2016ko lastailaren 15eko goizaldean izandako istiluen ondorioz Guardia Civileko teniente batek orkatila hautsi zuen. Gertaera haiengatik Terrorismoaren Biktimei Aitortza Zibila egiteko Errege Ordenaren kondekorazioa jaso nahi zuen tenienteak. Ohorezko sari hori jasotzeko “ekintza terrorista bat” jasan zuela argudiatu zuen.
Tenienteak kalte ordainak jasotzeko espedientea abiarazi zuen 2017an. Espainiako Barne Ministerioak tenienteari eta bere bikotekideari, altsasuarra bera, terrorismoko biktima aitortza ukatu zien 2019an. Eta, beraz, kalte ordainik ez zuten jaso. Ordurako Espainiako Auzitegi Gorenak Altsasuko auziko epaia emana zuen, eta terrorismo deliturik ez zela izan nabarmendu zuen. Horren ondoren tenienteak Espainiako Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Salan helegitea aurkeztu zuen.
Tenientearen eskaera ez zen soilik ohorezko sari eskuratzeko. Horrekin batera, delituak Altsasun segurtasun indarren kontra zegoen giroan gertatu zirela aitortza nahi zuen, ETAk eta haren beso politikoak bultzatutakoa. Aitorpen hori berarendako eta erasotako beste hiru pertsonendako lortu nahi zuen.
Epaileek atzera bota dute eskaera. Epaiak jaso dutenez, “zigor arloko jurisdikzioak gertakariak epaitu baditu eta terrorismo-egintzak direla berariaz baztertu badu, ezin da iritzi hori alde batera utzi, eta Administrazioak, lehenik, eta Auzitegi honek, ondoren, egitate berberak terrorismo ekintza gisa karakterizatzea lortu nahi da, nahiz eta kontua ez izan orain errepresio arauak aplikatzea, baizik eta erreparaziozkoak”. Bestalde, Estatuko abokatuak guardia civilaren eskaera ezestea babestu zuen. Horretarako, argudiatu zuen gertakariak “agintaritzaren agenteen aurkako atentatu delitu, lesio delitu, desordena publiko eta mehatxutzat jo ziren, ez terrorismo delitutzat", eta, beraz, ez zen aplikagarria izanen terrorismoaren biktimei errekonozimendua emateko 29/2011 Legea.