Txirinbulo haur eskolako langileek bi egunetan bi orduko lanuzteak eginen dituztela jakinarazi ondoren, Altsasuko Udalak jakinarazi du haur eskolen lan baldintzen ardura Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuarena dela. “Heziketa zikloa denez, hark hobetu behar ditu udal haur eskoletako langileen baldintzak. Horiek Nafarroako administrazio publikoetako gainerako langileen baldintzekin parekatu behar ditu”.
Langileek egin duten soldata parekatzea bidezko jo du. Baina, horretarako, departamentuak baldintzak parekatu eta “haur eskolak zuzenean kudeatzen dituzten udalen finantziazioa hobetu” behar dituela nabarmendu dute udaletik. Hori iritsi bitartean Altsasuko Udalak, zenbait alderditan, langileen soldata baldintzak hobetu dituela jakinarazi du: urteko igoerak, familiar laguntza eta abar. Nafarroako Gobernuak heldu den ikasturterako aldaketak iragarri ditu. Hori kontuan hartuta, “udalaren hitzarmen kolektibo berriaren negoziazioaren esparruan, alderdi horretan aldaketak egin ahal izango dira”, jakinarazi dute udaletik.
Udalak azaldu duenez, “hau eskolaren proiektua ikastetxean planteatutako beharrizanak kontuan hartuta idatzi eta onartu zen, eta, jakina, departamentuaren nahitaezko baimena izanda”. Irekitzean “materialak eta ekipamendua erabilerarekin bat zetozelako eta araudiak horretarako eskatzen dituen ezaugarri teknikoak betetzen zituztelako, eta enpresa eraikitzailea hartzekodunen konkurtsoan sartu zenez, Udaleko Obra Zerbitzua erabat prest egon da konponketa lanak egiteko, zuzendaritzak eskatuta, eta kontuan hartu du haren lan karga”. Patioari buruz, udalak berretsi du, “obraren proiektua haur eskolako taldeari entzunda idatzi eta onartu zen, eta, ondoren, hobekuntzak egin dira, esaterako, hareatza eta belar artifizialeko eremua, betiere ikastetxearekin ados jarrita. Kanpoko patioek departamentuaren araudia betetzen dituzte”.
Udalak azaldu du administrazioaren funtzionamenduak berak mugak jartzen dituela gastua egiterakoan eta zerbitzu guztiei aplikagarria dela. Bestetik, haur eskolan hobekuntzak egiteko dirulaguntza deialdiak baliatu dituela nabarmendu du udalak. Azkenik, udalak adierazi duenez, “aurreko urteetan bezala, haur eskolan heldu den urtean egin beharreko inbertsioak lantzen ari gara, eta horretarako, haren zuzendaritza eta Udaleko Hirigintza Saila koordinatuta daude. Horretarako, 2022ko aurrekontua egiteko bilera zela eta, gonbita egin zitzaien, gainerako udal-zerbitzuei bezala, hurrengo ekitaldian egin beharrekotzat jotzen ziren inbertsioak aurkezteko, baina haur eskolak ez du proposamenik aurkeztu fase horretan”.
Finantziazioa
Haur eskola departamentuaren eta udalaren arteko hitzarmen baten bidez arautzen da. Baina han ez daude kontzeptu batzuk jasoak eta, horregatik, Altsasuko Udalak hitzarmenean jasotakoa baino %24 gehiago bideratzen du haur eskolara, 248.760 euro.