Festetako herri bazkaria auzolanean antolatzeaz arduratzen da Altsasu Auzolanean eraikiz. Egun horretatik kanpo Altsasun auzolana egin daitekeela uste dute taldekideek. Horregatik, larunbatean, Foru plazatik Baso Itxira eta Dantzalekura joan ziren, “pandemiaren bi urte hauetan guztion artean utzitako zaborra garbitzera” gonbidatu zituzten altsasuarrak. Deialdiari 70 pertsonek erantzun zioten.
Gure Etxea eraikinean 10:00etan elkartu eta handik San Pedro zelaira arteko bideetan barna banatu ziren. Bide bazterrean opatutako zakarrak poltsetan sartu zituzten. Aspaldi utzitako zaborrekin batera, botilak, plastikoak baita haima baten egitura ere jaso zituzten basotik. Eta bakarren batzuk galdutako diruarekin ere, 25 euro gehiagorekin bueltatu baitziren etxera. Guztien artean jasotakoarekin kamioia bete zuten. Lana despedituta, ondorengo bazkarian 25 lagun izan ziren.