Bigarren urtez jarraian, Altsasuko Udalak eta Altsasuko Dendarien Elkarteak (ADE) Oso Gertu kontsumo bonuen kanpaina jarri dute martxan. Altsasuko Udalak kanpaina horretara 17.000 euro bideratu ditu. Altsasuko herriko establezimenduetan kontsumitzeko joera sustatzea eta sektorearen berraktibazioa dira ekimenaren helburuak. Herriko ekonomiari bultzada bat emateko bidea ere bada.
Kanpainak bi zati ditu. Lehenik eta behin, bertan parte hartzeko interesa duten establezimenduek izena eman behar dute, berdin da ADEko kide izan edo ez. Horretarako, dendariek www.altsasu.eus webgunearen bidez inprimakia bete beharko dute. Izena emateko epea agorrilaren 1etik 23ra egonen da zabalik. Dendariek parte hartu dezakete, beti ere, txikizkako merkataritzan aritzen badira eta 300 metro karratukoa baino txikiagoa den salmenta azalera badute. Azken arau horren salbuespena altzari-dendak dira. Udalak kanpainan honako jarduerak parte hartzea baimentzen du: ile-apaindegiak, estetika-zentroak, argazki-dendak, zapatariak, arropa konponketa, tatuaje-zentroak, markoak jartzen dituztenak, akademiak, kirol-zentroak, bidaia-agentziak, aseguruak, higiezinen zerbitzuak, masajistak eta fisioterapeutak. Estreinako urtean, 77 establezimenduk eman zuten izena.
Kanpainaren bigarren zatia, establezimenduen izen ematea despeditu eta gero zabalduko da, agorrilaren 23tik irailaren 24ra. Herritarrek kontsumo bonuak eskuratzeko aukera izanen dute Iortia kultur gunean, 09:00etatik 13:00etara. Aurten 1.580 bonu banatuko ditu Altsasuko Udalak. Pertsona bakoitzak bono bat eskuratzeko aukera izanen du. Horretarako, nortasun agiria aurkeztu beharko du. Kontsumitzaileek bonua agorrilaren 23tik irailaren 30era arte erabiltzeko aukera izanen dute, ondoren, bonuek balioa galduko dute. Estreinako kanpainan bezala, kontsumo bonuak herritarrari 10 euroko aparteko saldoa emanen dio. Hau da, 40 euroko edo gehiagoko erosketa bat egiten badu, bezeroak dagokiona baino 10 euro gutxiago pagatu beharko ditu. Alde hori udalak establezimenduei ordainduko die, ADEren bidez.