Lainotuta eta fresko. Eguraldi horrekin ekin zioten Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak hainbat babesleren laguntzarekin larunbat goizean Altsasun antolatutako I. Bargagain Igoerari izena eman zuten 60tik gora partaidek. Probaren lehen edizioa izateko, partaidetza polita izan zen, eta oso kontentu zegoen antolakuntza. Foru Plazatik abiatuta (528 m), Izelai Hotel pareraino iritsi, BM merkataritza gunearen parean buelta hartu, Iru Bide pareraino heldu eta Bargagainera igotzea (1.153 m) zuten helmuga. 4,2 kilometrotan 625 metroko desnibela. Horren distantzia gutxian horrenbesteko desnibela ez da edonolakoa, eta lasterketa gogorra izan zen Bargagaingo Igoera, oso teknikoa. Hori kontuan hartuta, goizeko freskura gogoz eskertu zuten korrikalariek, korrika egiteko eguraldi aproposa baitzegoen.
Lehendabiziko malda gogorretara nahiko batuta iritsi zen tropela, baina hor hasi ziren aldea ateratzen. Alkotzeko Mikel Beunzak erritmo oso gogorra ezarri zuen, tartea ateratzen hasi eta, azkenean bakarrik iritsi zen Bargagainera (30:18). Minutu pasa atera zion Xabi Macias bigarrenari (31:20), eta 2 minutuko aldea Beñat Katarain lakuntzarrari (32:18). Helmugara 6. sartu zen Eukeni Goikoetxea izan zen lehen altsasuarra.
Emakumezkoetan Ainara Urrutia aretxabaldarrak ez zuen areriorik izan (38:22). Bi minutu pasako aldea atera zion Haizea Ramirez de Alda altsasuarrari (40:40), eta Garazi Sanpedro atxondoarrak osatu zuen podiuma (40:57).
Behin korrikalari guztiak Bargagain gainera iritsi eta gero, guztiek elkarrekin ekin zioten jaitsierari eta eguerdian, 12:30ak aldera, sari banaketa egin zen Foru Plazan.
Sakandarrak Bargagainen
Gizonak:
1. Mikel Beunza (Alkotz) 30:18
3. Beñat Katarain (Lak.) 32:18
6. Eukeni Goikoetxea (Alts.) 33:39
11. Aritz Munarriz (Etx.) 35:14
18. Javier Borrega (Alts.) 37:32
22. Joseba Galarza (Iturm.) 37:47
25. Ander Galarza (Urd.) 38:24
28. Alatz Agirre (Arb.) 38:36
29. Ioseba Iza (Arb.) 38:50
31. Ander Iraizoz (Alts.) 39:29
32. Asier Ansa (Alts.) 39:38
33. Unai Razkin (Irur.) 39:40
34. Aimar Araña (Etx.) 39:42
38. Xabier Bergera (Alts.) 40:52
41. Igor Artieda (Etx.) 41:39
44. Isidro Asurabarrena (Alts.) 42:17
45. Ion Igoa (Etx.) 42:34
46. Fran Araña (Arb.) 42:36
48. Jose Antonio Salgado (Alts.) 42:56
50. Fermin Azkargorta (Iturm.) 43:57
52. Inhar Olabide (Alts.) 46:30
53. Ekhi Olabide (Alts.) 46:33
54. Aitor Salinas (Etx.) 47:15
58. Iñaki Agirre (Etx.) 48:38
59. Ioni Araña (Arb.) 50:15
60. Damian Andueza (Alts.) 55:43
Emakumeak
24. Ainara Urrutia (Aretxabaleta) 38:22
36. Haizea Ramirez de Alda (Alts.) 40:40
42. Marina Zabala (Lak.) 41:47
55. Sonia Alonso (Alts.) 48:09
62. Nerea Arguelles (Alts.) 1:01:28
63. Esti Mateos (Iturm.) 1:03:09
Uharte Arakil-Beriain Km Bertikalak hartuko du lekukoa
Bargagaingo Igoerari irailaren 19an jokatuko den Uharte Arakil-Beriain Km Bertikalak hartuko dio txanda. Pandemiagatik Aralar Mendi klub antolatzaileak 200 korrikalarirendako tokia mugatu behar izan zuen, eta aspaldi agortu ziren aipatu tokiak. Soilik itxaron zerrendarako eman daiteke izena. Uharte Arakiletik aterata (471 m), Beriain gainera igotzea da erronka (1.494 m). 5 kilometrotan 1.023 metroko desnibela dute korrikalariek.
Ildo honetan, aipatzekoa da irailaren 4an Iker Karrera mendi lasterkari entzutetsua larunbatean Uharte Arakilen izan zela. Arratsaldean Beriain Km Bertikala Trail Estazioko ibilbidea osatu zuen hainbat korrikalari sakandarrekin batera, eta, 19:30ean, Iker cabeza de Karrera bere liburuaren aurkezpena egin zuen.