Gazteriaren beharren berri jasotzeko inkesta

Guaixe 2021ko uzt. 2a, 11:06
Gazte Asanbladak Foru plazan jarritako panelean jasotako inkesta kopuruaren berri ematen du.

Altsasuko Gazte Asanbladak sustatu du, “herritarren arazo eta interesak hauteman eta gogoeta eraikitzaile bat egiteko”.

Martxo akaberan martxan jarritako dinamikaren bigarren fasean dago Altsasuko Gazte Asanblada (AGA). Herriko gazteen beharrak zein diren jakin nahi dute AGAko kideek, “eztabaida eraikitzailea bultzatuz, AGAren lan ildoak gazteriaren errealitatera hurbildu daitezen”. Bigarren faseari garagarrilaren erdialdean ekin zioten eta Altsasuko kuadrillekin harremanetan jartzean datza. Inkesta bat pasa diete, haien beharrak zein diren jakiteko. Lau arlotan banatu dute galdetegia: lana, aisialdia, ikasketak eta etxebizitza. Inkestaren lotura duen QR kodedun kartelak jarri eta tabernetako mahaietan txartelak jarri dituzte. Diagnosia egiteko AGAk inkestak betetzeko gonbidapena egin du, “10 minutuko kontua da, eta erabat anonimoa da”. Erantzunak jasota, haien azterketari ekinen diote AGAko kideek.