Sunsundeguin ez da lanuzterik eginen

Guaixe 2021ko uzt. 27a, 11:35
Sunsundeguiko enpresa batzordeko kideetako batzuk pankartarekin enpresaren atean.

Altsasuko enpresak hilaren 19an egindako bozketan, langileek erabaki zuten lanuzterik ez egitea. ‘Lan eta etorkizun duina’ aldarrikatzeko  kontzentrazioak egiten segitzen dute 10:00etatik 10:15era lantegian bertan.

Sunsundeguiko langileak ez daude gustura dituzten lan baldintzekin. Haiek hobetzeko zuzendaritzarekin “hitz egin, negoziatu eta akordioak” itxi nahi dituzte. Lan osasuna, lan kategoriak, aurrejubilazioak eta berdintasun planak lantzeko batzordeak biltzea eta akordioak ixtea eskatu diote zuzendaritzari. Baina ez dute halakorik lortzen. Horregatik, enpresa batzordearen gehiengoa osatzen duten LABek, CCOOk eta ELAk deituta langileek goizero kontzentrazioak egiten dituzte lantegian bertan. UGTk ez du mobilizazioekin bat egin. 

Aldarrikapenari indar gehiago emateko joan den astean egunero bi orduko lan uzteak eta honetan lau ordukoak egitea proposatu zuten hiru sindikatuek. Horren egokitasunaz iritzia eskatu zioten plantillari eta boto bidez ezezkoa eman zieten. 106 langilek mobilizazioen kontra egin zuten eta 92k alde. Beraz, goizeroko protestekin segituko dute langileek. Oporren ondoren, irailean, egoera aldatzen ez bada, beste dinamika bati heltzea ez dute baztertzen.