Foru Plazatik abiatuta (528 m), Bargagainera igotzea (1.153 m) zuten xede Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak larunbat goizean Altsasun antolatutako mendi lasterketan izena eman zuten 60tik gora korrikalariek. Guztira 63k lortu zuten Bargagaineko gurutzeraino heltzea, lan itzela egin eta gero. Izan ere, 4,2 kilometrotan 625 metroko desnibela gainditzea ez da edonolakoa.
Lehendabiziko malda gogorretara nahiko batuta iritsi zen tropela, baina hor hasi ziren aldea ateratzen. Alkotzeko Mikel Beunzak erritmo oso gogorra ezarri zion, tartea ateratzen hasi eta, azkenean bakarrik iritsi zen Bargagainera (30:18). Minutu pasa atera zion Xabi Macias bigarrenari (31:20), eta 2 minutuko aldea Beñat Katarain lakuntzarrari (32:18). Helmugara 6. sartu zen Eukeni Goikoetxea izan zen lehen altsasuarra.
Emakumezkoetan Ainara Urrutia aretxabaldarrak ez zuen areriorik izan (38:22). Bi minutu pasako aldea atera zion Haizea Ramirez de Alda altsasuarrari (40:40), eta Garazi Sanpedro atxondoarrak osatu zuen podiuma (40:57).