Pandemiagatik Altsasuko Udalak aurten ez du ferietarako egitaraurik prestatu. Hala ere, elikagaien eta artisautzaren azoka antolatu du larunbat goiz eguerdirako. Udalak azaldu duenez, “azoka horren helburua da kalitate goreneko prestatutako hurbileko produktuak kontsumitzaileari hurbiltzea”. Guztira 16 ekoizle eta 13 artisau izanen dira larunbatean Altsasun. “Azokan elikagai bikainak aurkituko dituzu, esate baterako: gazta, eztia, ahatekiak, txerrikiak, euskal pastela, ogia eta beste, horietako batzuk ekologikoak. Artisautzari dagokionez, azokatik pasatzen denak zilarrezko bitxigintza, zurezko jostailuak, poltsak, arropa apetatsuak, xaboidun artilezko hodeiak eta abar opatuko ditu. “Udal honek berriro ere gure nekazaritzaren eta eskulangintzaren aldeko apustua egiten du, altsasuarrek eta bisitatzen gaituzten pertsonek lehen mailako produktuak eskuragai izan ditzaten, horrela, gure nekazari eta eskulangileei ere laguntzeko”, azpimarratu du Altsasuko Udalak.
Azokaz aparte, asteburuan ekitaldi gehiago izanen dira. Puro Relajo taldeak gaur kontzertua eskainiko du Iortia kultur gunean. Bi emanaldi izanen dira. Ohi bezala, Artekalek arte azoka prestatu du. Asteazkenean zabaldu zituen ateak Iortia kultur gunean, eta azaroaren 4ra arte ikusgai izanen da. Gainera, domekan, 10:30etik 14:00etara arte, azoka kalean izanen da. Larunbat goizean, bestalde, Onddo lasterketa jokatuko da. Hainbat altsasuarrek prestatutako egitaraua ere badago. Domekan ere kalera bueltatuko dena Altsasuko Erraldoien konpartsa izanen da. 11:30ean Intxostiapuntako gimnasiotik abiatuko dira. Herriko kaleetatik barna ibili ondoren, 14:00etan, Foru plazara iritsiko dira erraldoiak. Altsasuko Mendigoizaleak elkarteak 35. argazki rallya antolatu du domeka goizerako. Udalaren asteburuko eskaintza borobiltzeko Iortia kultur guneak Paul Verhoevenen Benedetta filmaren emanaldia hartuko du, domekan, 19:30ean.
Izena | Espezialitatea |
Alazne Juaniz | Poltsak, arropa |
Javier Ruiz de Eguino Arrizabalaga | Bitxiak |
Pedro Mª Olea | Zurezko jostailuak |
Otero pilotagilea | Larruzko pilotak |
Jeingenekoa | Esnekiak |
Txus Gruzeta Otaduy | Zilarrezko bitxiak |
Eko Larrezabal | Ardi gazta |
Eugenio Elorza Izeta | Eztia |
Arrate Lizarraldea Zubizarreta | Zume saskiak |
Agerria | Ahatekiak |
Vialdea Gurea SM | Eztia |
Marta San Miguel | Panpinak |
Ana Añibarro | Euskal pastela eta ogia |
Postiñekenko gazta | Ardigazta |
Mañeko SM | Euskal pastela |
Sojo Natura | Natur ukenduak |
Jamacuco | Saltsa |
Amurrioko goxoak | Euskal pastela |
Luhei Art | Aarropa. |
Arantza Meabe | Euskal pastela |
Conservas del Rio | Kontserbak eta piperrak |
Agueda Goikoetxea | Bitxiak |
Eduardo Miralles Boldú | Artilezko galtzak |
Amaia Laskurain | Ardigazta ekologikoa |
Adrian Berruezo | Ezti gordina ekologikoa |
Agirrezabal anaiak | Txerrikiak |
Goierriko talogileak | Taloak |
Timba pirata | Zurezko jostailuak |
Artillezko hodeiak | Artilez egindakoak |