Astekaria

Lan eta etorkizun duin eske

Guaixe 2021ko uzt. 13a, 09:28
Sunsundeguiko langileek egunero protesta egiten dute lantegian. UTZITAKOA

Sunsundegui enpresako langileak horretan ari dira azken hiru asteetan, 10:00etatik 10:15era enpresan bertan bilkurak eginez. Lan baldintzak hobetzeko, zuzendaritzari "hitz egitera eseri, negoziatzea eta akordioak ixtea" eskatzen diote. Salatu dutenez, lan batzordeetan 2017tik ez da aurrerabiderik izan.

Gaur egun Sunsundeguin 270 langile ari dira lanean. Enpresa batzordea UGTko bost kidek, LABeko lauk eta ELAko eta CCOOko bina ordezkarik osatzen dute. LABek, ELAk eta CCOOk, hau da, enpresa batzordearen gehiengoak deituta, langileak kontzentrazioak egiten ari dira gosaltzeko duten ordu laurdenean lantegian bertan. Egunero zabaltzen duten pankartan “lan eta etorkizun duina” irakur daiteke. Egunero plantillaren %60 biltzen dela azaldu dute enpresa batzordeko kideek, “zeharkako langileak beldurragatik ez dira ateratzen”, gaineratu dute. Azaldu dutenez, “enpresaren egoeragatik, langileen artean haserrea orokorra da, plantilla erreta dago”. 

Enpresa batzordeko gehiengoko kideek azaldu dutenez, 2017an enpresako zuzendaritzarekin akordioa itxi zuten. Haren arabera lau batzorde osatuko ziren lan osasuna, lan kategoriak, aurrejubilazioak eta berdintasun planak lantzeko. Langileen ordezkariek salatu dutenez, “lau urtetan ez da aurreratu gai horietan. Lan osasunean eta lan kategorietan, pixka bat. Ez digute kasurik egiten. 2017tik gabiltza horrekin eta uste dugu badela garaia gai horiek ixteko”. Akordio faltagatik, aurten bere kontura atera direnek “dirua galdu” dutela nabarmendu dute. Haietako batek 49 urte egin zituen enpresan lanean. 

Mobilizazioak deitu dituzten langileen ordezkariek azaldu dutenez, “enpresak beti esaten du aurrera begiratzeko, enpresa aurrera eramateko; baina txanda-kontraturako langile gazteak badaude, aurrera begira, enpresan etorkizuna dutenak. Zuzendaritzak hor lan handia du, esaterako, behingoagatik akordioak sinatzea”. Batzordeak osatzeko eskatu, eta zuzendaritzak “baiezkoa eman, baina ez du ezer egiten. Guk sinatutako akordio batzuk ez dituzte aurrera eramaten”. 

Mehatxupean 
Kontzentrazioak deitu dituzten hiru sindikatuetako ordezkariek azaldu dutenez, “enpresak urtero asko fakturatzen du: 2019an 70 milioi euro izan ziren. Fakturazio errekorra izan zen. Baina urte pila batean ez du irabazirik izan”. Pandemia ere iritsi zen. Joan den urte bukaeran Sunsundegiko zuzendaritzak esan zuen “dirurik ez zuela enpresa aurrera eramateko, soldatak pagatzeko”. 4,5 milioi euroko mailegua eskatu zuen. Sodena enpresa publikoak 3,4 milioi euro eman zituen, eta bankuek 1,1 milioi euro. Sodenak, berme bezala, langileek soldata %10 jaistea eskatu zuen. “Bai enpresa batzordeak bai zuzendaritzak ezezkoa eman genuen. Guk eskatu genuen ikaragarri kobratzen duen zuzendaritzaren soldata jaisteko”. 

Eguberri betean jaso zuten berria enpresa batzordean, eta haren kontra egin zuten. “Soldatak eta aparteko ordainketa ez pagatzearekin mehatxatu gintuzten, koiuntura… Beta gutxirekin, enpresa itxiko zen mehatxupean, akordio bat sinatzera behartu gintuzten, behartuta”, azaldu dute enpresa batzordeko gehiengoko kideek. Langileek, beldurrez, batzarrean hala erabaki zuten, “bost botogatik”. Horregatik, hiru urtez soldata izoztuta izanen dute. 

Gogorarazi dute, 2017an zuzendaritzarekin adostutakoaren arabera urtero soldatak %2 igoko zirela. “oso behetik gentozen, eta hori oinarria zen. Gaur egun, duela 20 urteko soldata bera kobratzen ari gara. Soldatak izoztearekin erosketa ahalmena galdu dugu”. Enpresa batzordeko gehiengoko kideek gaineratu dutenez, “Sodenak jarri zuen zuzendaritza hau eta soldatan murrizketak eta kaleratzeak ezarri zizkigun. Lantegiak martxan segitzeko, langile bakoitzak bere soldataren %23-24 artean galdu du azken hamar urteetan. 400 bat euro hilabeteko, hau da, hamar urtetan langile bakoitzak 60.000 euro irabazteari utzi dio”. 

Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientea indarrean dago Sunsundeguin abendura arte. Enpresa batzordeko gehiengoko ordezkariek azaldu dutenez, “ez genuen sinatu, kaleratzeak eta etorriko ziren beldurrez. Zuzendaritzak langileoi osagarri txiki bat ematen zigun epe baterako. Espedientea bozkatu eta plantillak ezezkoa eman zion. Hor langileen haserrea ikusi genuen. Borrokatzera esan zuen, zuzendaritza honek ez baitigu kasurik egiten ez enpresa batzordeari, ez inori”. Horregatik hasi dituzte mobilizazioak eta haien egoera publiko egiten. “Baldintzak behar ditugu”. 

Pausoak
Langileen gehiengoaren ordezkariak kexu dira lantegiak aurrera egiteko ahalegin guztiak langileen bizkar daudelako. Kexu dira “enpresaren kudeaketa nulua” delako. “Negoziatzeko eta akordioak ixteko” enpresa batzordearen gehiengoak bere aldarrikapenak zuzendaritzari jakinarazi dizkio. “Baina ez dugu erantzunik jaso. Enpresa batzordearekin duten komunikazioa zero da. Gauzak, gehienbat, kanpotik jakiten ditugu. Zuzendaritzak badaki haserre gaudela, baina ez du pausorik ematen”.

Beraien egoeraren eta negoziatzeko nahiaren berri emateko, Sunsundeguiko enpresa batzordeko gehiengoa Nafarroako Parlamentuan ordezkatuta dauden alderdi eta koalizioetako ordezkariekin, Sodenako buruekin eta Mikel Irujo Amezaga Ekonomia eta Enpresa Garapenerako kontseilariekin bildu da. Lantegiko kontzentrazioekin segituko dute, baina ez dute baztertzen bestelako neurriak hartzea. Bide batez, UGT gonbidatu dute “borrokara” batzeko. “Guk lantegiak segitzea, lan baldintza onak eta kalitatezko enplegua nahi ditugu. Horretarako negoziatu nahi dugu” gaineratu dute.