Giza Eskubideen Europako Auzitegiak tramitera onartu ditu Iñaki, Aratz, Jonan, Julen, Ainara eta Jokinen abokatuek aurkeztutako helegiteak. Hala jakinarazi du Altsasu Gurasoak taldeak. Gainontzeko defentsek, momentuz, ez dute jakinarazpenik jaso; baina auzipetuen gurasoen arabera “aurreikus daitekeena da gainontzeko helegiteek bide bera segitzea”.
Altsasuko auzia epaitegien ibilaldian azken geltokia da Estrasburgon dagoen Giza Eskubideen Europako Auzitegia. Abokatuek auzipetu bakoitzeko helegite bana aurkeztu zuten urte hasieran. Defentsek idatzi horietan argudiatzen dute Espainian epaile inpartzial bat izateko eskubidea urratu zaiela, eta aurkeztutako frogak onartu ez izana.
Europako epaitegiaren aurrean lehen argudioa arrazoitzeko, gogorarazi dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko lehen aretoko epailea Concepcion Espejel dela, Guardia Civileko koronel batekin ezkonduta dagoela eta erakunde horren Merezimenduzko Saria jaso duela. Abokatuek “ageriko lotura afektibo eta psikologikoa” dela-eta helegitea aurkeztu zuten 2018an, eta Espejelek berak atzera bota zuen. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko Jose Ramon Navarro eta Eloy Velasco epaileek ere aipatu saria jaso zutenez, haien kontra ere egin dute defentsek helegitea aurkeztean.
Bigarren argudioa da Altsasuko zortzi auzipetuei prozesu justu bat izateko eskubidea urratu zaiela. Abokatuek, besteak beste, salatu dute kasuaren instrukzioan hainbat froga eta lekuko aurkeztea galarazi zitzaiela. Esaterako, Adur Ramirez de Alda beste arropa batzuekin ageri zela Burunda frontoiko harmailetan; edo Iñakik grabatutako bideoa, non ikusten den liskarraren ondoren guardia civiletako bat ustezko erasotzaileen bila ari den eta ez duen inor identifikatzen.