Altsasuko auziagatik kartzela zapaldu duten azken bi presoak izan dira Jonan eta Julen. Zaballako kartzelako Tratamendu Batzordeak gradu aldaketaren aldeko txostena eman zuen maiatzean eta Espainiako Espetxe Zaintzako Idazkaritza Nagusiak hura berretsi zuen asteartean. Egun horretatik ez dute kartzela zapaldu beharrik. Auzipetuen artean Ainara da ezarritako zigorra bete duen bakarra (urte eta erdikoa, ez zuten kartzelan sartu baina hainbat kontrol neurri ezarri zizkioten), gainontzekoak egoera berean daude orain, kalean, baina kontrol telematikoarekin eta hainbat gauza egiteko mugarekin.
Azaroaren 18an jakin zen Jose Luis Castro Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak Jonan eta Juleni 100.2 artikuluaren malgutasun printzipioagatik lanera eta ikastera ateratzeko baimena onartu ziela. Baina abenduaren 2ra arte ez zen hura gauzatu. Ordutik bi altsasuarrak astegunetan 22:00etatik 07:00etara kartzelan lo egin dute eta asteburuak preso eman dituzte. Tarteka asteburuko baimenen bat jaso dute.
Zigorrez
Espainiako Auzitegi Nazionalak Jonani eta Juleni zazpi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri zien. Guardia Civilak bitan atxilotu eta bitan sartu zituen kartzelan: 2016ko azaroaren 14an eta urte hartako abenduaren 20ra arte egon ziren preso. Behin behinean aske gelditu ondoren, 2018ko garagarrilaren 5ean atxilotu zituzten atzera ere. Gaur 1.148 egun egin dituzte zigorpean. Beraien zigorra 2025eko lastailean bukatuko da.
Iñaki eta Aratz ere bitan atxilotu zituzten eta, beraz, egun kopuru bera daramate zigorpean. Aratzek lau urte eta bi hilabeteko zigorra du, eta hura 2022ko garagarrilean despedituko du. Iñakik, berriz, hiru urte eta erdiko zigorra du eta hura lastailean beteko du. Biek 598 egun egin zituzten preso. Bestalde, Adur, Jokin eta Oihanek 1.319 egun egon ziren preso, 2016ko azaroaren 14tik 2020ko garilaren 3ra. 1.681 egun egin dituzte zigorpean. Oihanek bederatzi urte eta erdiko zigorra du eta Adurrek eta Jokinek, berriz, zortzi urte eta erdiko zigorra dute. Hirurek 2024ko maiatzean beteko dute zigorra. Izan ere, delitu batengatik baino gehiagogatik zigortu zituzten hirurak. Epaian jasotzen denez, zigor handiena duen delituaren hirukoitza bete behar dute kartzelan. Epaiaren arabera hiruen delitu handiena agintearen agentearen kontrakoa da, bi urte eta erdiko espetxe zigorra duena. Beraz, horren hirukoitza bete behar dute, hau da, zazpi urte eta erdi. Eta, ondorioz, hiruen zigorra aldi berean bukatuko da. Bestalde, soinean duten kontrol telematikoaz aparte, Aratz, Iñaki, Adur, Jokin eta Oihanek astean lau egunetan etxean zortzi ordu egon behar dute.
Espainian bere ibilbidea egin ondoren, Estrasburgon dagoen Giza Eskubideen Europako Epaitegian dago Altsasuko Auzia, abokatuek han zigorren kontrako helegitea aurkeztu baitute.