Festetako herri bazkaria antolatzeaz arduratzen da Altsasu Auzolanean eraikiz taldea. “Munduan pandemia egoeran dagoenetik, herria egiteari utzi diogu, herria ahaztuta daukagu (utzi dugu) eta inoiz baino gehiago herriak behar gaitu. Herria egin behar dugu”, hausnartu dute. Eta, atzera ere, auzolanari heldu nahi diote. Izan ere, “azken aldian gure basoa txikitzen ari garela uste dugu, eta hau garbitzea izan zitekeela lehenengo auzolana pentsatu genuen”.
Dantzaleku eta Baso Itxi garbitzea, eta ondoren bazkaria egitea proposatu dute. Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute. Taldearen esku dago azpiegitura erostea. Hori bai garbiketan parte hartu behar dutenek, nork bere eskularruak eraman beharko ditu. Taldetik zehaztu dutenez, “auzolana, ez da bakarrik herriarendako lan egitea, auzolana, herritarrak elkartzea eta denbora elkarrekin igarotzea ere bada”. Hilaren akaberakoa “beste hainbat antolatzeko abiapuntua izatea espero dugu”.
Altsasu Auzolanean eraikiz taldetik esan dutenez, “pandemiaren testuinguru arrotz honetan, herri bazkaria edota tankerako ekintzak antolatu ezin izanaren aurrean, auzolanaren filosofia ezin dugula alde batera utzi uste dugu. Hainbat behar ditugu herrian, herritarron artean asetzeko gai garenak”. Taldeko kideek “auzolanaren indarraren garrantzia” nabarmendu dute. Taldekideen iritziz, “badirudi egun dugun udalak ez duela honetan sinisten. Azken legealdietan udalaren aldetik, auzolanaren ideia alde batera geratu delako”. Eta adibide gisa jarri dute hilaren hasieran herri sarrerako zubiko hesia enpresa pribatu batek margotu izana, “duela urte batzuk herritar batzuek margotu genuena”.
Taldean “argi” dute “herritarrok ezin ditugula herriko kontu guztiak konpondu, landu edota eraiki. Baina, oraindik argiago dugu, egingarriak diren lanak altsasuarron artean batuta egin ditzakegula, diru publikoaren kudeaketa hobea izan daitekeela altsasuar guztiendako, ‘herria’ egiten dugula erakutsiz”.
Taldeaz, eta aurrekariak
Altsasu Auzolanean eraikiz taldeak 2016tik antolatu dituen herri bazkariekin lortutako diruarekin herriarendako baliabideak eskuratu ditu: herri bazkarietarako 350 pertsonarendako mahaiak, bankuak, sukalderako tresneria eta abar, eskuragarri daudenak. Altsasun hainbatetan erabili da auzolana: herri mugimenduko milaka dinamikak, festetan eta bestelako ospakizunetan erabiltzen diren komun publikoak, Dameroen bideko zubiak egin, herri sarrerako zubia margotu…