Ostalarien Tonbolak sariak banatzen segitzen du

Guaixe 2021ko urr. 28a, 12:38

Ostalarien Tonbolako txartelak.

Azaroaren 30era arte Altsasuko Dendarien Elkarteko kide diren establezimenduetan 20 eurotik gorako erosketak egiten dituztenek tonbolarako txartel bat jasoko dute. Sariak herriko ostalaritzan gastatzeko 10 euroko txartelak dira.

Altsasuko Dendarien Elkarteko (ADE) kide diren establezimenduetan eta hamahiru ostalaritza establezimenduetan Ostalarien Tonbola kartela jarrita dago. Kanpaina horren bidez ADEko dendaren batean 20 eurotik gorako erosketa egiten duen bezeroak tonbolako txartel bat jasoko du. Zorionekoa izan eta saritutako txartela ateraz gero, Altsasuko ostalaritzako establezimenduren batean kontsumitzeko hamar euroko balioa duen txartela eskuratu dezake. 

Sariak honako establezimenduetakoren batean kontsumitzeko aukera ematen du: Espejo taberna, Akeita kafetegia, Gautxori taberna, Haritza taberna, Zelai kafetegia, Kukua taberna, Fortxo, Kaixo taberna jatetxea, San Joan kaleko Amaya kafetegia, Lezea taberna, Arkangoa taberna, Iru-bide taberna jatetxea eta Gure taberna. 

Kanpaina Altsasuko Udalak sustatu du ADEren laguntzaz. Lastailaren 1etik azaroaren 30era, guztira  
5.000 tonbola txartel banatuko dituzte eta haietako 1.400ek saria dute. Udalak jakinarazi duenez, “txartelak banaka edo metatuta trukatu daitezke. Osorik gastatu behar dira, ez baita dirurik bueltatuko”. Altsasuko Udalak kanpaina garatzeko 17.000 euro bideratu ditu.