Osasun zerbitzua "gaixo" dago

Guaixe 2021ko urr. 18a, 08:29

Pentsio duinen aldeko mugimenduko kideek gobernuarendako eskaerak osasun etxean utzi zituzten.

Eta hura "sendatzeko” hartu beharreko neurriak hartzea eskatu dio pentsiodunen mugimenduak Nafarroako Gobernuari. Gaur bankuetara eramanen dituzte beraien aldarrikapenak.

Sakanako Pentsiodunen eta Jubilatuen Mugimenduak osasun etxeraino eraman zituen bere aldarrikapenak joan zen astelehenean. Zuzendaritzari eta Osasun Kontseiluari zuzendutako idatzietan eskatzen zuten, batetik, arlo guztietan arreta egokia eskaintzea. Bestetik, aurrez aurreko kontsultak izatea, bestelako aukerak baztertu gabe. Horrekin batera, Osasun Kontseilua berrabiaraztea aldarrikatu zuten mugimenduko kideek. Gainera, langile ratioak egoki betetzea aldarrikatu zuten. Horretaz aparte, mediku bakoitzak duen kupoa murriztea eskatu zuten, "arreta hobetzeko eta kontsultan denbora gehiago pasa ahal izateko". 

704 altsasuarren, olaztiarren eta ziordiarren sinadurak babestuta, eskaera horiek berak aurkeztu zituen Nafarroako Osasun Plataformak Osasunbidearen erregistroan apirilaren 27an. Osasun etxearen parean, astelehenean, mugimenduak gogorarazi zuen pandemiarengatik hainbat gaitzen tratamendua eta ebakuntzak bertan behera gelditu direla.  

Gehiago
Mugimenduaren hurrengo bi hitzorduak banketxeen parean bukatuko dira, haietan bere aldarrikapenak jasotzen dituen idatzia aurkezteko. Idatzietan jasoko dituzte, besteak beste, "plantillak murrizten ari dira, aurrez aurreko arreta egokirik ez dago". Ordutegiak mugatuak direla eta kutxazainean hainbat operazio egin behar izanak adinekoek zerbitzurik gabe uzten dituela, "ez baitaude prest edo oso gaizki moldatzen baitira". Gaur, 12:00etan, Zumalakarregi plazatik San Joan kaleko bankuetara joanen dira, haietan beraien aldarrikapenen berri emateko. Eta hilaren 25ean Bakea eta Erkuden kaleetan daudenen bulegoen txanda izanen da, orduan udaletxe paretik abiatuta.

Erlazionatuak