Altsasuko auziagatik epaitutakoen artean zigorra betetzen lehena izan da Iñaki. Baldintzapeko askatasunean egonda, eskumuturrekoa eta gailu elektrikoa izan ditu etxean. Horiek gaur eguerdian Zaballako espetxera bueltatu ditu eta aske da. Kartzelatik pasatu ziren gainontzeko sei auzipetuak hirugarren graduan daude kontrol telematikoarekin. Ainara urte eta erdiko zigorra jaso zuen eta ez zen kartzelara sartu, baina baldintzapean aske dago hainbat urterako. Iñakiren askatasun berri ona da Altsasu Gurasoendako, horregatik, gaur arratsaldean ospatu eginen dute.
Iñaki bitan atxilotu zuten: 2016ko azaroaren 14an eta 2018ko garagarrilaren 5ean. Lehenengo aldian 37 egun egon zen preso eta bigarrenean 767. Guztira 804 egun egon da kartzelan. Bera eta Aratz 2019ko abenduaren 20an askatu zituzten eta ordutik hirugarren graduan zegoen. Iñakik 1.283 egun egin ditu zigorpean. Kopuru bera egin dute Aratzek, Jonanek eta Julenek, baina haien kasuan, kontagailuak aurrera egiten du. Bestalde, 2016ko azaroaren 14ko atxiloketaz geroztik 2020ko garilaren 3an aske gelditu ziren arte Adur, Jokin eta Oihan 1.337 egun preso egon ziren; zigorpean 1.786 egun daramatzate.
Eta nire etxeko atean daukadan kartela, zakarrontzira botatzea. pic.twitter.com/yj36EZTCDd
— Iñaki Abad (@abad_altsasu) October 4, 2021
50 urtetik 3,5era
2016ko lastailaren 15eko goizaldean, taberna kanpoko aldean, Gartzia Ximenez kalean irudiak grabatu zituen Iñakik. Delitu terroristak egotzita, fiskaltzak Iñakirendako hasieran berarendako 50 urteko espetxe zigorra eskatu zuen. Espainiako Auzitegi Nazionalak 2018ko garagarrilaren 1ean emandako epaian 10 urteko espetxe zigorra ezarri zion (6 urte hiru lesio deliturengatik, 3 urte agintearen agenteen kontrako delituengatik eta bat desordena publikoengatik).Auzitegi bereko Apelazio Epaitegiak 2019ko martxoaren 7an emandako epaian Iñakiren zigorra 6 urtetan utzi zuen (3 urte hiru lesio deliturengatik, 2 urte agintearen agenteen kontrako delituengatik eta bat desordena publikoengatik). Azkenik, Espainiako Auzitegi Gorenak 2019ko lastailaren 9an eman zuen epaian hiru urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion (bi urte eta erdi agintearen agenteen kontrako delituengatik eta bat desordena publikoengatik). Gainontzeko auzipetuena bezala, Iñakiren abokatuak helegitea aurkeztu zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegian. Helegitea onartu du auzitegiak, baina hura ebaztea falta da.