Zelandiko patioko lanak garilarekin batera hasiko dira

Guaixe 2021ko eka. 29a, 12:51

Zelandiko patioa. ARTXIBOA

Ur putzuak ez sortzeko eginen dira lanak. Bestetik, merkataritza plana egiteko lanak eta basogintza aholkularitza ardurak eman ditu ere

Zelandiko eskolako kontseiluak eta guraso elkartea aspaldi kexu dira euria egiten duenean putzuak sortzen direlako patioan. Euri ura jasotzeko kanalizazioak egin eta patioren urbanizazioa egokituko ditu Apezetxea Anaiak enpresak. Garilean hasiko dira lanean eta bi hilabete izanen dituzte egitekoak despeditzeko. Lanen truke Altsasuko Udalak 147.232,60 (BEZ kanpo) pagatuko dizkio enpresari. Lanak finantzatzeko udalak Nafarroako Gobernuaren 236.000 euroko dirulaguntza du, herrialdeko aurrekontuak onartzerakoan Geroa Baik aurkeztutako zuzenketa batek aurrera egin baitzuen. 

Udalak Merkataritza Erakartzeko eta Antolatzeko Plana idazteko kontratua Ikei Research & Consultancy enpresari eman dio. Lanaren helburua da, batetik, herrian txikizkako merkataritzari eusten laguntzea eta Altsasuko merkataritza-jardueraren hazkunde harmoniatsua bultzatzea. Eta, bestetik, merkataritza eskaintza eta formatuak berdintasunez eta aniztasunez eskuratzea. Planaren erredakzioagatik Altsasuko Udalak  8.644 euro (BEZ kanpo) pagatuko ditu. Inbertsioari aurre egiteko foru administrazioaren  %80ko dirulaguntza du.

Bestetik, Lur Geroa enpresa izanen da Altsasuko Udalari basogintzaren arloan laguntza teknikoa emanen diona. Urte baterako kontratua sinatu du, baina bost urtera arte luza daiteke. Eta arte erakundeei dirulaguntzak emateko deialdiaren barruan erabaki du Haize Berriak bandari 15.000 euro ematea. Azkenik, Altsasuko Udalak ur kontagailuen irakurketa zerbitzua enpresa baten bidez egitea erabaki du eta enpresa bat kontratatzeko deialdia egin du. Horretarako, udalak 62.040 euro (BEZ kanpo) bideratu ditu. Kontratua urte baterako izanen da, baina beste lau urtez luzatu daiteke. Altsasuarrek uragatik lau hilabetero pagatzen diote udalari. Hori horrela izateko lau hilabetero 4.400 kontagailu irakurketa egiten dira.