntu jarri ziren aurretik. Baina tranpa horretatik ateratzea lortu genuen, bigarren zatian beraiek baino hobeki jokatu genuen eta, azkenean 11 punturen aldeagatik gailendu ginen. Asteburuan jokatu diren 4 partidetatik alde gehien atera zen partida izan zen hau" azaldu du Iosu Mendiola Marañon entrenatzaileak.
Izan ere, Lauko Finalean jokatutako finalerdiak, 3. eta 4. postua erabakitzeko partidak eta finala bera, oso paretsuak izan ziren. "Bikain joan da Lauko Finala, egia esan. Partida guztiak berdinduak izan dira eta hori ona da taldeendako. Gutxi gehiago eska daiteke. Bukaerara arte emozioa izan du txapelketak" gaineratu du entrenatzaile arbizuarrak.
Zelandi txiki
Igandean txiki geratu zen Zelandi CBASK Jatormanen eta San Cerninen finala ikusteko. Jendea kanpoan geratu zen, ezin sartu. Final polita eta estua izan zen, eta sekulako giroa zegoen. Lauko Finala izanik, atseden tarteetan dantza ikuskizunak, musika, zozketa eta beste izan ziren. "Emozio handiko finala izan zen, lehiatua eta ikusteko polita. Gure jokalari batek hausturaren batekin jokatu zuen, eta hor ibili ginen, guztia ematen. Gauzak ez zitzaizkigun ongi ateratzen baina, azkenean, nortasuna atera genuen, eta jendearen laguntzaz genituen indarrak atera eta aurrean jartzea lortu genuen. Bi xehetasun txikirengatik galdu genuen partida. Halakoetan horrela izatean da. Bi saskiratze alde batera erori ziren, eta bestera ez. Hor joan zitzaigun partida" aipatu du Iosuk.
Finala galdu izanaren penak ordu erdi iraun ziela nabarmendu du entrenatzaileak. "Finala galdu eta afaltzera joan ginen guztiak elkarrekin. Hurrengo egunean lanera joan behar genuen, baina 12:30ak arte egon ginen elkarrekin. Hor ikusten da partidaren emaitza, azkenean, guretako gutxienekoa zela. Eta giro oso ona dugula. Beti izan dugu giro ona, urtero pixka bat hobea, eta aurtengoa jada ikaragarri polita da" gaineratu du entrenatzaileak.
Nola egongo dira triste, sekulako denboraldia egin badute? Duela hiru urte Autonomien Arteko 2. Mailara igo zirenean nork esango zien aurten txapeldunordeak izango zirela? Txapeldunordeak, azkar esaten da. "Duela hiru urte? Edo aurreko urtean, ia talderik ez genuenean… A ze bueltak eman ditugun. Pozik gaude, eta jende guztia gu zoriontzen ari da. Egia esan, zoriontzekoa da. Lauko Final handia galdu dugu, baina denboraldi oso ona egin dugu" nabarmendu du Iosuk.
Datozen mugimenduak
CBASK Jatormaneko jokalariak datorren denboraldian jarraitzeko gogotsu omen daude. Printzipioz San Cerninek du Autonomien Arteko 1. Mailara igotzeko aukera, baina finalean komentatu zutenez, ez omen dute igotzeko intentzio handirik. "Duela 2 urte igo ziren, baina berehala mailaz jaitsi ziren, eta ez daude oso motibatuta. Eta hori gertatuz gero, guri mailaz igotzeko aukera ematea etor daiteke. Eta hori gertatzen bada, egoera aztertu beharko genuke. Beraz, momentuz atseden pixka bat hartzea ongi heldu da, eta gero gerokoak" aitortu du entrenatzaileak.
Iosu Mendiolak eskerrak nahi eman dizkie Lauko Finala antolatu eta finalera animatzera hurbildu zirenei. "Gu animatzera horrenbeste jende gerturatu zen… oso eskertuta gaude. Jende asko geratu zen sartu ezinik, eta eskerrak ematea, ez dugu besterik" berretsi du Iosuk, Eta, jakina antolakuntzatik egindako lana goraipatu du. "CBASK klubari eta boluntarioei ere oso eskertuta gaude, egindako antolakuntza lanagatik. Sei egun eskasetan guztia antolatzea sekulako lana izan da, eta guztia ongi atera zen".