Montesinosi azken agurra

Guaixe 2021ko eka. 21a, 13:29
Miguel Angel Montesinos Altsasu festetako txirrindulari probako kartel eta sariekin. SDA

Kirol eta gizarte arloan lan egin zuena larunbatean hil zen eta atzo despeditu zuten.

Miguel Angel Montesinos Zornoza larunbatean hil zen 74 urte zituela. Autoeskolako irakasle izana, jende askok horregatik ezagutzen zuen lau hamarkadatan aritu baitzen horretan. Baita urtetan Altsasuko Kirol Elkartean aritua zelako. Elkartea 1968ko otsailaren 5ean sortu zen eta bera han zen. Ordutik eta elkartearen bidez, Altsasun kirola sustatu zen, bereziki txirrindularitza eta pilota. Hau da, Erramu igandeko eta festetako txirrindulari eta Otadiko Kristo Deuna pilota txapelketak antolatzen. Elkarteko zuzendariorde izandakoa, gaur egun ez zuen inolako ardurarik, baina elkarteko jardun onaren alde laguntzeko prest zegoen beti. Montesinosek, batez ere, bulego lana egiten zuen, lasterketetarako baimenen eta dirulaguntzen tramitazioa eginez. 

Montesinosek autoeskolako irakasle gisa zuen ezagutza baliatu zuen Altsasuko trafikoa eta bide segurtasuna hobetzeko. Txostena egin eta udaletxean aurkeztu zuen duela bi urte. Han jasotako proposamenen artean zeuden herrian abiadura muga 30 km orduko ezartzea eta hainbat zebrabide marraztea. Horiekin batera, bidegurutzeetan arriskua murrizteko proposamenak ere gaineratu zituen txostenean; hainbat trafiko seinale jartzekoak; baita Gartzia Ximenez kaleko kiosko parean espaloia zabaldu eta autoan ilaran aparkatzeko ere. 

Bestalde, Peio Arregirekin eta Juan Pedro Higuerorekin batera Pentsio Duinen Aldeko 22 de Febrero plataformaren sortzailea izan zen 2018an. Egun hartan Altsasuko udaletxe parean 200 pertsonak pentsio duinen aldeko bilkura egin zuten. Hiruen elkarrizketaren emaitza izan zen plataforma, “Estatu osoko pentsioen inguruko mugimendua, bereziki Bilbon, gure herrian ere ikus zedin” azaldu zuen orduan Montesinosek. Pentsio duinen aldeko aldarrikapenaren ahots publikoa izan zen hainbatetan.  
 
Aitortzak
Altsasu Kirol Elkartearen ibilbidea aitortu zuen udalak eta hark antolatutako festetako lasterketaren 90. urteurrenean, 2019ko irailaren 13an, festen hasierako etxajua piztea eskaini zion. Eliseo Gorospe Aramendia, Felix Mazkiaran Yaguez eta Migel Anjel Montesinos izan ziren hura piztu zutenak. Altsasu Kirol Elkartearen 50. urteurrena zela eta, elkarteak berak ere aitortza egin zion Montesinosi, Gregorio Riezu Sueskuni eta Guzman Lobori. 2018an izan zen hori. Nafarroako Gobernuak kirol merituaren Zilarrezko Domina eman zion 2000. urtean.