Herri barruan dauden eta eraiki gabeko lurrak eta orubeak daude Altsasun. Batzuk erabilera publikokoak dira, besteak pribatukoak. Erabilera pribatiboko espazio pribatuek hirigintzako legerian ezarritako segurtasun, osasungarritasun, apaindura publiko eta bizigarritasun baldintza egokietan mantentzeko helburuz, Altsasuko Udala ordenantza prestatzen ari da. Araudi berri horretan ere erabilera publikoko espazio pribatuen mantentzeko betebeharrak zehaztuko dira, gaur egun, titularren eta udalaren aldetik dagoen zehaztasun gabeziarekin bukatu eta, horrela, gatazkak edo eztabaidak saihesteko.
Ordenantzaren helburua da haien mantentze egokia bermatzea gutxieneko baldintza batzuk ezarriz, jabeei zein udalari dagozkien betebeharrak zehaztuz. Gainera, legezko mekanismo bat ezarriko du, udalak aukera izan dezan jabeek betebehar hori betetzen ez dutenean jarduteko. Ordenantza aldez aurretiko kontsulta epean dago eta ekarpenak egin daitezke abenduaren 16ko 14:00ak arte, Altsasuko Udalaren epostara.
Erabilera pribatiboko espazio pribatuez
Ordenantza zirriborroak jaso duenez, hiri lurzoruan dauden titulartasun pribatuko lur eta orubeen jabeek haiek garbi izan behar dituzte beti, batere hondakinik edo berezko landarerik gabe, inolako hondakin organiko edo mineralik gabe, ez ditzaten elikatu edo babestu eritasunak dituzten edo kutsa ditzaketen landareak edo animaliak, eta ez dadin usain txarrik sortu. Era berean, orube eta lur horietan ezin izanen da materialik utzi modu iraunkorrean. Jabeek sasiak ere kendu beharko dituzte, baita suteak eragin ditzaketen materialak kendu ere. Debekatuta egonen da lur eta orube horietan zaborra, obra hondakinak, altzariak, hondakin materialak eta, oro har, edozein motatako hondakinak botatzea. Ordenantzak aurreikusten du espazio horiek bi metroko altuera duen metalezko hesi opaku batekin itxita egon beharko dutela.
Erabilera publikoko espazio pribatuez
Haien jabeek hiru bete behar dituzte. Batetik, eraikinaren egiturazko elementuak kontserbatzea (estalpeen fatxaden aurrealdea eta sabaiak). Bestetik, saneamenduko eta euri urak eta hondakin urak husteko azpiegitura sareen mantentze lanak egitea sare orokorrarekin lotu arte, bai eta kaltetutako elementuak (kutxatilak edo hustubideak) birjartzea ere. Eta, azkenik, zoladura erabat berritzeko inbertsioak egitea.
Espazio horietan Altsasuko Udalaren egitekoak sei lirateke. Lehenik, zoladura eta hiri altzariak garbitzea, paramentuak eta estalpeetako sabaiak izan ezik. Bigarrenik, argiteria publikoa ematea eta mantentzea. Era berean, hiri altzariak berritu beharko ditu. Kanpo geratuko dira jabeek instalatutako argi puntu gehigarriak edo beharrezkoak ez direnak. Lorategirik badago, mantentze lanak eginen ditu udalak, herriko gainerakoan aplikatzen diren arau eta estandarren arabera. Horrekin batera, udalak kaltetutako zoladurako elementuak birjartzea, baldin eta oinezkoen joan etorria eragozten badute. Halaber, udalak birjarri beharko ditu segurtasuneko elementu osagarriak. Azkenik, lur zatiari dagozkion azpiegitura orokorreko sareetako elementuak mantenuaz arduratuko da.
Erabilera publikoko espazio pribatuen zerrenda
- Plazak
- Larrainbide 1, 3, 5, 7.
- Iruñeko etorbidea 3, 5, 7, 9.
- Estalpeak edo portxeak
- Intxaurrondo kalea, 2, 4, 6, 8, 10, 12, 14.
- Baratzako Bide plaza, 2-4 - Pilotalekuko zeharbidea, 3.
- Zumalakarregi plaza, 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7.
- Nafarroa kalea 4, 6, 8, 10.
- Nafarroa kalea 20, 22, 24, 26, 28, 30, 32.
- Idertzagain kaleko ataripea, Erkuden kaleko 9 eta Idertzagain kaleko 9 eta 11n dauden
higiezinei dagokiena. - Idertzagain kaleko ataripea, Jose Maria Ezkurra kaleko 12. zenbakian eta Urbasa kaleko
19. dauden higiezinei dagokiena. - San Juan kalea, 25-27.
- San Juan kalea 31.
- San Juan kalea 33.
- Altzania kaleko 1-A zenbakian dagoen higiezinaren portxea.
- Isidoro Melero kalea 9, 11.
- San Pedroko bidea, 3