Astekaria

Hainbat lan hastear dira

Guaixe 2021ko urr. 12a, 09:33

Altsasuarrak Gartzia Ximenez kalean. ARTXIBOA

Azaroaren hasierarako Gartzia Ximenez kalearen zati bat egokitzeko lanak eta Ibarrea industrialdeko ur zikinen sareko lanen hirugarren faseko lanak hasiko dira. Horrekin batera Aldautia kaleko zoru zati bat eta San Joan kalean espaloi zati bat berrituko dira. Beste hainbat lan eginen dira ere. 

Altsasuko Udalak Gartzia Ximenez kaleko 855 metro karratu eraldatuko ditu. Udaletxe pareko lorategiko izkinatik Zubeztia kaleko bidegurutzera arteko espazioan espaloiak eta errepidea altura berean egonen dira. Tarte hori oinezkoek eta ibilgailuek partekatuko dute, baina oinezkoei lehentasuna emanez, eta trafikoa mantsoago ibiltzeko. Aldi berean, Alde Zaharra eta zabalgunea lotzeko modua izanen da. 

Horretarako dagoen zorua kendu eta berria zabalduko dute, kale tarte horretan dauden arketen altuera zoru berriaren alturara jarriko dituzte. Errepidea dena galtzada harrien koloreko asfaltoz egina izanen da. Euri ura jasotzeko, berriz, kanaleta jarraituak jarriko dira espaloiaren eta asfalto berriaren artean. Kale zati hori mugatzeko oztopo zutoinak jarriko dituzte. Hiru zebrabide margotuko dira eta haiei dagozkien seinaleak jarriko dira. Espazio hori data jakinetan (asteburuak, festa egunak…) ixteko aukera ere aurreikusten du udalak. Horregatik oztopo zutoin batzuk jarri eta kentzeko modukoak izanen dira. 

Lanak Excavaciones y Transportes Orsa SM enpresak eginen ditu eta haren truke 132.356,36 euro (BEZ kanpo) jasoko ditu. Lanak despeditzeko 30 egun izanen ditu enpresak. 

Bi kale
Kontratu beraren barruan, Altsasuko Udalak beste bi kaletan konponketa lanak egitea aurreikusi du. Batetik, Aldautia kalean, Lapurbide kalearen ondoko zatian, 150 metro karratuko azalerako zorua berrituko dute. Bestetik, San Joan kalean, Gipuzkoarako autobia hartzeko irteeraren parean, espaloiaren 30 m2 berrituko dira euri urak egoki bideratzeko. 

Ibarrea
Industrialdeko ur zikinak bilduko dituen sarea osatzeko lanen hirugarren eta azken fasea falta da. Horiek Lacunza Hermanos SM enpresari eman dizkio udalak 154.482,20 euroren (BEZ kanpo) truke. Enpresak zortzi aste izanen ditu lanak despeditzeko.

2019ean Ibarrea industrialdeko ur zikinak industrialdean jarri zen sare nagusiarekin lotu ziren. 2020an, berriz, Ibarmusuko ur beltzak jasotzeko eta haiek Geltoki auzoko hodi nagusira eramateko lanak egin ziren. Beraz, gaur egun, oraindik Ibarrea industrialdeko hondakin urak Altzania ubeldean bukatzen dute. Hori saihesteko aurreko bi faseetan jarritako hodiak lotu behar dira. Horretarako, 130 metroko luzeran hodiak jarri behar dira. Horietako 53 metro trenbide azpian eginen dira. Han lehenik 1,2 metroko altzairuzko hodia sartuko dute eta haren barruan PVC-zko 31,5 cm-ko diametroa duen hodia sartuko dute. 

Gehiago 
Altsasuko Udalak aurreikusitako inbertsioen artean dago Garbitoki eraikineko igogailu hidraulikoa elektriko bategatik aldatzea. Lanak despeditu ondoren bigarren solairuan dagoen makina gela hutsik geldituko da. Orona kooperatibak jarriko du igogailua 21.200 euroren truke. Garbitoki eraikinean berokuntza sistema guztia berritu eta galdara bakarra jarriko da. Horrela solairu bakoitzean berogailua piztuta edo itzalita egoteko, edo erregulazio desberdina izateko aukera izanen da. Gaur egun Garbitoki eraikinean bi galdara daude. Batak behe solairuan dagoen gimnasioa berotzen du. Besteak, bigarren solairuan dagoenak, lehen solairuko ludoteka eta Bake Epaitegia eta haien gaineko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko egoitza berotzen ditu. Lanak Climatizaziones Orio SM enpresak eginen ditu 19.765 euroren (BEZ kanpo) truke. 

Gure Etxea eraikinean ere berokuntza instalazioa aldatuko da eta galdara berria jarri. Lanak eginda, gainera, galdara gela legedira egokituko da. Eraikinean zoru bero emailea dago jarrita. Solairu bakoitzean zirkuitu berria jarriko dira . Halakorik ez dagoen geletan zirkuitua jarriko da, gero berogailu edo bestelako aukeren bidez gelak berotzeko. Veolia Servicios Norte SAU enpresak 37.977,17 euro (BEZ kanpo) jasoko ditu lanak despeditu ondoren. Azkenik, Signos Viales SM enpresak 21 zebrabide margotzeko Altsasuko Udalaren kontratua eskuratu du 7.154,18 eurorengatik (BEZ kanpo).  

Deialdiak 
Altsasuko Udalak Dantzaleku kirol gunerako sarbidea kontrolatzeko kontrol sistema ezarri nahi du. Hura Zelandi kiroldegiarekin zuntz optiko bidez lotuta legoke. Bestalde, futbol zelaira eta atletismo pistetara baita aldageletarako sarbidea kontrolatzeko sistema ere ezarri nahi du. Igerilekuen eraikinean ere gauza bera ezarriko da. Igerilekura sartzeko tornua jarriko da. Futbol zelaiko aldageletan zaintza kamera jarriko du, baita joko zelaia eta igerilekuak zainduko dituzten beste bi kamera. Hori guztia jarriko duen enpresari udalak 24.696 euro (BEZ kanpo) ordainduko dio. Aldi berean, Altsasuko Udalak herriko Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan hezkidetza programa garatzeko deialdia egin du. Lizitazioa 7.883,6 eurokoa (BEZ kanpo) da. 

Erlazionatuak