La Casa de Bernarda Alba Federico García Lorcaren klasiko bat da. Idazlearen antzezlanik errepresentatuena dela esan daiteke. Fermín Cariñena Asianek klasikoaren adaptazioa egin du, eta La casa cuartel de Bernarda Alba antzezlana sortu du hamar nafar aktore protagonista direla. Tartean Eva Azpilikueta Martínez aktore altsasuarra dago. Martirioaren papera egokitu zaio. “Opari eta erronka bat”. Lana larunbatean eta igandean mustu zuten, Atarrabiako kultur etxean. Igandean mustu behar zuten, baina sarrerak denbora gutxian agortu ziren, eta bigarren emanaldia jarri zuten larunbatean.
Nola iritsi zinen proiektu honetara?
Fermin Cariñena zuzendariak deitu zidan. Aurretik ezagutzen zuen. Eskuartean proiektu bat zuela esan zidan, eta ez zekien aterako zen edo ez. Erokeri bat zen: hamar aktore eszenatokian. Aktore zerrenda esan zidan, eta baietz esan nion. Ezetz esan ezin zen proiektu bat zen, eta nire ohiko lan taldetik ateratzea suposatzen zuen. Aktore zerrenda izugarria da; Nafarroako aktore ikaragarriak daude: Marta Juaniz, María Álvarez, Leire Arraiza, Montse Zabalza, Iratxe García Uriz, Laura Villanueva, Leire Lareki, Asun Abad y Jaione Urtasun. Beteranoak eta gazteak. Gainera, Martirioaren papera eman didate. Pertsonaia izugarria da, eta niretako erronka handi bat normalean pertsonaia argitsuak eta maitakorrak interpretatzea egokitu zaidalako. Baina pertsonaia honek duen iluntasuna, gaiztokeria, inbidia…
Nola izan da prestatzea?
Horretan gaude. Oso prozesu ona izaten ari da. Opari handi bat. Aktore handi hauek lan egiten ikustea izugarria da. Ikasten joaten zara. Pertsonaia bat hartzen duzuenean analizatu behar duzu, probatu behar duzu, eszenatokiaren gainean jarri eta beste pertsonaiekin aritu. Gauza bat da zuk hartzen duzun modua eta beste bat beste pertsonaiekin nola aritzen den. Izugarria izaten ari da. Zorionak Ferminendako eta Jabier Txokarro ekoizlearendako horrelako proiektu bat egiten ausartzeagatik. Aspaldi ez zela lan hain handia egiten Nafarroan.
Klasiko bat da. Zertan desberdintzen da?
"Eskemak apurtu ditu, beste kontestu batean dago oinarrituta"
Izenburua La casa cuartel de Bernarda Alba da. Beraz, kuartel bat da. Aiora Ganuzak egindako jantziteritik hasi, eszenografia… jendeari deigarri irudituko zaio. Ezin dut askoz gehiago kontatu. Normalean Bernarda Alba Andaluziako etxe batean islatzen da, dena beltza. Hemen beste toki batetik proposatzen da. Eskemak apurtzen ditu. Deskontestualizatu da, beste kontestu batean dago, oso militarra. Energia oso militarra da ere. Bernarda inoiz baino dominantagoa da. Jeneral bat da. Oso indartsua da. Testua asko errespetatu da, Lorca asko errespetatu eta mimatu behar delako.
Mustutzearen ondoren, zer?
Asko mugitzea espero dugu. Egia esan, espektatiba sortu dugu, klasiko honekin zer egin dugun ikusteko gogoekin. Hamar aktore gara eta egutegiak ixteko zaila izango da, baina ea zer datorren. Dena ongi joatea eta toki askoatako ateak irekitzea espero dugu. Altsasura ekartzea izugarri gustatuko litzaidake.
Zenbat denbora daramazue proiektuarekin?
Testuaren gainean lanean bi hilabete, baina maiatzetik aktoreak elkartzen joan gara, bilerak egiten, binaka lantzen… Cariñena Lorcaren zale amorratua da, eta testua memoriaz daki. Gauzak oso argi zituen.
Estreinaldiaren ondoren, lana aldatzen da?
Publikoan eraskusteak erantzunak ematen dizkizu eta bidea markatzen dizu. Zerk funtzionatzen duen eta zerk ez ikusten da. Estreinaldia erditze bat bezala dela esaten dute, baina gero hazi behar da. Handia egin behar da. Antzezlan honekin dena egina dugu, oso koreografiatuta dago eta zer egin behar dugun badakigu, baina oraindik hazi daiteke. Estreinaldira beti justu iristen gara. Beti behar duzu denbora gehiago.
Lan gehiagorekin zabiltza. Zineman aritu zara ere.
Irati pelikulan papertxo bat lortu nuen. Profila eman nuen, eta ni oso pozik. Oso zati txikia tokatu zait. Baina Loarre gaztelura joan nintzen eta horrelako pelikula batean sartzea izugarria izan da. Pelikula handia da, inbertsioa dago, eta hotel batean egon nintzen, nire bila etorri ziren, protagonistekin egon nintzen… Oso dibertigarria eta interesgarria iruditu zait.
Gustatu zaizu?
Bada, bai. Kamerekin oso lotsatia naiz. Baina pixkanaka geroz eta erosoagoa sentitzen naiz kameraren aurrean, eta oraingoan asko disfrutatu dut. Antzerkiarekin alderatuta desberdina da. Baina proposamen gehiagorako irekita nago.
Feten jaialdian egon zineten ere. Zer aurkeztu zenuten?
Edizio arraroa izan zen bakarrik kultur programatzaileendako izan zelako. Publikorik gabe. Yarleku konpainiarekin eta Laura Villanueva aktorearekin batera Retales antzezlana aurkeztu genuen. Zuzendaria María Frías zen. Txotxongiloetan aditua da. Lana mustu genuen, ongi egon zen, baina ez zen nabarmendu. Ferian agertzen zara eta programatzaileek ikusten zaituzte gero programatzeko. Baina momentuz stand by dago. Denboran luzatu da eta gu hainbat proiektutan gaude. Pixka bat gehiago heldutu behar du oraindik. Hartuko diogu berriz, lan handia egin dugulako. Fetenen aurkeztea erokeri bat da, gainera publikorik gabe. Proiektua garatzeko haurrak ikusten egotea interesatzen zaigu.
Momentuz, 'Etxerik txikiena'-rekin jarraitzen duzue.
Zoriontsu gaude. Prozesu zoragarria izan zen, eta Nafarroako eta Euskal Herriko mugak gainditu ditugu. Andaluziako Escenia jaialdian egon gara, eta datorren astean Audaces festibalean egongo gara. Gero Malagara joango gara. Ibizan ere egon gara, Catalunyan, oso zaila dela sartzea. Oso pozik gaude. Aurrera jarraitu nahi dugu. Ikuskizun bat gogoekin eta maitasunarekin egiten duzunean, urte askotarako da. Gainera, oso ongi funtzionatzen du haurrekin. Mezua zabaltzea lortu dugu. Haurrak galderekin joaten dira etxera.
Nola bizi izan duzue pandemia?
Normalean aktoreak egoera zail batean bizi bagara, pentsa egoera honetan. Badira lankide asko oso gaizki pasatzen ari direla. Guk aurretik mustu genuen eta bidean zegoen lan bat zen. Granadara joaten harrapatu zigun, eta aurten iaz egin behar genuen jaialdi horretan egongo gara. Zenbait gauza egin gabe gelditu zaizkigu, eta emanaldiak galdu ditugu, baina gehienak berreskuratzen ari gara. Orain programazioak pixka bat gainezka daude.