LAB sindikatuak azaldu duenez, Altsasuko Txirinbulo haur eskolako langile guztiek lanuzte bana egingo dute abenduaren 10ean eta 21ean, 12:00etatik 14:00etara, “Altsasuko Udalaren utzikeriak eragindako prekarietatearen kontra”, eta “euren lana behar bezala egiteko beharrezkoak diren baliabideen falta” salatzeko. Gainera, abenduaren 10ean, 12:30ean, kontzentrazioa egingo dute udaletxearen aurrean.
Sindikatuak gaineratu duenez, haur eskolako “langileek urteak daramatzate udaleko gainerako langileei aplikatzen zaien hitzarmen bera aplikatzeko eskatzen, erakunde berekoak baitira. Baina aplikatzen zaien hitzarmena Estatukoa da, eta “hitzarmen horrek soldata lotsagarriak eta baldintza latzak” dituela salatu dute.
2017an egin zen Txirinbulo haur eskola, baina langileek salatzen dutenez, “udala, eraikuntzaz aparte, ez da beste ezertaz arduratu”. Eraikinak lehen momentutik hezetasunak, itxesurak eta matxurak dituela: “eraikuntza material merkeenak erabili dituzte, eta horrek ondorio arriskutsuak ekar ditzake haurrengan, ateetako kristalak askatzen baitira, egoera txarrean dauden leihoak baitaude, patioko hormigoizko zorua ez baita egokia, eta abar”. Horregatik, langileek udalari mantenu egokia egitea eskatu diote, “baina ez dugu inolako erantzunik jaso”.
Haur eskolako langileak materialak erosteko duten partida ekonomikoa ere “oso eskasa” dela salatu dute. Eta gabeziak zerrendatu dituzte: ikasgeletan material gutxi dago; patioa ez da oso erabilgarria eta materialik gabekoa da; horretaz gain, hormigoizko zoru desegokiak eta arriskutsuak ditu 0-3 urte bitarteko haurrentzat, harea-tokia ere ez da erabilgarria, material naturalik gabekoa, jakinda horrek haurtzaroan duen garrantzia. “Zailtasun horiei aurre egiteko, materialerako diru-partida handiagoa beharko genuke, eta dirua kudeatzeko hainbesteko mugarik ez jartzea. Nafarroako Gobernuak diru-laguntzak eman dituela haur eskoletako patioak hornitzeko, baina egin den kudeaketa txarragatik edo utzikeriagatik patioa aldatzeko aukera galdu dugu”. Azkenik prestakuntzari erreparatu diote eta azaldu dute ikastaroetan ikasitakoa ezin dutela praktikara eraman “baliabiderik ez dagoelako”.